Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Kepa Peñagarikano eta Josean Olaskoaga, Aizperro

Urteko desafioa, aizkora, harri-jasotze eta korrikan, biziko dute Azpeitiko zezen-plazan larunbatean.

Heldu da eguna, uztailaren 18a. Desafio misto aski interesgarria izango da Azpeitiko zezen-plazan, arratsaldeko zazpietan.

Herri kirolean bata zein bestea ez dira asko nabarmendu, baina lehiaketarako grina sortzen denean aukera galtzea lelokeria da. Oraintxe daude sasoi onean eta hiru herri kiroletan arituko dira norgehiagoka –lehen, Peña pilotan eta Josean arraunean aritutakoak dira–.

Hasieran harri-jasotzen 100 kiloko bola erabiliko dute. 35 jasoaldi eman ondoren, aizkoran aritzeko sei kana-erdiko enbor plaza erdian prest izango dira. Eta, azkenik, gelditzen zaizkien indar apurrak ongi erabili eta apustua borobiltzeko korrika 4 kilometro eta 500 metro osatu beharko dituzte; hau da, 45 itzuli eman beharko dizkiote zezen plazari.

6.000 euro jokoan

Hori guztia azkarren egitea lortzen duena 6.000 euroren jabe bihurtuko da, bakoitzak 3.000 euro jarriko baititu jokoan. Dagoeneko seinalea ipini dute eta baimena lortu dute. Koronabirusa dela-eta bete beharreko arauak ongi konplituko dira ekitaldi honetan. Badirudi jendea sarrera bila hasi dela eta zezen plazan ez dela inolako arazorik sortuko.

Urteko desafioa zuen esku dago. Paparrean domina jarri behar bada, merezimendu osoz jarriko genizueke. Ez zarete herri kirol arloan lehen mailakoak, baina larunbatean, 19.00etan, merezi duzue jendearen erantzun bikaina jasotzea.

Josena Olaskoaga «Aizperro»

«Tartean luzapenak eta gorabeherak izan dira»

Eguna iritsi da. Gertu?

Bai, luze samar doa, baina benetako eguna gainean dugu, jendearen aurrean garen bezala, ondo prestatuta agertzeko. Tartean luzapenak eta gorabehera ugari izan dira.

Duela urtebete inguru izan zenuen lesioa. Konpondu al da aberia?

Harri-jasotzen izterrean ezbeharra izan nuen eta seko gelditu beharra izan nuen. Galera handia izan da. Zangoko soineko lokarriak ongi kateatu arte geldirik egotea da gomendioa.

Zuk aizkoran ibilbide labur bat egina duzu.

Urtebete inguru egin nuen. Bigarren mailan finalera iritsi nintzen. Mugerzak irabazi zidan; tantaren bat faltan, 10 segundoren aldea izan nuen eta txapeldunorde gelditu nintzen.A.O.

Kepa Peñagarikano

«Beharbada, aizkora da niretzat zailena»

Jende askoren begiak zuengana iraulita izango dira

Ba, hala bada, hobe. Ni saiatuko naiz, erabat saiatu ere, larunbatean lan ona egin, ahal bada irabazi eta bertan biltzen den jendeari gozamena emateko.

Min hartuta ere egon zinen?

Hala da, iaz abuztuaren 30ean, Pentatloian. Aizkora hanka gainera erori zitzaidan eta zoritxarrez ebaki latza egin nuen.

Min hartuta ere egon zinan?

Bueno, ni pilotaria izan nintzen 13 urtez eta desafioko hiru kirolen, harri-jasotzea, aizkora eta korrikaren, artean ez nuke bereizketa asko egin beharrik. Beharbada, aizkora da niretzat zailena, teknika asko landu behar da.A.O.