2020/07/01

Emakumeen esku pilotak bide berriak urratuko ditu aurtengo udan
Asier AIESTARAN

Emakumeen esku pilotak eremu berriak probatu nahi ditu eta, Binakako Master Cup txapelketako finalen ondoren, Plazandreak-Laboral Kutxa Udako torneoari ekingo zaio ostiral honetan, 22.30ean. Taldeka jokatuko den proposamen berritzailea da, ETBren eskutik ostegun gauetako telebista saio bilakatuko dena.

Hamabi pilotarik hartuko dute parte lehian, lau taldetan banatuta, eta bakoitzak entrenatzaile edo kapitain bat izango du. Reyes Azkoitia izango du gidari Irantzu Etxebestek, Nora Mendizabalek eta Olatz Arrizabalagak osatutako taldeak; Iera Agirrek, Arrate Bergarak eta Amaia Aldaik osatutako taldearen prestatzailea Mikel Inuntziaga izango da; Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre hirugarren taldean arituko dira Erlantz Garciaren esanetara; eta Naroa Elizalderen gidaritzapean jokatuko dute Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garaik.

Astero hiru partida jokatuko dituzte, pilota mistoa erabiliz eta hamabi tantotara.