2020/06/30

Geldialdiaren eragina nabaritu zen Leaburuko lehen jardunaldian
Andres OSA «SAKONA»
0630_kir_hk

Leaburuko industrialdean, Diva Pentsu etxeak duen egoitzaren aurrean eta bero sargoriarekin, jokatu zen larunbatean Urrezko banakako aizkolarien eta harri-jasotzaileen txapelketako jardunaldia. Normala denez, koronabirusaren aurka hartu diren neurriak kontuan izanda egin zen lehenbiziko ekitaldia.

Aizkolariekin hasita, Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendi aurrez aurre aritu ziren. Koronabirusaren pandemiak geldialdi luzea eragin die kirolariei eta beraien errendimendua nabarmen murriztu da. Jon Rekondok zazpi enbor, gehienak kana-erdikoak, ebakitzen 23 minutu eta 16 segundo behar izan zituen, eta Iñaki Azurmendik, 25 minutu eta 36 segundo.

Harri-jasotzaileen txapelketa ere hasi zen Leaburuko jaialdian. Aurreneko neurketan Urdax Magunazelaia eta Mikel Lopetegi “Urra” lehiatu ziren elkarren aurka. Harri zilindroa, kubikoa eta borobila, 125 kilokoak, erabili zituzten eta bakoitzarekin bi minutuko txandak izan zituzten lanerako.

Lehenbiziko bi harriekin Lopetegik hiru jasoaldi gehiago egin zituen, baina azkenean borobilarekin galdu zuen irekitako tartea, Urdaxek 14 jasoaldi egin baitzituen azken harriarekin eta Lopetegik 11. Azkenean, 44na jasoaldirekin, parra eginda gelditu ziren. Hauen lanean ere nabarmen ikusi zen sasoi falta.

Amaitzeko, emakumeen txanda izan zen. Ekitaldi bakoitzean harri-jasotzaile bat arituko da eta hasierako honetan 50 kiloko harri zilindroa, kubikoa eta bola erabili zituena Udane Ostolaza 14 urteko oriotarra izan zen. Lan polita, oso txukuna, egin zuen, 36 jasoaldi eginez. Neskatila hau ez da geldirik egon azken hilabeteotan.

Hurrengo hitzordua uztailaren 4an izango da, Larraulen, 12.00etan. Aizkoran Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugerza neurtuko dira elkarren aurka; harri-jasotzen, Xabier Peña eta Beñat Telleria; eta emakumezkoen lehiaketan Karmele Gisasolaren txanda izango da.