Surflari ernegatua

Pisu handiko harri bat

Surf estatua eta monumentuen izenak ez dira batere originalak. Surfari edo surflariei eskainitako eskulturek, sarri ez dute izenik, eta surflari zehatz bati eskainitako lanek surflariaren izena baino ez dute izaten. Tontokeria dirudi, baina lan bati ematen zaion izenak garrantzia duela uste dut, begiekin ikusten dugunaz harago, bestelako begirada bat izaten lagun baitezake esanahai bat duen izen batek.

Beste aukera bat izena jendearen esku uztea da. Adibidez, japoniarrek parkeetako bideak egiten dituzten bezala ezar daitezke izenak. Hau da, parke bat estreinatzen dutenean ez dago biderik, beraz, jendeak gehien komeni zaion lekutik zeharkatzen du zelaia, eta jendeak gehien hartzen duen bidearen arrastoak geratzen dira lurrean. Ondorioz, lurreko marka horiek jarraituz eraikitzen dituzte zelaiak gurutzatzeko bideak. Izenekin ere antzeko zerbait egin daiteke: hasieran izenik gabe ezarri obra leku batean, eta, denbora bat geroago, jendeak nola deitzen duen entzun ostean, izen hori bera jarri estatuari.

Posible de obraren egilearentzat jendeak ezarritako izena gustukoa ez izatea. Obrarekin zerikusirik ez duen izen bat ere jar dezakete, baina, edonola ere, kalean dagoen eskultura bat, bere egiazko izenaz harago, jendeak ezartzen dion goitizenagatik izaten da ezaguna.

Egia da besteei ezizenak jartzeko orduan sarri gaiztakeria gailentzen dela, baina horrek ere badu bere grazia. William Hazlitt idazle ingelesak esaten zuen moduan, «goitizen bat deabruak pertsona bati bota diezaiokeen harri pisutsuena da, imajinazioaren amesgaizto bat, eta, nahiz eta beregan sinesten ez dugun, gure beldurrak sufriarazten ditu».