2020/07/01

Iriarte: «Biktima batzuek aitortza daukate; beste batzuek, mespretxua»
GARA|DONOSTIAN
0701_eg_maddalen

EH Bilduk Donostiako Sagueseko Bakearen Usoaren ondoan aurkeztu zituen atzo elkarbizitzaren arloan dituen konpromisoak. Biktima guztiek «egia, erreparazioa eta justizia» behar dituztela nabarmendu zuen Maddalen Iriartek, eta besteren artean oraindik GAL taldearen biktimei edo Rosa Zarra donostiarrari ukatzen zaizkiela gogora ekarri zuen. Xabier Irazusta, duela 25 urte zendutako Zarraren alarguna –6. eta 7. orrialdeetan atzo haren omenez egindako ekitaldiaren informazioa topa daiteke–, ondoan zuen.

Bakearen Uso hori 1995ean ez zegoen Saguesen, Amaran baizik, Anoeta estadioaren parez pare. Eta jakina denez, bertan Ertzaintzaren partetik jasotako pilotakada baten ondorioz hil zen Rosa Zarra. Atzo izan zen, hain zuzen, haren heriotzaren urteurrena. Orain Nestor Basterretxeak eginiko eskultura ikusgarri eta adierazgarri hori Monpas aldean dago eta bertan bildu ziren EH Bilduko hautagaiak, biktimak gogoan hartzen dituen elkarbizitzaren aldeko mezua zabaltzeko xedearekin.

Duela mende laurden bat, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuzkiak Euskal Herrira ekarri berriak ziren. Ertzaintza gogor oldartu zen bai Hondarribiko aireportuan bai eta Tolosako kanposantuan ere, familiaren samina larriagotuz. Gerra zikinaren biktimek jasotako tratuaren adierazle gordina izan zen, eta horri erreparatu zion Maddalen Iriartek bere hitzaldian: «Gure esku dagoena egingo dugu Rosa Zarra eta Estatuak egindako giza eskubideen urraketa larrien gainerako biktimak duintzeko», adierazi zuen EH Bilduren lehendakarigaiak.

Urkulluren «bi balantzak»

«Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat. Denentzat. Hori da gure konpromisoa», nabarmendu zuen koalizioaren Gipuzkoako zerrendaburuak.

Ildo horretan, Iriartek nabarmendu zuenez, «Urkulluk giza eskubideen urraketak neurtzeko bi balantza erabiltzen ditu». «Gaur da eguna, bi aste geroago, GALen gerra zikinari buruz ezer esan ez duena –aipatu zuen, CIAren dokumentuaren oihartzunaren harira–. Torturaren Nazioarteko Eguna Legebiltzarraren aginduz ospatu behar zuen ostiralean eta torturaren biktimak gogoratzeko aukera paregabea izan zuen, baina ez zuen egin, mutu jarraitzen du. Eta gaur da eguna Poliziaren indarkeriaren biktimei buruz ezer esan ez duena», erantsi zuen Zarraren kasuari aipamena eginez.

«Urkullu, antza, oso arduratuta dago argudio faxistak erabiltzen dituzten horiek pairatutako ustezko eraso batengatik, baina ez da gai Estatuko biolentziaren biktimei elkartasuna adieraztea besterik nahi ez zuen pertsona baten heriotzan bere alderdiak izan zuen erantzukizuna onartzeko», kritikatu zuen EH Bilduren hautagaiak.

Iriarteren aburuz, bistan da «biktima batzuek erakundeen aitortza osoa jasotzen duten bitartean, beste batzuek mespretxua jasotzen dutela», eta gogora ekarri zuen Zarraren heriotza dela-eta inork ez duela inolako ondoriorik pairatu, ez legezkoak ezta politikoak ere. Egoera horrekin amaitu beharra dagoela ziurtatu zuen Iriartek, EH Bilduk bide horretan duen konpromisoa berretsiz.