Idoia ERASO

BAIONAKO EUSKAL MUSEOA, GOITIK BEHERA ERALDATZEKO BIDEAN

Zuzendari berria du Baionako Euskal Museoak, eta aldaketak egiteko planekin heldu da. Sabine Cazenabek urteetako lana izanen denaren lehen urratsak aurkeztuz ireki du erakustokia konfinamendua eta gero. Azkenaren berri ere eman du: museoaren azalera handitzea.

Sarrera pasatuta, Euskal Herriko historia eta gizartea ezagutzeko bidean atzemanen dugun lehen gela guztiz eraldatu du Sabine Cazenave Euskal Museoko kontserbatzaile eta zuzendari berriak. Ez du berak bakarrik egin, noski, taldearen lana «ezinbestekotzat» jotzen baitu, baina bere pasio eta gidaritzapean, museoa goitik behera aldatuko dute. Erakusketa espazioa handitzeko proiektua garatzen ari dira. Egun museoan aldi baterako erakusketak egiteko erabiltzen den espazioa XX. mendeari buruzko informazioa emateko baliatu nahi dute, eta aldizkako erakusketak museotik hurbil legokeen beste gune batean egitea dute xede. Proiektua abian da dagoeneko, sei urte barru bukatu ahal izateko itxaropenarekin, nahiz eta gauzatu ahal izateko ziurtasun politiko osoa ez duela aitortu duen kontserbatzaileak.

Azaroan hartu zuen postua Cazenavek, eta, geroztik, museoa 2000. urtean berritu zeneko egitura eraldatzeko proiektua sortu, garatu eta abian eman du. Ostegunean, konfinamenduaren ondotik museoa ireki zenean, ikusi zen moldaketa horren lehen urratsa, hutsik zegoen hastapeneko gela, aurkezpen gune da orain: «Testuingurua azaltzea falta zen, horrela, eremu geografikoa eta euskara zer den uler daiteke». Bertan, museoa berritzeko erabili dituzten irizpide batzuk atzeman daitezke: espazio guztia baliatzea, bisitaria testuinguruan kokatzea, ikusten denari buruzko informazioa ematea, eta 1920ean museoa sortu zeneko, eta 2000. urtean eraberritu zeneko, ezaugarriak eta materialak batzea. Museoaren ibilbidea segituz joanen da aldaketa egiten, eta aldaketotan beste zenbait irizpide gehituko dira: museotik kanpoko profesionalekin elkarlana bultzatzea, material berriak erostea eta eskuratzea, eta XX. mendearen bigarren erdiko garaia jorratzea.

Hurrengo urratsa, ondoan dagoen bigarrena gela izango da. Historiaurrearekin hasten da, eta Cazenaven iritziz gaur egun espazio anitz hutsik dago bertan. Bada, hori betetzeko arkeologo talde batekin lanean ari da: «Dakitenekin erabaki behar da, ez dakigulako dena». Ondoren, gela berean dauden nekazaritza eta abeltzaintza, eta erlijioari buruzko eremuak landuko dituzte. Aldaketak ez dira maila berean eginen gune guztietan: «Ibilbidearen hasiera aldatu behar da, zaharkituta dagoelako, baina gela guztiek ez dute behar maila bera».

Zenbait eremutako ikerlari eta zientifikoekin ez ezik, artistekin ere eginen du lan, egitasmo berriei loturik «burmuinera eta bihotzera helduko diren ekarpenak» biltzeko. Lehen elkarlana abiatu da, baina parte hartzailearen izena ez du oraindik ezagutzera eman nahi izan. Material berria biltzen ere hasi da Casenave: «Konfinamendua Euskal Herriari buruz hitz egiten duten filmen eskubideak erosten pasa dut». 1960eko hamarkadako objektuen bila ere ari dira, eta, horrekin batera, erosi ezin den ondare immateriala biltzearen garrantzia aipatu du.

Espazio gehiago museotik kanpo

Behetik hasi eta gorako bidea hartuko du moldaketak. Azken estaia aldizkako erakusketako espazioa da orain, baina Cazenaven proiektuan XX. mendeari eskainitako gunea bilakatuko litzateke. «30 urte behar dira historia izateko, lehenago gaurkotasuna da. Horregatik, Euskal Herria 1990ra arte kontatzen duen museoa nahi dut», baieztatu du.

Egun Errobi ibaiaren parean dagoen museoa erakusketa iraunkorrari eskaini ahal izateko, denbora baterako egitasmoak hartzeko beste toki bat behar da, eta, horretarako, etxe multzo berean dagoen espazio bat atzeman dute, hamarnaka metrora dagoen Arte Ederren Bonnat-Helleu Museoaren parean. Horrela, bi erakustokien artean Baiona Tipia auzoan kulturgunea osatzearen helburua indartuko litzatekeela baieztatu du zuzendariak. 2021ean ireki beharko lukeen arte ederrei eskainitako museoaren eraberritze eta handitze lanetako gastuak handitzeak, gauzatu nahi duen proiektuari ez liokeela zertan eragin ziurtatu du.

Euskal Museoaren eraldaketa nagusiaz gain, erakusketa etengabe moldatzen joan nahi du kontserbatzaileak: «Xedea jendea bederen urtean behin etortzea da, eta aldiro harrituta gelditzea». Horretarako, museoaren jabetza diren objektuak berreskuratzeaz, eta material berriak eskuratzeaz gain, denbora baterako erakusketek utzitako ondarea, materiala zein immateriala, baliatuko da, horrekin, museoaren aniztasuna aberastuz.

Bisitariak erakartzeaz gain, museoaren inguruan gaur egun dagoen dinamika atxiki eta garatu nahi du Cazenevek. Hain zuzen ere, ostegunero ekitaldiak antolatuz, musika, dantza eta hitzaldien inguruan, «haurrak eta gazteak Euskal Museora erakartzeko».