Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Udaberri musikala

Aurtengo paraje berde eta berdexkek badituzte tonu franko margoen aberastasun eta xehetasunetan. Hori beti eta urtero izan ohi dela gogoratuko zaio buruargiari, eta areago tonu musikaletan adituantxa bada.

Udaberriaren tonu hain aberatsen eskaintza, nire ustetan, urtetik urtera halaxe agertzen eta saltzen ari zaigu natura, kolore aberatsetan gero eta sanoagoa ageri zaigun urtaro hau. Udaberri hasieran, berdexka fin ahul eta erdi beldurtiak miresmena esnarazten digu, baina baita halako beldur punttua ere, lehorte sikutxo batek dena trixtetuko ote duen edo... maiatzak eman du bai, halako susmo puntturik aurten.

Neguan markatuagoa gertatu ohi den Arantzazuko harkaizti eta baso hauen ahuldadea, gero kolpean lehertu eta dena gainditzen duen berde oparo zabal eta denera gainezka hedatu hori, udaberriaren mirari gero eta miresgarriagoa suertatzen ari zaigu azken sasoi sano hauetan. «Zein erraz sortzen zaidan esker oneko otoitza sasoi honetan Arantzazuko giro naturalean!». Horixe zioskun gure ermanotako agurexka batek, aurpegi piztu eta poztua irribarretxoaz eskainiz. Bai, Arantzazuko basilika barne hain aberatsak bezalaxe, kanpoko natura hain argi eta margoz eta detailez jantzi eta aldakorrak ere, bai horixe, eskaintzen dizu tonurik eta irribarre natural bezain askotakorik. Dontsuok begi argitsuz eta usaintxoak dastatuz goza dezakegunok!