Iñaki Agirresarobe Arzallus
KOLABORAZIOA

Erleen burrunba

Udaberriarekin batera inguruak loratzen hasiak ziren: sagarrondoak, aranak, gereziondoak, sahatsak... eta beste hainbat zuhaitz mota ere bai. Lo egon ondoren, esnatzen hasia zegoen natura, loaldi luze batetik iratzarririk, alegia.

Erleak ere erlauntzetatik irteten hasiak ziren. Neguan beraientzat gorderik zuten eztiaz baliaturik, orain loretik lorera ibiltzeko aroa zetorkien, polinizatu eta naturari mesede egin.

Basoko harizti eta pagadi paregabean txilarra ere aurki zitekeenez, burrunba batean irteten hasi ziren. Nor bere erlauntzako zulotxotik jalgi, goitik behera ikusi eta loreak behatuz haiengana hurbiltzen ziren.

Loretik lorera ibili bakoitzeko beraien janaria atzaparkaturik beraien etxebizitzara garraiatzen zuten, han abaraska bakoitzean argizarien zulotxoetan uzteko. Beraien uzta jasotzeaz gain, izadiari ere onura egiten zioten etengabe.

Mendi magaletan zeuden erlauntzetan etengabeko joan-etorria ikusten zen, igartzen zen, aro berriaren usaina ere agerikoa zelarik. Ondoko sagastiek ere zuritasun ederra azaleratzen zuten sailean eta irudi paregabea islatzen zuten. Gero, Kalezar auzotik barna hegan egiten zuten egunero erleek Zubieta gainetik Andatza mendian barneratzeko. Inguru basatia zen, baina duela gutxi ke beltza isurtzen duen etxe erraldoi bat eraiki zuten. Honezkero, ezti zaporea eta kolorea erabat baldintzaturik geratuko da.

Erleak ezinean eta negarrez ikus daitezke beraien ingurua zapaldua, eraitsia eta ebatsia izan delako. Beraien etxeetara iristen dira, baina erabat nekaturik, akiturik eta noraezean. Hala eta guztiz ere, langile finak direnez, erlauntzen iraupena ziurtatzeko egunero jalgitzen dira basora eta pentzeetara joateko eta behar den uzta ekarri ahal izateko. Erregina ongi babestu nahi dute, arrautzak errun ditzan eta erleen iraupena ziurta dadin.

Erlauntzetako erleen lana etengabea da eta inork txintik esan gabe ari dira jo eta su. Abarasken zulotxoak eztiz estaltzen ari direla nabarmentzen da. Iraila aldera iritsitakoan, erlezainek igarriko dute eginiko lana. Nahiko beteak ikusiko dituzte, baina iazkoa baino uzta arinagoa. Agian, Zubietan eraikia dagoen ke isurle erraldoiaren eraginez izango da. Dena dela, urtero bezala, erleei baimenik eskatu gabe eztia ateratzeko aroa iritsiko zaie.

Bien bitartean, erleek lanean jarraitzen dute negurako janaria ere behar baitute, erlezainek dena ez badiete kentzen, noski. Hala eta guztiz, erlezainentzat onuragarriagoa denez, dagokien kopurua soilik ontziratuko dute. Urte osoko lanaren ordaina datorkie zaintzaileei, eta gero, azokaz azoka saltzekoa. Aurten eztiaren sor-markari unean-unean dagokion izena ipin diezaiokete: Erlaustegia.

Zubietako erraustegiak ere zaporeari eragingo dionez, eztiaren izenean ere zerikusia izan lezake. Oraingo honetan kolorea arreagoa atera liteke, zaporea mingotsagoa eta testura lohitsuagoa.