Joxe Blanco Gomez
Blanco Pikaza familiaren izenean
GAURKOA

Senide nagusiei gorazarre, bihotzetik

Pandemiak astindu ederra eman die gure bizimoduei, baina baita gure kontzientziei ere. Anabasa horretan, birusarengandik momentuz libratu garen herritarron artean, sentimendu asko azaleratu zaizkigu eta bat azpimarratzearren frustrazioa hautatuko nuke. Egoera pertsonaletatik haratago eta gure herriak bake bidean eman beharreko pausoei begira, presoak etxeratzearen gaia da frustrazio handienetakoa sortzen diguna. Jendarteak, eragile sozialek, klase politikoak... bereak eta bi egin ostean, presoak etxean ez egoteak sortzen duen frustrazio latz eta sakon hori. Sentimendu hau modurik gordin eta krudelenean nozitzen dute presoen senideek; senide nagusienek, modu berezian, seme-alabak bizirik berriro ez ikustearen frustrazioa; baita presoena ere, gurasoak bizirik berriro ez ikustearen frustrazioa. Heriotzak bakarrik arin dezakeen frustrazio mingarria.

Uztailaren 1ean 30 urte bete dira Pili Arzuaga eta Fontso Isasi, garai hartan Ourenseko kartzelan preso zeukaten Maribi Ramila euskal preso politikoaren ama eta laguna hurrenez hurren, auto istripuz hil zirela, bera bisitatzera zihoazela. Pili zen bisita egitekoa, Fontso gidari eta laguntzaile zihoan bitartean, garai hartan euskal presoek lagunen bisitak debekatuta zituzten eta. Maribi ikusteko mutil lagun paperak egitea zen aukera bakarra eta halaxe egin nuen nik, hilero bisitan joaten nintzaiola, Carabanchelera, hasieran, Ourensera, dispertsatua izan ostean. Uda hartan, baina, Maribirekiko hitzorduei kale egin nien, ekainaren erdialdetik abuztura arte, bi hilabetez Perura joan nintzelako. Gogoan dut Peruko bidaia amaitzear zegoela eta Liman hegazkina hartzekotan ginela, gasteiztar birekin topo egin eta Euskal Herri aldetik zer berri ote zegoen galdetu geniela internet gabeko garai haietan. Irunberriko segadaz hitz egin ziguten... berri latzak edonola ere. Horrela heldu nintzen nire herrira eta Peruko mendi altuek eragindako mozkorralditik herriko jaietako parrandetara pasatu nintzen, aklimatatu barik. Mendizaleak geurekoiak izan ohi gara eta sarritan gure mundua ez doa igo nahi dugun hurrengo menditik haratago. Parranda erdian geundela, lagun batek emandako zaplaztekoak errealitatera itzularazi ninduen: «Baina ez al dakizu ala, Pili eta Fontso uztail hasieran istripuz hil zirela?». Zaplazteko haren minak oraindik niregan dirau.

Iñakiren ama eri eta zahartsu zegoen gajoa. Hogei urte lehenago bere kidea hil zuen polizia berberak etxera eraman izan du ama bisitatzera batean edo bitan, epaileak hala aginduta eta preso zeukaten Aragoiko espetxetik. Ama azkenekotan zegoela ikusi ahal izan zuen azkenekoz Iñakik. Horrela kontatu zigun berarekin lokutorioan egon ginenean, 2018ko irailean, amaren osasunaz galdetzean, lasai nolabait, ama agurtzeko aukera izan zuelako. Aragoitik itzuli eta biharamunean, egunkariak berri latza eta sinestezina eman zigun, Iñakiren amaren eskela ikustean. Izan ere, sinesteko zaila eta oso gogorra gertatzen zitzaigun, 24 ordu lehenago Iñarekin bere amaz berbetan egon izana, berak hilda zegoela jakin gabe.

2018ko urriko zubian, espainiarrek ospatzera derrigortzen gaituzten jaiaren atarian, furgoneta hartu eta mendi aldera joateko prest geunden. Azken orduko berri latz batek, baina, planak aldarazi dizkigu. Txata hil da. Jota zebilen azkenaldian, hainbat alditan ospitalera, arnasa hartzeko makinari pega-pega eginda... baina ezin espero energiaz betetako gorputz txiki harenak egitea. Sasian eman zituen hainbat urte Txatak eta, berarekin batera, emazteak eta seme-alabek. Ondoren, kartzelaldia etorri zitzaien. Berea aurrenekoz, semearena ondoren; bat, bi eta hirugarrenez, harik eta Madrilen hilzorian tirokatua atxilotu zuten arte. Hemezortzi urte betetzen du aurten Gotzonek, semeak, kartzelan. Aita, beti ondoan, 700 kilometrora dagoen espetxe ondoko ospitalean amaitu behar bazuen ere. Baina semea ezin bakarrik utzi. Gotzonekin eman genuen hurrengo bisita inoizko bereziena izan zen. Malkoek bete zuten bisita gela, hitzak harilkatu ezinik, kristalak zipriztintzeraino.

«Lukia» azeria da bizkaieraz. Ez dakit nondik etorriko zitzaion ezizena, nik bestelako dohainak antzematen nizkion eta. Indarra, eskuzabaltasuna eta umiltasuna nabarmenduko nituzke, bizitza osoa borrokan emandako bikote honen izaeran. Ximona eta Luki. Gogoan dut beraiekin egindako paseoan, semeak Guardia Zibilaren kontrol batetik ihes egin zueneko lekura eraman gintuztela eta egun haietan pasatutakoa kontatu ziguten. Uff! Hiru urte izango dira semearekin bisita izandako batean, egoera politikoaz eta presoen balizko kaleratzeaz ari ginela, bere kezkak agertzen zizkigula oso era gordinean, gurasoak berriro bizirik ikusiko ote. Handik ez askora, Lukik makalaldia izan zuen eta harrezkeroztik ez zen berbera izan. Azken asteetan nagusien egoitzan egon zen, burua galduta, bere kutunaren une oroko zaintzapean. Harik eta poliziak ekarritako semea agurtu ostean, azken hatsa eman zuen arte, 2019ko uztailak 8 zituenean. Gogor egin Ximona!

2020ko maiatzak 29. Mirenen deia argigarria izan zen: Toni badoa. Tira, bagenekien «xomorroa» bere lana egiten ari zela, espero ahal genuela, baina latza da entzutea. Hurrengo egunetan, Marta joango zaie bisitan etxera; egoeraren jabe egin eta, ahal den neurrian, mimo batzuk eman biei. Makal samar ikusi arren, lortzen du irribarre bat ateratzea Toniri. «Tigre! Eta Patxi?». Antza, abokatuak trasladoa eskatu du dagoeneko, baina koronabirusak utzitako egoerak zailtzen du tramitazioa. Itxoitea besterik ez dago. Bigarren bisitarako hitzordua lotuta uzten du Martak, posible dugunean, biok joango gatzaizkie; ea Miren etxetik ateratzea lortzen dugun, bestea Toni-rekin geratzen den bitartean. Hiru aste horietan, aitzakia ezberdinak ipini izan dizkiot Martari Toni bisitatzea proposatu izan didan guztietan. Berari aitortu ez arren, beldur naiz. Azkenean, Patxi Zaballara ekarri dute eta aita ikustera eraman du poliziak. Ekainaren 18an, Uribe Kostara hurbildu gara. Inpresionatu nau Toni ikusteak; egia esanda, ez dauka aurpegi txarra, baina oso makal dago, uzkurtuta sofa gainean, arnasestuka. Emozionatu da gu ikustean. Hitz egiteko ere ez da gai. Txantxa batzuk egin dizkiogu, bizarra egin barik duela eta. Mirenek bizarra egiteko makina atera eta nik eduki dut Toniri bizarra egiteko ohorea. Guapo! Onik egin omen dio, arnasa baretu eta lo seko geratu da. Biharamunean, Mirenen deia atzera be: Toni hil da. Miren, Patxi, muxu handi bana!

Horra, egoera kolektibo baten isla diren bizipen intimo batzuk, errespetu handienez partekatuta, bizi dugun errealitate etsigarria irauli beharrean. Maite zaituztegu!