2020/06/13

Uxue Bereziartuak 41 ekosistema, mikroklima eta espazio bildu ditu Gasteizko bere erakusketan

Gorputzak erdigunera eraman ditu ilustratzaileak «41 habitat» erakusketan, ezagutu dituen emakumeei begira espazio desberdinak sortuz. Asteburu honetan oraindik ikusgai egongo da ARTgian.

GARA|GASTEIZ
0613_kul_bereziartua

Gasteizko ARTgia Sorgune & Aretoak Uxue Bereziartua Berexi ilustratzailearen erakusketa ikusgai izango du datorren astelehenera arte. Emakume artistei zuzendutako 2019ko EmART deialdia irabazi zuen Bereziartuak eta, ondorioz, galerian bere lana erakusteko aukera izan du.

“41 habitat” erakusketan 41 ekosistema, mikroklima eta espazio biltzen dira. 41 ilustrazioz dago osatuta erakusketa eta gorputza erdigunean kokatzen du. Guztira 39 emakume daude irudikatuta askotariko errealitate, emozio eta sentimenduetan sakonduz. «Zenbat aldiz egin duen euria beraien baitan, eta zenbatetan hartu dien gorputza belar busti usain gozoak...», hausnartu zuen artistak aurkezpenean.

«Ikusleek nik egindako ariketa bera egitea nahiko nuke. Gorputza eta izena jarri diet nik emakumeoi, eta ikusleak emakumeoi begira bizitza bat sortzea nahiko nuke. Imajinazioarekin jolastea. Bakoitzak habitat bakoitzean gertatu dena eta gertatzen ari dena sortzea», esan zuen. Helburua pertsonen bizitza, emakumeena zehazki, erdigunean jartzea da.

Alarma egoera hasi baino lehen sortu zuen proiektua Bereziartuak. «39 habitat azken urtean zehar sortu ditut; lehena, jaio nintzenetik bertatik hasita; eta, azkena, batek daki, pertsonaren arabera». Hala ere, konfinamendu egoerak egitasmoari «zentzu handiagoa» eman dio. «Bizitza zentroan jarri du, pertsonak. Momentu aproposa da proiektuak argia ikusteko», argitu zuen ilustratzaileak.

Babes neurriak

«Pandemia honetan mahai gainean jarritako balioen irudikapena da erakusketa», azaldu zuen Irantzu Lekuek, Judizmendi auzoko aretoko arduradunak. Galeriak beste hainbat ekimen ere jarri ditu martxan pandemian zehar, #ARTdemia eta #ResiliART erakusketa birtualak kasu (ARTgiaren webgunean ikusgai daude biak, eta, orotara, 62 artistak hartu dute parte).

Uxue Bereziartuarena pandemia hasi zenetik presentzialki ikus daiteken lehen erakusketa da. Babes neurriak zaintzeko, bisitak antolatzeko sistema bat ezarri dute, jendea ez pilatzeko, eta, ondorioz, aldez aurretik izena ematea komeni da.