Asier AIESTARAN
PILOTA

Afizionatuak ere bueltan dira

Hernaniko II. Papelera Zikuñaga Txapelketa atzo hasi zen sei mailatan banatutako 51 bikoterekin. Villabonako Santio txapelketari gaur ekingo diote, eta EHko pala irekiari, asteburuan.

Covid-19ak behartutako geldialdi luzearen ostean, pilota afizionatua ere itzultzeko prest da jada, nahiz eta segurtasun arau zorrotzekin izan. Horrela, datozen egunetan hainbat torneo hasiko dira, edo berrartuko dira, gelditu behar izan zirenen kasuan.

Atzo arratsaldean, esaterako, Hernaniko II. Papelera Zikuñaga Txapelketa hasi zen. Aurten 51 bikote ariko dira sei mailatan banatuta: kadeteen 1. eta 2. mailak, jubenilen 1. eta 2. mailak, eta nagusien 1. eta 2. mailak. Egunero hiru partida jokatuko dira Hernaniko pilotalekuan, 18.00etan hasita, eta finalak uztailaren 25ean izango dira.

Santio torneoa Villabonan

Bestalde, gaur hasiko da Villabonako Santio torneoa. Azken urteetan Euskal Herri osoko 24 bikote ezberdinek parte hartu izan dute, eta irabazleek Antton Pebet elite txapelketan parte hartzeko txartela irabazi ohi zuten. Aurten, ordea, Covid-19ak sorturiko arazoengatik, eta ondorioz txapelketak antolatzeko dauden arau zorrotzengatik, txapelketa laburragoa antolatuko dute zortzi bikotez osatuta egongo dena.

Zortzi bikoteak gipuzkoarrak izango dira, inguruko herrietako klubetako pilotariak: Tolosa, Intza, Alde Zaharra, Eple, Gazteleku, Usurbil eta Behar Zana. Txapelketa gaur hasiko da, 18.30ean, eta partida guztiak Villabonako Bear Zana pilotalekuan jokatuko dira. Gaur eta uztailaren 2an final-laurdenen txanda izango da, finalerdiak uztailaren 7an jokatuko dira eta finala uztailaren 11n.

Aipatutako arau zorrotz horien artean, kontuan izan behar da pilotalekuaren edukiera mugatua izango dela eta neurri higienikoak bete beharko direla bertan sartzeko. Pilotalekuko harreran edukiera mugatzen duen kartela egongo da eta kopuru horretara iristean ezingo da beste inor sartu pilotalekuan.

Gainera, Santio jaien baitan Behar Zanak antolatu ohi dituen beste lau txapelketa jokatu gabe geratuko dira: frontenis txapelketa, esku txapelketa herrikoia, pala goma txapelketa eta emakumeen pala txapelketa. Hala ere, bertan behera geratu zen Emakumeen Txapelketa azkarra uztailaren 18an jokatuko da. Gainera, uztailak 31n urteroko errebote partida ere jokatuko da. San Inazio eguneko partida ez du galdu nahi Behar Zana elkarteak eta aurtengoa Hazparneren aurka jokatzen duen 91. aldia izango da. Egun horretarako ere plaza guztiz itxiko dute, edukiera neurtu eta ikusleak eserita egoteko.

Pala Oiartzunen

Oiartzunen jokatzen den Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia ere martxoaren erdialdean bertan behera gelditu zen covid-19aren pandemia zela-eta. Baina hiru hilabete eta erdiren ondoren, berriro martxan jartzea erabaki dute antolatzaileek. Asteburu honetan, uztailaren 4 eta 5ean, bigarren faseko partidak eta kanporaketak jokatuko dira Madalensoro pilotalekuan, Udalaren baimenarekin eta osasun neurriak markatzen dituen protokolo guztiak kontuan hartuta.

Herriartekoa Araban

Azkenik, aipatzekoa da Arabak bere Herriarteko Txapelketa jokatzea erabaki duela. Beste herrialdeetan printzipioz bertan behera gelditu den arren –justu udaberrian jokatzen delako eta konfinamenduak bete-betean harrapatu zuelako sasoi hori–, arabarrek datozen hilabeteetan aurrera egitea erabaki dute. Txapelketaren aurkezpena ostegunean egingo dute Gasteizen.