Dabid LAZKANOITURBURU
TRIANONGO ITUNAREN MENDEURRENA

«Hungaria Handiaren» nostalgia, egungo Orbanen Hungariaren elikagaia

Austriarekin osatzen zuen inperioak Lehen Mundu Gerra galdu ostean potentzia garaileek Hungaria zatitu eta bere lurraldearen %70 eta biztanleen %60, horien artean 3,3 milioi magyar, inguruko herrialdeen artean banatu zuten. Viktor Orbanen gobernuak «Hungaria Handiaren» nostalgia, betiere selektiboa, erabiltzen du boterean jarraitzeko.

Hungariak Trianongo Itunaren mendeurrena gogoratu zuen atzo. 1920ko ekainaren 4an Lehen Mundu Gerraren garaileek Austria-Hungariako Inperioaren zatikatzea sinatu zuten Versalleseko gazteluko Trianon Handian. Hungariak bere lurraldearen bi herenak eta 3 milioi biztanle magyar galdu zituen.

Viktor Orbanen gobernuak ekitaldi «erraldoi eta tragikoa» nahi zuen baina koronabirusak atzeratu egin du duela ehun urte galdu zituen lurraldeak gogoratzen dituen Aberriaren Batasunaren omenezko monumentuaren inaugurazioa.

Lehen Mundu Gerran Hungaria erresuma multietnikoa zen, eta egun Errumanian (Transilvanian), Eslovakian, Ukrainan, Serbian, Eslovenian, Kroazian eta Austrian dauden lurraldeak bereak zituen. Erresumak 21 milioi biztanle zituen eta horien erdiek baino ez zuten hungarieraz hitz egiten.

Austria-Hungariako Inperioaren parte izanik, Hungariak Gerra Handia (1914-1918) galdu zuen Alemaniarekin eta Otomandar Inperioarekin batera.

Garaileek, Frantziak, Britainia Handiak, Errusiak eta Ameriketako Estatu Batuek, inperio galtzaileak zatikatu zituzten. Hungariak bere lurraldearen %70 eta biztanleriaren %60 galdu zuen. 13 milioi horietatik 3,3 milioi ziren magyarrak. 1920an, Errumania, Eslovakia, Ukraina eta Serbiako biztanleen herenak hungariar etniakoak ziren.

«Hungaria Handiaren» nostalgikoek ez zuten sekula barkatu. Urte hartan bertan boterea eskuratu zuen Miklos Horthy diktadoreak lurraldeak itzultzea exijitu zuen hasieratik eta Hitlerrekin bat egin zuen, II. Mundu Gerran eta Holokaustoan parte hartuz.

Komunismoaren garaian Trianongo Ituna aipatzea ere debekatuta zegoen, Sobietar Batasuna eta bere agintepeko herrialde «sozialistak» haserrearazi egingo zituelako.

Ekialdeko Blokea suntsitu zenean auzia berriro azaleratu zen eta eskuinak beti egotzi izan dio Alderdi Sozialistari, alderdi komunista ohiaren ondorengoari, gaiari muzin egin izana.

Ordutik hona, Budapesten gobernu bat bera ere ez da ausartu era ofizialean ituna bertan behera uzteko eskatzea. Baina Orbanek boterea eskuratu eta bultzatu zuen Konstituzioak (2011) zera dio, besteak beste: «Aberri hungariarraren ereduak bultzatuta, Hungariak bere egiten du atzerrian bizi diren hungariar guztien ardura».

Milioitik gora hungariar etniako bizi dira egun Errumanian. 450.000 Eslovakian, eta dozenaka milaka Ukrainan edo Serbian (Voivodinan).

Bide batez, atzerrian bizi diren bi milioi magyarrera hiztunei nazionalitate hungariarra eta Hungarian bozkatzeko eskubidea eman die. Zeresanik ez, gehienek Orbanen Fidesz alderdiari ematen diote botoa.

Pasaportearekin batera, Budapesteko Gobernuak dirulaguntzak ematen ditu Transilvanian eskolak, komunikabideak eta erakunde komunitario hungariarrak zabaltzeko.

Ehun urte igaro eta gero Trianongo «zauria» guztiz presente dago Hungarian. Eta ez bakarrik ultraeskuinarentzat eta Orbanen gobernuarentzat. Batzorde zientifiko batek agindu duen inkesta baten arabera, hungariarren %85ek uste dute ituna herrialdearen «tragediarik handiena» izan zela.

1918aren aurreko «Hungaria Handiaren» mapak ikusgai daude sarri ibilgailuetako pegatinetan eta dendetan.

Nostalgia oso selektiboa da eta gutxi dira Austria-Hungariako Inperioaren ahuldadeak, errepresio politiko eta soziala, eta bere agintepean zituen beste herrienganako mespretxua gogora ekartzen duten herritarrak.

2010etik urtero ekainaren 4an gogoratzen den urteurrenean hungariarren biktimismoa, «galera eta sufrimendua» dira nagusi.

Gaur bertan, Budapestetik 200 kilometrora, Errumaniarekin eta Serbiarekin muga egiten duen Kubekhaza herrian banderak haga erdian jarri dituzte. Baita Trianongo Museoan ere, hiriburutik 100 kilometrora.

Aberriaren Batasunaren omenezko monumentuaren inaugurazioa abuztuaren 20ra arte atzeratu da, Hungariako Aberri Egunera. Hala ere, gaur 16.30ean herrialde osoan minutu bateko isilune eta geldiunea iragarri dute dolu moduan, baita oposizioak gobernatzen duen Budapest hirian ere.