GARA
BILBO

EAEko bost estuario eta kostako ur-masak ez dute egoera ekologiko onik lortu

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko ur gisa katalogatutako hamalau estuarioetako bederatzik eta lau ur-masak egoera ekologiko ona lortu dute, baina bost ez dira maila horretara iritsi: barneko Oka, Barbadun, Lea, Artibai eta Oiartzun dira. Nerbioi ere egoera berean da.

EAEko kostaldeko eta trantsizioko ur-masen egoera ekologikoaren jarraipen sarearen 2019ko kanpainaren txostena aurkeztu zuen, atzo, URA agentziak. Eta aztertu diren hamalau estuarioetatik eta kostako lau ur-masetatik bostek ez dute lortu egoera ekologiko onaren mailarik: barneko Okan egoera «txarra» da, eta Barbadunen, Lean, Artibain eta Oiartzunen, «moderatua». Nerbioi/Ibaizabal ere ez da maila egokira iristen, kasu horretan kutsadura egoera kronikoaren ondorioz.

URAko zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabrerok eta agentziako Lan eta Planifikazio zuzendari Jose Maria Silvano Sanz de Galdeanok aurkeztu zuten txostena, eta egoera ekologiko on hori lortu ez duten ur-masa bakoitzaren nondik norakoen berri eman zuten. Saneamendu osorik ez dutelako (Okaren kasua da) edota kaltetuta egon diren eta oraindik egoera onera eraman ez dituen susperraldian murgilduta dauden masak dira (beste laurak: Oiartzun, Artibai, Lea eta Barbadun).

2018ko kanpainarekin alderatuta, aldiz, egon badago aurrerapauso bat: kanpo Nerbioiren masa egoera moderatutik onera igaro da.

1995etik hona, hobera

Ur-masen egoera ekologikoak azaleko uren (ibaiak, estuarioak, hezeguneak) ekosistemen egituraren eta funtzionamenduaren kalitatea adierazten du, eta EAEko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen-sarea ur-masen egoeraren jarraipen-programan sartzen da. Programa horren barruan, autonomia erkidegoko lurrazaleko uren (ibaiak, trantsizioko urak, kostaldeko urak, aintzirak eta hezeguneak), lurpeko uren eta eremu babestuen azterketa egiten da. Helburua da ur-masen egoeraren «ikuspegi orokor koherente eta osoa» ematea, ur-masa bakoitzerako ingurumen-helburuen betetze-maila zehaztea eta plan hidrologikoetan ingurumen-hobekuntzarako ezarritako neurrien eraginkortasun-maila zehaztea.

URAko arduradunek nabarmendu zutenez, ur-masa hauek hobekuntza handia izan dute 1995 eta 2019 urteen artean, hainbat aldagai eta elementu biologiko eta kimiko oinarritzat hartuta. Hori arroetako, estuarioetako eta kostaldeko eremuetako saneamendu-neurrien ondorioz gertatu da. Hala ere, oraindik badira egoera ekologiko onaren helburua lortu ez dutenak, batzuetan saneamendu osaturik ez dutelako eta besteetan kutsadura kronikoagatik.