Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Abstentzioaren birusa

Gaur emango zaio bukaera Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainari. Ohi bezala, alderdiak euren programak aurkezten ibili dira azken hamabost egunotan, baina oraingoan prozesua ez da berdina izaten ari. Pandemiaren itzalean egindako hauteskundeak izango dira oraingoak. Horrek, dudarik gabe, aurkeztutako proposamenetan eragina izan du; baina ez horretan bakarrik, baita hartu beharreko segurtasun neurrietan, posta bidezko botoari eman nahi izan zaion lehentasunean eta parte hartzean izan daitekeen jaitsieran ere.

Mitinak ez dira ohi bezain jendetsuak izan eta gomendatutako gutxieneko segurtasun distantzia gordetzeak nolabaiteko hoztasuna eman die ekimenei. Igandekoa ere ez da erraza izango: babes-maskara jantzita joan beharko gara botoa ematera, bozkatu aurretik eta ostean eskuak garbituko ditugu, hauteskunde lokalak ez dira izango betiko legez bizilagunekin solasaldian egoteko lekuak, eta emandako argibide berri guztiei adi egon beharko dugu.

Ez dakigu zer gertatuko ote den, baina aldaketak, ziurgabetasuna eta sortu daitekeen beldurra ez dira lagungarriak izango parte hartzea sustatzeko. Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia ez da itxaropena handitzeko lagungarria izan. Goierriko egoera ere ez da batere mesedegarria, ezta kanpoan bizi diren hautesleek botoa emateko dituzten zailtasunak ere. Are gehiago, nabaria izan daiteke krisiak, dagoeneko, gogor eragin dituenak izan dezaketen ardura falta hauteskunde ziklo honen inguruan. Hortaz, pandemiak, zailtasun logistikoak sortzeaz gain, demokraziaren osasunari ere eragin ahal dio.

Ez da, hala ere, etxean geratzeko egun aproposa. Konfinamenduaren osteko udako asteburu batean kanpora joateko gogoari eutsi beharko diogu oraingoan, tarte batez bada ere. Aldaketa garaiotan, erabaki politikoen garrantzia are agerikoa denean, ezin dugu utzi besteek gugatik erabakitzea. Ulergarria izan daiteke segurtasun eta lasaitasun bila aritzea ziurgabetasunaz inguratuta gaudenean, baina, era berean, ez ote dira aldaketak inoiz baino beharrezkoagoak?