2020/07/01

«Maitasun, nortasun»

Ekainaren 21ean Euskal Herriko barne mugak berriz ireki zituztenean erabilitako hitzek zentzu sakonagoa hartu dute herriko bozen bigarren itzuliak utzitako emaitzak ikusita: hesiak altxatu eta zubiak berriz ere zabaldu dira.

Hamarkadaz hamarkada, mailurik ez zutenean azazkalekin, murrua higatzeko lana garatu dute ezkertiar eta abertzaleek Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. «Enbata zikinak» deitu zieten mespretxuz herri kontseiluetan sartu zirenean.

1983an Daniele Albizu emazte eta abertzalea hautetsi izendatu zutenean urradura txikia agertu zela murruan oroitarazi berri dit Filipe Aramendi Urruñak izanen duen lehenengo auzapez abertzaleak. Urruneko zein gertuko jauntxoen nagusikeria pairatu zuten herritar aitzindari horiek. Harrokeria ez dugu, tamalez, faltan U12ko hautagaien mezuetan. “Plan Nacional Vasco” ez dute asmatu-eta!

«Memoria dugunez maparen beharrik ez dugu», zioen CUPek eginiko hauteskunde spot batek. Oroitzapenekin jarraitu dezagun denbora labur batez.

Hego Euskal Herritik ihesean zetozen militanteei ateak zabaltzearekin batera ikusmira zabaldu eta asmoak mamituz joan ziren Ipar Euskal Herrian. Paretetan “Herriak bizi behar du” leloa jalgi zen, eta lantegiz lantegi borrokak azkartu ziren berdin Hazparnen edo Maulen. Ez galdetu patroiak zein elizatakoak ziren.

Nehor tronpatu ez zedin zoru teorikoa ezarri zuen Angelun hil zuten Arrigorriagako semeak: Euskal Herrian lan egin eta bizi den edonor da euskal herritar. Faxismoa 5.0k Hego Euskal Herrian bira esperpentikoa antolatu zuen asteburuan, baina, lau hamarkada lehenago, mugarria plantatua utzi zuen Argalak. Horren erakusle, ekainaren 28an amaitu ziren herriko bozetan Rassemblement National alderdiak hautetsi bakar bat ere ez zuen lortu Ipar Euskal Herrian.

Abertzaleen bilakaera ez zen hor gelditu. Nazioa pentsatzeko tresnak beharrezko zirenean, Jokin Apalategik idatziak utzi zituen, eta, Maite Idirinek, nazioa sentitzeko premiazko kantua.

«Lehengo Enbatakoen leloa: muga ken!». Pantxoa Bimboire urte luzez Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan ekonomia arloan jardun duen Parisen sortutako herrikideak oroitarazi dit, zapa!, aspaldiko mandatua. Nondik eta Twiterretik. To!

Kontakizunaren zirrikituetan gehiegi galdu gabe laburbildu dezagun herriko bozetan abertzaleek bildu duten arrakastaren formula. Lan isila aski aipatua izan denez, pazientzia historikoaz eta elkarlanerako gaitasunaz jardun dezagun.

Lurraldearen asmoak agerrarazteko bi eginkizun nagusi baziren. Lehena, bidea oztopatzen zuen elite zaharren erretreta botoz boto azkartzea; eta, bigarrena, edo lehengoaren segida, jatorri ezberdinetako biztanle berriak azkarki irabazten dituen Ipar Euskal Herriak bere egiten dituen erronkak –trantsizio ekologikoa eta soziala– lehen lerroan jarri egitasmo zehatzen bidez.

Joan dira marmarka aspalditik boterean ziren notableak. Eta, han ere, joango dira besteak.

Zer pentsatuko zuen igande gauean duela urte gutxi batzuk soilik Ziburuko azokan kanpaina egiten zuen Michelle Alliot-Marie eskuinaren buruzagiak bere sokako Guy Poulou auzapezaren ondorengoa Eneko Aldana izanen dela jakitean?

Ados. Irriñoa agertu zaigu ahotan. Pozez zoratzen badira hangoak zein hemengoak E28ko bozek utzitako emaitzekin. Beharrik. Hala ere, txaloen ostean ontsalaz nortasun politiko berriaren eraikuntzan lan partekatua mugaz gaindi eramateko garrantziaz jabetzeko unea helduko da. Horren esperoan, fonotekatik erreskatatu dut Anje Duhalderen “Maitasun, nortasun” ereserkia. GPSn datu berriak sartu eta bidaiaz gozatu!