Oihane LARRETXEA

Bidaia antologiko bat

Sortzailearengana sakon eta soseguz hurbiltzeko gonbita dakar Alex Gurrutxagak «Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria» (Alberdania) bere saiakera liburuarekin. Haren poesia, letrak, biografia eta pentsamendua bildu ditu, baita orain arte argitaratu gabeko edukia ere. «Antologia esplikatu» moduko bat da, irakurlearentzat 40 urtean barnako ibilaldia.

Agortzen ez den iturria da Xabier Lete (1944-2010), eman eta eman jarraitzen du. Zendu zenetik hamar urte betetzen diren honetan, bere sorkuntza oraindik inspirazioa, abiapuntua, erreferentzia da. Poemagintza eta kantugintza bidez plazaratu zituen galdera eta hausnarketak, batzuetan mingarriak baina betiere beharrezkoak. Modu ezin ederragoan eta eraginkorragoan.

«Obsesio» batetik abiatuta idatzi du Alex Gurrutxagak (Zarautz, 1988) “Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria” (Alberdania) saiakera lana. «Asko errepikatu eta kantatzen dugu, baina gutxitan hartzen dugu denbora entzuteko eta letrei erreparatzeko. Hortik etorri da proposamena», adierazi zuen egileak atzo, lanaren aurkezpenean.

Lanaren hazia Literaturan doktore izateko Xabier Leteri buruz egin zuen tesian datza baina, kontuz, hau ez da lan zientifiko bat. «Ez da akademikoentzat pentsatutako testua, aurrean nuen irakurle imajinario hori ez da Leteren obran aditua dena, baizik eta Lete zalea». Bere hitzetan, «sakonago» joatea falta zen eta, azken finean, saiakera hau, zerbait izatekotan, da «irakurlearekin elkarrizketa bat». «Gonbidapen bat irakurleari esateko: ‘Lete ezagutzen duzu, bere poema batzuk ere bai, goazen mahai gainean hitz egitera, sakontzera eta eztabaidatzera’».

Konplexutasun handiko sortzailea zen. Horretaz mintzatu zen Jorge Gomenez Bech editorea. «Hurbiltzeko garaian ikuspegi literarioa, politikoa eta soziologikoa eskaini du eta, nola ez, filosofikoa». Eta Gurrutxagak aitortu zuenez, «hori izan da alde interesgarri eta zailenetakoa». Erantsi zuenez, «ezin da esan kantaria zela, edo poeta, edo intelektuala, baina hori dena bazen eta gehiago ere bai».

Bere interesa figuraren poliedrikotasuna ondo biltzea zen. Baina nola egin? Edukia piezaz osatuta dago. Irakurleak elementu biografikoak topatuko ditu; horretarako aurretiko ikerketa beharrezkoa izan zen. Badago Leteren obra filosofiari lotuta, bere pentsamenduaren zipriztinak, bere poema eta kantuen atzean zeuden ideiak eta asmoak.

Edukia antolatzeko kronologian oinarritu da. Oiartzuarraren obra «konplexua eta aldakorra» izanik ere, «zirkularra» dela uste du; hau da, Letek nolabait itxi zuela bere ibilbidea. Saiakerak badu hasiera eta amaierako atal bana, eta tartean hiru zutabe nagusi ditu denboraren arabera antolatuta (1965-1978, 1979-1990 eta 1991-2008). Bakoitzaren barruan talaia askotatik begiratzeko aukera izango du irakurleak 40 urteko ibilbide horretan barrena bidaiatuz.

«Gustatzen zait pentsatzea antologia moduko bat ere badela, antologia esplikatu bat», zehaztu zuen. Badaude argitaratu gabekoak ere, baina ez «morboagatik, orain arte ezagutzen ez ziren poemek eta pasarteek obraren berri modu sakonagoan ematen dutelako» baizik.

Urrats paraleloak

Aberriari kantatu zion, eta maiz zuzendu zitzaion. Horri erreferentzia egin nahi izan dio egileak izenburutik bertatik. «Gai nuklear bezala hor dago. Aberriaz kezkatutako sortzailea bazen, eta oso kontuan hartzeko ekarpenak egin zituen. Esango nuke ez dagoela agortua egin zuena», adierazi du.

«Leteren obra Euskal Herriaren urratsen oso modu paraleloan doa; eta uste dut Leteri buruz hitz egitea badela gutaz hitz egitea. Jarri zien hitza eta pentsamendua Euskal Herriak bizi zituen egoera askori, eta horregatik bere letra eta hitz asko jendeak bere egin ditu. Herriaren eta sortzailearen arteko harremanean dago gauzarik emankorrena eta interesgarriena. Eta hori da belaunaldi berriei kontatu behar dieguna», eskatu zuen egileak.

«Euskalerri nerea, ezin zaitut maite, baiña nun biziko naiz zugandik aparte» esaten zuen kantariak. «Lete gurea da goxo- goxo ari denean eta haserretzen denean ere. Eta guretasuna hori da», adierazi zuen. Gurrutxagaren iritziz, «ezaugarrietako bat da euskaldunentzat deserosoa izaten jakin zuela. Euskal Herriaren alde edo kontra ari denean, barrutik ari da». Hitz politak baino, egiak esatea. Anai-arreboi bezala ari zitzaigun. «Hori da intelektual bati eskatzen zaiona», ohartarazi zuen.