GARA
DURANGO

Durangoko Azoka «egokitua» egingo da, abenduaren 5etik 8ra

Durangoko Azoka «normaltasun berrira» egokitu eta antolatzeko erabakia hartu du Gerediaga elkarteak. 55. edizioa abenduaren 5etik 8ra egingo da. Momentuz, segurtasun protokoloa zehazten ari dira. Zuzeneko ekitaldi gutxiago izango dira aurten eta horiek ikusle kopuru murritz batentzat izango dira. «Online» bertsioa ere izango du.

55. Durangoko Azoka, urtero bezala, abenduan egiteko asmoa erakutsi du Gerediaga elkarteak. Ziurgabetasunez betetako egoeran egon arren, Azoka “normaltasun berrira” egokitu eta antolatzeko erabakia hartu du. Nerea Mujika presidenteak eta Arantza Atutxa kudeatzaileak eman zuten atzo erabakiaren berri.

55. Durangoko Azoka egoera berrira moldatuta antolatzeko lanean ari da Gerediaga Elkartea. Horretarako, azokaren ekosistemako eragileekin bildu da eta guztien ekarpenetatik egituratzen ari dira. Hala adierazi dute gaurko agerraldian.

Lau eguneko azoka izango da, abenduaren 5etik 8ra, larunbatetik asteartera. «Ostiraleko goiza, berriz, ikastetxeei zuzendutakoa, digitalean moldatutako programazioan oinarrituko dugu aurten», azaldu dute.

«Egoera berri honetan jarraitu beharreko osasun eta segurtasun neurriak betetzeko, protokolo berezia lantzen eta diseinatzen ari gara. Ezaugarri nagusietako bat, jende pilaketak ekiditea izango da eta, horretarako, sarrera kontrolatuko da.

Egitarauari dagokionez, osasun eta segurtasun protokoloari jarraituz, zuzeneko aurkezpen, emanaldi eta ekitaldiak murriztu egingo dira, eta ikusle kopuru murritz eta kontrolatua izango da horietan. Bestetik, «streaming emanaldiak eta nahieran webgunetik jarraitzeko aukera egokituko dugu».

Nerea Mujikak kulturak etxealdian izan duen paper garrantzitsua azpimarratu zuen, «salbatu» egin gaituela esanez. Sektore kaltetuenetako bat kulturgintza izan dela eta «zeinen beharrezko dugun» ohartzeko balio izan duela gaineratu zuen.

Kultura sortzaileek egoerari eutsi diotela nabarmendu zuen. Aurtengo ediziorako aukeratutako TaupaDA! leloarekin mezu baikorra eman nahi dute Gerediaga Elkarteko kideek. «Euskal kulturgintzari hauspoa emanda, bizia ematen jarraitu nahi du, babestu eta bizi dagoela erakutsi. Durangoko Azokak, beste urte batez ere, euskal kulturaren topaleku izaten jarraituko du», nabarmendu dute Gerediaga elkarteko kideek.

Salerosketa azokak berak ere online bertsioa izango du. 2020ko argitalpen eta produktuen denda birtuala izango du www.durangokoazoka.eus webguneak. Beraz, etxetik azokara sartu, urteko nobedadea erosi eta erositakoa etxean jaso ahal izango du nahi duenak.

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak gaineratu zuen Durangoko Azokaren 55. edizioa zer izango den zehazteko lana daukatela oraindik, baina antolaketa «momentuko egoerara, eta ahal den heinean egokitzen» joango direla nabarmendu zuen.