Amaia EREÑAGA
«TONBOLA» KALE

HIKA, EUSKAL ANTZERKI TALDEEN ARTEAN DESKONFINATZEN LEHENA

Marisolen kantak zioen legez, bizitza tonbola bat da; gaur kolorea eta argitasuna dena, bihar, pandemia. Skypez eginiko bilera telematikoen gainetik eta maskaren atzetik, Hika taldeak tenperatura hartu dio «Tonbola» antzezlanari, zuzenean, kalean bertan.

Antzokiei ezarritako osasun protokolo zorrotzak ikusita, kaleak zirudien antzerki konpainientzat gune egokiena, galdutzat ematen den urte hasierako denboraldia udako emanaldiekin nola edo hala gainditzeko. Hala ere, ez da zirudien bezain erraza izango, bizi dugun egoera aldakor honek erpin asko dituelako. Aurki hasiko den hirugarren faseari begira dago arte eszenikoen sektorea; Arriaga antzokiak, adibidez, ekainaren 17an zabalduko ditu ateak, egitaraua erabat eraldatu ostean. Koronabirusa iritsi zitzaigunean taularatzeko prest zeukaten Brechten “Ama Kuria”-ren estreinaldiaren ordez –aktore ugariren muntaketa handia zen–, hiruzpalau aktore edo musikariko emanaldiak lotu dituzte uztailaren amaiera arte. Arrazoia? Edukiera murrizketa.

Kale antzerkiari dagokionez eta, oro har, “arte biziak” esaten zaienentzat –musika, antzerkia eta dantza biltzen dituen etiketa–, egoerak bestelakoa izan beharko luke. EAEn, esaterako, segurtasun protokoloa behingoz finka dezatela eskatu diete instituzioei horietan aritzen diren taldeek. Adibidez, Lakuak 400 ikusleko edukiera onartzen du zuzeneko emanaldietan; Eudelek, ordea, 250ekoa. Galdera ugari sortzen dira; maskarak guztientzat? Zenbateko tartea gorde behar da artisten eta ikusleen artean?

Euren azalean probatu dute hori Hika konpainiakoek. Hiru hamarkada luzeko ibilbidea duen talde gipuzkoar beteranoa ikuskizun berriaren sortze prozesu betean zegoela harrapatu zuen berrogeialdiak. Bete-betean. “Tonbola” kale ikuskizunaren estreinaldia maiatzaren erdirako finkatuta zeukaten, Leioan –hurrengo hilabeteetako emanaldien salmenta bermatzen duen azoka da–. Entseguetan hasteko bidean zeuden. Ahuntz eta guzti –dantzari bat, migranteen dramaren metafora–, Europako lotsak agerian uzten dituen “tonbolero” familia baten abentura sustraietara itzulera bat zen, baita beste mota bateko antzerkira ere; antzerki politikora, militantera... baina baita dibertigarria ere, musikarekin, dantzarekin, kaleko bizitasunarekin.

Europaren lotsariak, agerian

«Guri [berrogeialdiarekin] prozesu osoa moztu zitzaigun eta ni, benetan, zazpi hilabeteko umeaz haurdun egongo banintz bezala sentitzen nintzen. Eta esan nuen: ‘Nik ume hau jaiotzea nahi dut’. Sentsazio hori geneukan». Agurtzane Intxaurragaren hitzak dira, Hika taldeko zuzendari eta euskal antzerkiko zuzendari garrantzitsuenetako batenak. “Txarriboda” (2018), “Koadernoa zuri” (2016), “Aitarekin bidaian” (2019) eta beste hainbat lanen sortzailea “Tonbola” lanaz erditzeko bidean zebilen mundua hankaz gora jarri zitzaigunean.

Benjamin Jimenez madrildar dramaturgoaren “Sueñan los peces con huelgas generales” testua inspirazio iturri hartuta, erabateko gaurkotasuna duten gaiak jorratzen ari zen; Zer da Europa? Zer gertatzen ari da Europan? Europaren mugak, Europaren lotsak, migrazioa... Antzezlanari lotuta, etorkin taldeekin bitartekaritza eta sentsibilizazio proiektu bat gauzatzeko asmoa zuten. «Aurretik gai sozialak baino intimoagoak jorratu izan ditut: amatasuna, zahartzaroa eta zaintza, tratu txarrak... eta bat-batean kanpora begiratu nuen, hau teatro politikoa da». Aktore taldea lotuta zuten –Miren Gojenola, Eneko Gil, Iñigo Aranburu, Jon Ander Alonso, Sandra Fernandez Agirre eta Maryse Urruty–, eszenografia egiteko bidean Bartzelonan, jantziak ere bideratuta... inbertsio ekonomikoaren gehiengoa eginda zegoen.

Eta, bat-batean, itxialdia. Konpainiako kideek lanean jarraitzea erabaki zuten –hiru kide dira Hikan–, baina kontratupean zeudenak? «Nire beldurra zera zen: noiz izango dut posible hau egitea? Eta uzten didatenean, aktoreek jarraitu ahal izango dute honekin? Dena aldrebesten da prekaritateagatik». Aktoreak proiektu askotan ibili ohi dira, halabeharrez, eta telebistako proiektu edo film baten aurrean, «antzerkia geratzen da azken lekuan».

Aldi baterako espedientea eta Lizartza

Hika izan zen, sektorean, aldi baterako erregulazioa eskatzen lehenetakoa. «Aktoreak ezer gabe gelditzen direlako, baldintzetako bat alarma egunean altan egotea delako. Hau beste sektore bat da, erregimen berezi bat daukagu eta hori da jendeak ulertzen ez duena. Politikarien artean ere ezjakintasun handia dago, gure lan sistema berezia baita, “Artisten Erregimen Berezia” du izena, ez gaudelako egunero altan, gure lana intermitentea delako. Frantzian ondo ulertu zuten, bere garaian ministro batek bazekielako zer zen kultura». Aldi baterako lan erregulazioa hasieran onartua izan zen arren –aktoreak entsegu unean harrapatu zituen alarma egoerak–, gero SEPEk atzera bota die. Baina helegitea aurkezteko bidean dago.

Entseguak Larratxoko kultur etxean egin zituzten, segurtasun neurri guztiak hartuta... zeintzuk diren oraindik argi ez dagoen arren. Artisten testak, esaterako, nork hartuko ditu bere gain? Han asko ikasi zuten; maskarek ito egiten dutela, edo artisten arteko bi metroko tartea nola zaindu, dramaturgia egokitu behar bada ere. Eta joan den asteko ostiralean Lizartzara joan ziren entsegu orokorra egitera. «Protokolo guztia bete genuen –dio Intxaurragak–. Gure espazioa jarri genuen, hesi batekin inguratuta, zintarekin, eta jendea horren atzean zegoen. Aulkiak lau metrora jarri genituen, eta publikoaren gunea ere zinta batekin babestuta, aurrean eta atzean. 150 bat ikusle egongo ziren. Denak toki beretik sartu ziren, gero eskuak garbitu eta maskara jantzi behar zuten. Aktoreek maskara kokots azpian zeramaten eta elkartzen ziren eszenetan jartzen zuten. Sentsazioa zen ikusleekiko hiru barrera zeudela; lehena, zinta; bigarrena, ikusleak horren sakabanatuta ikustea, eta hirugarrena, denek maskara eramanda ez geniela aurpegia ikusten. ‘Zer ditugu aurrean, panpinak?’. Espero dut uztailerako publikoak maskara eraman behar ez izatea, hori kalean oso gogorra baita. ‘Laugarren horma’ potentea egin zitzaigun, konexioa galtzen da erabat. Tartea gordetzearena, ados, ohitzen zara, baina musukoena...». Bizitza tonbola bat da, argi dago. Batez ere, artistentzat. XVI. mendeko commedia dell’arte italiarrean maskarak ezinbestekoak ziren eta begira XXI. mendeko koronabirusen Europa... arazoa, eta latza.

 

Depender de la buena voluntad de un concejal, de que no se recorte en cultura...

Hay miedo y mucha prevención entre los programadores cara a evitar contagios. Pero a veces, contradicciones de la alarma sanitaria, una distancia de seguridad se lee en clave diferente sea para un sector o para otro. Léase, dos metros entre mesas en una terraza y cuatro entre actores y público. O aforos inviables para la continuidad del teatro, ya sumamente golpeado por la crisis que arrastra. Y si no hay una política decidida de apoyo a la cultura, una puede terminar dependiendo «de la buena voluntad del concejal del pueblo, de su sensibilidad y de la importancia que le dé al teatro. Y si no la tienes, no eres consciente del daño que le haces no a solo a un sector, sino a la sociedad en general. La cultura se suele unir al tiempo libre y por eso es prescincible», reflexiona la directora Agurtzane Intxaurraga. Porque la pandemia ha supuesto, al menos lo parece, su revalorización pero, sin una apuesta decidida de la sociedad, no vamos a ningún sitio. «Nos hace falta una política cultural creativa, no solo administrativa. En este santo pueblo lo que se hace es política cultural administrativa, no creativa», reitera Intxaurraga. Habrá que cuidar eso que nos hace pueblo, que es la cultura, porque, si no, como en “Tonbola”, el espectáculo de calle que Hika espera estrenar en julio si todo sale bien, los feriantes tendrán que sortear 1.500 puestos de trabajo en la aceituna... entre los propios artistas, para que sobrevivan. A.E.