Dabid LAZKANOITURBURU

Zisjordaniako anexio planak adiskidetuko al ditu palestinarrak?

Etsai bihurtutako anaia palestinarrak azken hamarkada luzeko liskarrak bazter uzteko prest agertu dira hedabideen aurrean. Netanyahu lehen ministroa, berriz, AEBetako arduradunekin biltzen ari da, bi aliatuen artean tirabiratxoak dauden zurrumurrua dabilenean.

Al-Fatah Palestina askatzeko erakunde historikoa eta Anaia Musulman palestinarrak (Hamas) elkarrekin agertu dira hedabideen aurrean, bideokonferentzia bidez, Zisjordaniako anexio planak salatzeko.

Barne liskarrak nagusi izan dira, 2007an Hamasek hauteskundeak irabazi eta Al-Fatah «estatu» kolpe bat ematen saiatu zenetik. Islamistek Gazako Gobernua eskuratu zuten. Al-Fatah Palestinar Aginte Nazionalarekin geratu zen Ramallah-n, Zisjordanian.

Ordutik hona bi alderdiak adiskidetzeko saiakera guztiek porrot egin dute. Azken bilera urtarrilean egin zuten.

Ghassan Jatib aditu palestinarraren ustez, Al-Fatahk zein Hamasek «argi dute anexio proiektua oso garrantzitsua dela, bien arteko liskarrak alde batera uzteko bezain garrantzitsua».

Mugimendu islamistak egunotan Palestinako «klase politikoa biltzera» deitu du, Donald Trumpen AEBek Ekialde Hurbilerako duten planari nola edo hala aurre egin ahal izateko.

«Krisi hau aukera bihurtu behar du gure herriak, palestinarren proiektua berriro martxan jartzeko», azaldu zuen Hamaseko ordezkari Salah al-Bardawil-ek duela egun batzuk. «Lidergo palestinarraren barnean ez dago tokirik monopolioarentzat, bazterkeriarentzat edo bata bestearen gaineko agintearentzat», gaineratu zuen.

Washingtonekin tirabirak?

Bitartean, Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak AEBetako agintariarekin eta segurtasun arloko aholkulariekin biltzen jarraitu du.

Daniel Shapirok, Barack Obama presidente ohiaren agintaldian Israelen AEBetako enbaxadore zenak, bere iritzia eman du: «Palestinarrekiko keinuak daude eztabaidagai. Netanyahuren boto-emaileek nahiago lukete anexio handiagoa, inorekin koordinatu gabekoa eta palestinarrei trukean ezer eman gabe erabakitakoa. Nire ustez, hor dago gakoa».