Ion SALGADO
GASTEIZ

Bost preso irteerarik eta baimenik gabe etxetik hurbil ez egoteagatik

Jagoba Codo, Logroñoko espetxean dago eta Gipuzkoan egongo balitz baimena izango luke; Xabier Agirre eta Oier Urrutia arabarrak Logroñoko kartzelan daude; eta Idoia Martinez eta Fernando Alonsok, Asturiasen kartzelatuek, Araba eta Gipuzkoako espetxeetan egongo balira irteerak izango lituzkete.

Bost euskal presok ezin dituzte asteburuko irteerak eta baimenak eduki Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako: Jagoba Codo Logroñon dago eta Gipuzkoan egongo balitz baimena izango luke; Xabier Agirre eta Oier Urrutia arabarrak ere Logroñoko kartzelan daude; eta Idoia Martinez eta Fernando Alonso, Asturiasen daude kartzelatuak, baina Araba eta Gipuzkoako espetxeetan egongo balira irteerak izango lituzkete.

Agirre, Alonso eta Codoren kasuan, hirugarren graduan daudelarik, egunero edo asteburuetan aterako lirateke beren probintzian egonez gero. Horregatik, bakoitza bere etxera eramateko eskatu zuen atzo Etxeratek –kontrol telematikoa ezarrita–, edo bestela, beraien herrialdeetako zentroetara.

Elkarteak ohar batean salatu zuenez, «egoera horiek lotura zuzena dute, osasun krisia dela eta, Espainiako presoen eskubideen murrizketekin. Horrekin batera, martxotik tratamendu-batzordeak egin ez direnez ezinezkoa izan da baimen berriak proposatzea eta onartzea, bai preso hauentzat eta bai bigarren graduan sailkatutako beste euskal presoentzat».

«Hori dela eta, espetxeetan deseskalada egiteko dokumentuaren 7. puntua aipatu nahi dugu. Dokumentu hau Estatuko hainbat gizarte-erakundek joan den astean adostu eta aurkeztu genuen Barne Ministerioan, eta espetxe-onurak eta konpentsazio-neurriak lortzeko baldintzak malgutzea proposatzen du, presoek ezin izan dutelako tratamendu-jardueretan eta programetan parte hartu eta, zehazki, hirugarren graduen eta baldintzapeko askatasunen aurrerapenean», gaineratu zuen.

Konparaziozko bidegabekeria

Etxeratek komunikabideei bidalitako agirian azpimarratzen den bezala, «probintzian bertan kartzelatutako beste presoek ez bezala, gure senide guztiak konparaziozko bidegabekeria bat jasaten ari gara, euskal preso politiko bat ere ez dagoelako dagokion probintzian, eta, beraz, ezin dugu haiekin komunikatu, nahiz eta Espainian kartzeletara bisitak egiten diren».

«Hemendik gutxira hiru hilabete beteko dituzte euskal presoek bisitarik gabe. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren planarekin bat etorriz, preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzen hasi beharko dira eta gaixoak eta 65 urtetik gorakoak aske utzi. Ez dago lekurik egoera krudel eta erabat diskriminatzaile hau mantentzeko», ohartarazi zuen euskal presoen senide eta lagunen elkarteak.

Oier Goitia Abadia espetxetik atera da, 15 urtez preso egon ondoren

Oier Goitia Abadia Galdakaoko presoa Topaseko espetxetik atera zen atzo, 15 urtez preso egon ondoren.

NAIZen ikusgai dagoen bideo batean, Goitiak herritarren babesa eskertu du eta iragarri du oraindik ezin izango dituela bere lagunak eta auzokideak besarkatu. Koronabirusak sortutako pandemiaren ondorioz egun batzuk pasako ditu konfinatuta bere gurasoekin. «Ondoren herritik izango nauzue berriz ‘aske’», nabarmendu du.

Goitia Romans-sur-Iseren atxilotua izan zen 2005eko maiatzean Ramon Sagarzazu eta Bernard San Sebastianekin batera. Bost urte eman ditu frantses Estatuko kartzeletan eta hamar espainiarretan.