Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Memoriaren prekaritatea

Iraganean ezkutuan gertatu dena azalera ekartzeak orainaldian daudenen bizitzak aktibatzen ditu. Protagonistek gertakizun bat berreraiki nahi dute: Victor aktorearen heriotza, hogei urte atzera jazoa. Ilehoriak lagunen laguntza beharko du horretarako, eta detektibe emozional bat kontratatuko du. Oier Guillanek idatzi du «VHS» (Susa), memoriatik, abenturatik eta umore absurdotik baduen eleberria. Nahiz eta hori ez den. Edo ez hori bakarrik.

Victor aktorea zen, Sevillakoa. Madrilen hil zen, auto istripuz, 2001. urtean. Laneko jantzia soinean zuela hil zen, pailazoz jantzita, sudur eta guzti. Haren hiletara ez omen zen inor joan. Hogei urte igaro dira jada ordutik eta beste pertsonaia batek, Ilehoriak, zer gertatu zen gogoratu nahiko du, iragana berreraiki nahiko du. Eta lagunen laguntza beharko du horretarako. Detektibe emozional bat ere kontratatuko du.

Victorren heriotzak nolabait nobela osoa zeharkatzen du. Oier Guillan (Donostia, 1975) idazle eta antzerkigileak argitaratu berri duen nobela, alegia: “VHS” (Susa). Nobela zer den argitzeko egilearenak berarenak izan dira lehen zalantzak, gauza asko baita.

Ilehoriak ez daki heriotzaren inguruan artikulu honen hasieran aipatutakoa baino askoz gehiago, baino etxe batetik bestera leku aldatzen garenean VHS zaharrak agertzen zaizkigun moduan, berari ere noizean behin heriotza hau agertzen zaio gogoan, edo haren heriotzaren inguruko galderak behintzat. Zergatik hil zen? Nork hil zuen inork hil ez zuena? «Galdera absurdoa dirudi azken horrek, eta ziur asko bada, baina lagunen heriotzek horrelako galderak sor ditzakete, bai behintzat lagun horiek gazteak zirela hil zirenean edo heriotza ustekabekoa denean», adierazi zuen aurkezpenean Leire Lopez Ziluaga editoreak.

Detektibearen bidez hasiko da iragana desegiten Ilehoria, eta 23 urte atzera Berlinetik Andaluziara egindako auto bidaia gogora ekartzen. Road movie moduko bidaia iniziatikoa, bi lagunen ibilbide artistikorako pizgarri izango zena. Iragan hartan ezagutu zuen Ilehoriak Victor eta oroitzapenen bitartez ekar dezake soilik orainaldira. Tarteka orainaldian, tarteka oroitzapen moduan, Sevillan ezagutu zuten La Marabunta antzerki taldea eta kideak gogoratuko ditu, eta VHS batean egin zuten grabaketa bat.

Beste bidaiak

Autoz Berlinetik Sevillara egindakoa ez da egiten den bidaia bakarra. Lopez Ziluagaren ustez, arakatuz gero, ohartuko gara badirela beste bidaia paralelo batzuk ere. Bata, norberaren gorputzera egindako bidaia da, Victor ezagutu zuen garaiko gorputzera. Bestea, «nork bere iraganera egindakoa», Ilehoriaren memoriaren hutsuneek eta bere eraikuntzek zeharkatzen dutelako nobela. «Ilehoriak lagunen laguntza beharko du gogoratzeko, eta fikzioa. Memoria prekarioa da, batek daki zenbat aldatzen den oroitzapen bat berritzen dugun aldiro, zein zati den guk eraiki duguna, eta zer gordetzen dugun gertakizun hartatik», erantsi zuen.

Sinopsia bera idazteko «sekulako» zailtasunak izan dituztela aitortu zuen Guillanek. Badago argumentu bat, trama bat, jakina, eta istorioak aurrera egiten du, «baina bizitzan bezala, istorioak alboetara zabalduz egiten du aurre», esan zuen. «Zer da oroitzea, ez bada iragana berridaztea? Gure buruarentzat eta ingurukoentzat denbora pasa ahala editatzen goazen fikzioa idaztea eta berridaztea da».

«Protagonistak iraganeko logikari koherentzia eta zentzu bat bilatzen saiatzen diren arren, bizitza sinpleagoa eta konplikatuagoa da beti». Guillanen ustez, «ez dago modurik iragana osotasunean berreraikitzeko».

Ahots mota, tonu eta forma ezberdineko atalak dira kapituluak, istorio bakar baten zerbitzura. «Errealitatearen kontakizuna gorputz ezberdinetan sakabanatutako istorio bat delako, bizitzan bezala». Eta, funtsean, zeri buruz ari gara? Memoria partekatuari buruz, adiskidetasunari buruz, betiko ametsak galtzean gure baitan aurkitzen dugun pertsona berriari buruz.

Hainbeste idaztea kosta zaion sinopsia irakurrita, batek pentsa dezake «memoria» dela hitz klabea, «eta hala da, baina ez da memoriari buruzko nobela bat». Esan daiteke ere «misterioa» dela hitz klabea, «eta hala da, baina ez da nobela poliziako bat», abisatu zuen. Nobela beltzaren genero marka batzuk erabiltzen ditu “VHS” eleberriak, baina kontuz, «hala izatekotan literatura ikuspuntu batetik nobela transgeneroa litzateke». «Abentura» ere bada hitz klabea, «baina ez da abenturazko nobela bat».

Itxialdiaren erdialdean amaitutako lana da “VHS”, eta barrenean zainetatik sentitzen zuen jarioari jarraituta idatzi du Guillanek. «Paralisi sozialari aurre egiteko modua izan da literatura. Arteak zauriak sendatzeko balio izan du, errealitatea aski izan ez denean», aitortu zuen.