Kontxi Aizarna Letamendia
KOLABORAZIOA

Osasun sailburuari, Osakidetzari edo dagokionari

Jende asko entzuten dut kexatzen lehen arretako anbulatorioak direla eta. Ni ere kexu naiz. Covid-19a dela eta ezohiko arreta telematikoa edo telefonikoa ari dira eskaintzen anbulatorioak. Belarrian garitsu moduko bat atera zaizula eta argazkia bidaltzeko esaten dizu zure medikuak. Aurpegian zenuen orbain txikia handitzen ari dela eta argazkia eskatzen dizue. Hernia moduko kozkor bat atera zaizula eta, bidali argazkia posta elektronikoz, esaten dizu zure familia medikuak. Baina minez zaude. Nola atera erretratua minari? Nik nire medikuarekin egon nahi dut aurrez aurre. Nire medikuak nire begirada ikustea nahi dut eta nik berea.

Ekainaren 4an hitz egin nuen nire medikuarekin. Deskribatu nion nire mina eta espezialistarekin hitz egingo zuela eta deituko zidala. Gaur uztailak 2 ditu eta ez dit inork kasurik egin. Ez nire medikuak ez espezialistak.

Hartu nuen, berriz ere, hitzordu telefonikoa gaur goizeko hamarrak eta hogeirako. Arratsaldeko bostak dira eta oraindik ez dit deitu.

Ulertzen dut paziente bakoitzarekin zerbait luzatzea kontsulta telefonikoa, baina zazpi orduz deiaren zain egotea gehiegitxo delakoan nago. Jaiki naizenetik telefonoa eskuan dudala ibili naiz. Komunera joan naizen bakoitzean ere, nirekin eraman dut telefonoa. Arratsaldeko bost eta erdiak. Sorpresa! Medikuak deitu dit! Ematen dizuten hitzordua gutxi gorabeherakoa da, esan dit. Tarte zabal samara, zazpi ordu, alajaina! Bihar goizean kontsultara joateko hitzordua eman dit. Berak egingo du nire minaren erretratua.

Hala ere, idazten hasi naizenez... Ados egun bizi dugun egoera ezohikoak hainbat neurri hartzera behartu gaituela, baina, pixkanaka, normaltasunera iristen ari gara, nahiz eta “normaltasun berria” deitu. Tabernak, terrazak, txokoak, hainbat haur eskola, museoak, dendak, aireportuak, Donejakue bideko aterpetxeak... guztiak ari dira irekitzen. Eta, anbulatorioak, noiz? Anbulatorioek, nonbait, ez dute diru sarrerarik. Kutsatuak izateko beldur dira gure medikuak? Ulertzekoa. Norbera babesteko ekipamendu gabe jarraitzen dute? Uste dut denok dakigula mediku baten kontsultan ze garrantzia duen elkar begiratzeak, pazientearen gorputz hizkuntzak eta, askotan, aurrez aurre hitz egiteak ematen duen lasaitasuna edo segurtasuna. Ondoez baten aurrean gure medikuarengana jotzen dugu. Babestu ditzagun eta babestu gaitzatela.

Baldin eta osasuna bada lehentasuna, benetako lehentasuna eta ez hitzezkoa bakarrik, has gaitezen anbulatorioak ere irekitzen, behar diren segurtasun neurri guztiekin. Bestela larrialdietara joaten hasiko gara eta horiek kolapsatzea bai izango litzake benetan larria.