Ibai AZPARREN
IRUÑEA

«Baskoien lurraldearen bihotza», Irulegiko gazteluaren atarian

Aranzadi Zientzia Elkarteko talde bat lanean ari da uztaileko lehen bi asteetan Irulegin, Iruñeko arroko Burdin Aroko herrixka gotortu nagusietakoan, mila urte baino gehiago igaro ondoren eraikitako Erdi Aroko gazteluaren parean. «Baskoien lurraldearen bihotzean» kokatutako herrian umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu dituzte. Baita erromatarren aurreko baskoiek orain arte uste zena baino bizimodu aurreratuagoa zuten ebidentziak ere.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Arkeologia Saileko hamar bat kide Irulegin, Aranguren ibarrean, ari dira lanean uztaileko lehen bi asteotan. Indusketaren zuzendaria den Mattin Ayestaranen hitzetan, lanon helburua erromatarrak iritsi aurreko baskoien eguneroko bizitzarekin eta populazioekin lotutako xehetasunak ezagutzea da.

Indusketak hasi aurretik, bi urtez, teknika geofisikoak aplikatu dituzte lurpean ezkutuan dauden eraikuntzen egiturak ezagutzeko asmoz. Prospekzio horiek, in situ hartutako lagin arkeologiko horiek eta, arkeologoaren arabera, aztarnategiaren «argazki izoztuek» baieztatu dute Irulegiko gazteluaren alboan Burdin Aroko herrixka baskoi bat zegoela, mila urte baino gehiago igarota, Erdi Aroan eraikitako Irulegiko gazteluarekin zerikusirik ez duena.

Indusketa-lanetan, besteak beste, Burdin Aroko bizitoki-egitura baten aztarnak, harrizko eta adobezko hormak, zeramikazko ontziak, harrizko errotak eta garai hartan (K.a. VIII-I. mendeak) kontsumitzen zituzten animalien aztarnak dokumentatu dituzte.

Hiriko bilbearen plangintzak herrixka bateko eraikuntza ugari erakusten ditu. Horri guztiari eta barruan topatutako aztarnen egoera «bikainari» esker, kontzentratutako eta gotortutako bizitokiotan bizi zirenek osatutako gizartea sakon aztertu ahal izateko aukera sortu da. Izan ere, orain arte baskoiei buruz egindako ikerketek ziurgabetasun baino zalantza gehiago eragin dituzte. «Erromatarrek hiri eta lurralde batzuk deskribatzen dituzte, baina ez dakigu hau guztia inguratzen duen lurraldearen mugak non dauden. Hori bai, badakigu honakoa dela baskoien lurraldearen bihotza», azaldu zuen Ayestaranek.

Arkeologia-taldeko zuzendarientzat bereziki deigarria izan da haur jaio berri baten gorpuzkiak aurkitu izana. Etxe baten barrualdeko zoruan lurperatu zuten haurra, baskoien sinesmenen arabera, babes tokia, leku sakratua eta aldi berean pribatua litzateke; izan ere, uste dutenez, komunitateko gainerako kideekin egin ohi zuten moduan nekropoli batean erraustu ahal izateko adina bete gabe zuen haurrak hiltzean.

Jasotako informazio guztia aztertu ondoren, Aranzadiko arkeologia-taldeak uste du gotortutako herrixkak 10 hektarea inguruko gehieneko hedadura izan zezakeela. Inguru horretatik gertu dauden herriak 3 hektareakoak dira.

Erromanizazioak eragin zituen prozesu gatazkatsuak eta ezegonkortasuna ulertzeko beste funtsezko elementu bat da herrixkaren zati bat nahita suntsitu zutela erakusten duen ustezko ebidentzia. Izan ere, seguru asko nahita piztutako sute baten aztarnak aurkitu dituzte.

Lortutako ebidentziek inguruotan bizi ziren baskoien kultura eta gizarte ohituren arrastoak ematen dituzte. «Orain arte pentsatu izan da baskoiak Pirinio aurreko haranetan, Pirinioetan eta Nafarroako mendietan atzeratuago zeudela kultura eta gizarte gaietan. Honek agerian uzten du ez zela horrela, Ebroko haranean aurkitutako bera hemen aurkitu dugu», nabarmendu zuen arkeologoak.

Egindako lanek agerian utzi dute Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia dela. Arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da hurrengo urteetan Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko.