Ibai AZPARREN
IRUÑEA
Elkarrizketa
IñIGO OTXOA
HE GURASOAK ELKARTEKO KIDEA

«Instituzioek eskaintzen ez dutena ordezkatzea da helburua»

Iruñeko Udalak haur eskoletan euskarazko plazak errotik murriztu ostean, hizkuntza eskubideak defendatzeko eta datorren ikasturtean plaza publikoak berreskuratzen saiatzeko ez ezik, aurtengo eskaria herri eskolaren bidez hornitu ahal izateko sortu da HE Gurasoak plataforma.

Aurrematrikulazio garaian gaude eta kezka nabaria da familia askoren artean; izan ere, Navarra Sumak iragarri duenez, Iruñeko Udalaren menpe dauden eskoletan euskarazko plazen kopurua murriztuko du –hurrengo hiru urteetan %14raino–. Epaitegiek atzera bota zuten aurreko legealdian eginiko plazen gehikuntza eta epai hori bete beharra argudiatzen dute orain, atzera duela bost urteko kopuruetara jaisteko. Horri aurre egiteko sortu da HE Gurasoak elkartea eta, koronabirusak «barneko komunikazioa» oztopatu duen arren, Otxoak adierazi du herri eskolen alternatiba martxan dagoela.

Zer-nolako bilakaera izan du euskarazko eskaintzak Iruñeko haur eskoletan azken urteetan?

2016an aldaketa handi bat gertatu zen eta Udalak Iruñean zeuden euskarazko bi eskola publikoak bikoiztu zituen; plaza kopuruan nabarmen handitu zen euskarazko eskaintza. Orain, berriz, aurreko fasea baino atzerago pasa gara. Hala ere, hau gradualki gertatuko da, pixkanaka inplementatuko da, eta aurten ditiko eta ibiltariei eragingo die. Nafar Gobernuak ere eskaintza oso eskasa du; bost haur eskola ditu Iruñean eta, bitan, bi lerroetatik bat euskaraz eskaintzen dute.

Eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka dute askok buruan. Arazoa parametro horietan ulertzeak ez al du euskara eskubide gisa lausotzen?

Bai, askotan eztabaidan inposatzen den zerbait da eta guk argitu nahi dugu ez dugula ume bakar bat ere euskarazko eskaintzarik gabe utzi nahi. Euskara eskubide gisa ikusten dugu eta parametro horietan hitz egiteak baditu gure kontra erabil ditzaketen argudioak.

Zer jarrera izan du Iruñeko Udalak izan dituzuen bileretan?

Borondate politiko eskasa agertu du. Hezkuntza zinegotzi Fernando Sesmarekin eta bere teknikariekin bildu ginen eta onartzen dute eskaintza ez dela egokia, handitu egin beharko dela; horregatik euskarazko eskariak %22ko langa duela dio Navarra Sumak; hori aurretik erabakita dute. Argi dago hortxe mugatu nahi dutela, kolpea jo dutela orain eta hurrengo urteetan arinduko dutela. Epai bat betearazten ari direla eta eskuak lotuta dituztela diote.

Alderdi guztiekin bildu zarete. Zenbateraino ulertzen ditu zuen eskariak PSNk?

Talde parlamentarioekin konfinamendua hasi baino lehen bildu ginen. Kontatu genien zer gertatzen zitzaigun eta nafar Gobernuak eskaintza orekatzea posible al zuen galdetu genien. Ez zuten ez baietz ez ezetz esan. Konfinamendua iritsi zen, geratuak ginen beste bilera baterako PSNrekin eta ez ziguten deitu. Aurrematrikula hasi denean deitu digute eta, diotenez, ezin dute ezer egin.

Eta Maite Esporrinek?

Gaia pixka bat saihestu zuen; covid-19aren inguruan hitz egin zuen batez ere, lokalen lagapenak edo hezitzaileak Udalak bere gain hartzeari buruz ez zen busti.

Instituzioetatik gutxi espero duzuela ikusita, zertan datza zuen proposamena?

Argitu nahi dugu oraindik bide politikoa irekita dugula. Oraindik eskatzen ditugu lokalen lagapenak eta hezitzaileak beren gain hartzea edo dirulaguntzak. Hori ez dago itxita. Baina ikusi genuen zeukaten jarrera negatiboaren ondoan herri haur eskola sortu behar zela. Helburua euskara eskubide gisa defendatzea da, ume bakar bat ere ez geratzea euskarazko eskaintzarik gabe eta sistema publikoa defendatzea. Aurrematrikula sistema publikoan eta euskaraz egin dezatela eskatzen diegu familiei eta hori egiten dutenek lehentasuna izango dute gurean. Horrek ez du esan nahi ezinean dagoen familia bat gurera etorri ezin denik. Instituzioek eskaintzen ez dutena ordezkatzea da helburua.

Euskarazko eskariari erantzuteko herri eskolaren formula berreskuratzeak hamarkada batzuk atzera garamatza. Ez al dago erakundeak egungo errealitatera egokitzeko modurik?

Guk trantsiziozko irtenbide bat dela diogu; dinamika bat sortu nahi dugu, mobilizatzeko, eskaria aldatzeko. Eskaria nabarmen aldatzen den momentuan gu desagertu egingo gara. Gureak badu iraungitze data, espero dugu urtebetekoa izatea. Gurea ez da iniziatiba pribatu bat; sistema publikotik bota gaituzte eta guk eskaintza hori zabaldu nahi dugu modu paralelo batean. Ez gara enpresariak, guraso kooperatiba bat gara.

Zenbat familiak dute interesa?

Gaur 60 inguruk. Hori ez da kopuru absolutu bat, lagin bat baizik. Ez onartuen zerrenda iritsitakoan familia gehiago etorriko direla uste dugu.

Zerrenda hori uztailaren 1ean iragarriko da. Ordurako, kanpoan gelditu direnentzako alternatiba prest egongo da?

Inkesta bat bidaliko dugu eta 8tik 14ra tarte bat egongo da horri erantzuteko. Inkesta horrek galdera oso zuzenak jasoko ditu eta erantzun horiekin argituko dugu haur eskola bat, bi edo bat eta beste neurri osagarri batzuk jarriko ditugun. Uztailaren 1erako plan bat izango dugu, hori seguru, eskaintza bat. Baina gerta liteke uztailaren 1ean ere uholde bat izatea. Orduan, hitz egin beharko da hori dena zabaltzerik dagoen edo ez. Matrikulazio epea uztailaren 2tik 10era izango da. Gure sistema publikoa izango da; baremazioa, tarifak, ildo pedagogikoa eta hezitzaileak, ahal bada. Sistema publikoa simulatu nahi dugu.

Oraindik plazaratu ez den txosten batean proiektuaren ezaugarriak jasotzen dituzue. Finantzaketari buruzko xehetasunak eman ditzakezu?

SOS Euskara-Iruñean bat egingo dugu, “crowfounding” bidez edo kontu bat zabalduta. Elkartasunetik dirua jaso nahi dugu, hori izango dugula espero dugu eta nahiko baikor gaude. Uztaila baino lehen martxan hastea posible dela uste dugu.