2020/07/19

Amalur Alvarez
Gure Eskuren bozeramailea
Zertarako parte hartu?

Zertarako bozkatu? Zertarako parte hartu politikari guztiak berdinak badira? Azken urteotan, herritarron artean erakundeekiko mesfidantzak indarra hartu du, eta EAEko azken hauteskundeetan apatia politiko horrek isla izan du emaitzetan. Izan dugun parte hartzerik baxuena izan da joan den uztailaren 12koa. 

Ez da kasualitatea. Inoiz baino globalizatu eta deslokalizatuena den munduan herritar ugarik sentitzen du bere bizitzak gidatzen dituzten erabakiak urrun hartzen direla. Eta, gertuko erakundeen gehiegizko instituzionalizazioak, lau urtetik behin bozkatzeak zein erabakien zurruntasunak sentsazio hori elikatzen laguntzen du. Izan ere, azkartasun eta, eraginkortasunaren izenean, herritarron gogoetei, eztabaidei zein beharrei nekez ematen zaie tokiren bat erakundeetan.

Azken hauteskundeei begira, politika instituzionalizatuak badu zer hausnartu, beraz. Demokrazian, herritarron parte hartzea erabakien zilegitasunaren oinarria da, baita politika tokian tokiko beharrekin bat ulertzea ere. EAEn gobernantza eredua demokratizatzeko beharra berretsi da hauteskundeetan. Politika sozialean dihardugun asko horretan ari gara lanean, eta, orain, politika instituzionalak demokrazia ereduari buruz hausnartzeko momentua da.

Herritarron parte hartzeak, gainera, duina behar du izan, eta hilabete hauetan ikusi dugu osasun krisiari aurre egiteko guztion eskubideak murriztu dituzten erabakiak hartu direla. Herritarron bizitza politiko eta soziala mugatu dituzte. Gobernuen irtenbidea ezin da izan herritarron eskubide eta askatasunak mugatzea; are gutxiago, herritarrak hauteskunde batzuetan parte hartzera deitzen gaituztenean. 

Herritarrok ere badugu zer hausnartu. Eskubide eta askatasunak izateaz gain, betebeharrak ere baditugu. Demokraziaren zaintza guztioi dagokigu; guztion ardura da; erakunde, eragile eta herritar guztiona. Gizarte justuago bat eraikitzeko ardura dugu eta gure eskubideak murrizten dituzten erabakiak non, nola eta zeinek hartzen dituen arretaz begiratu behar dugu eta gehiegikerien aurrean mobilizatu. Herritarroi dagokigu erabakiak gure beharrak aintzat izanik hartzen direla ikuskatzea eta, hala ez bada, argi adierazi, alternatibak proposatu eta horien eraikuntzan parte hartzea. 

Hortaz, herritarroi parte hartzeko arrazoiak ez zaizkigu falta, baina horretarako tresnak biderkatzea premiazkoa da. Gure erabakiak hemen hartzeko bideak irekitzea ere ezinbestekoa izango dugu, bada, urrun hartutako erabakiak herritarron kontrol demokratikotik kanpo gelditzen direlako. Horretarako, pasatzen utzi ezin den aukera dugu EAEn. Estatus berri bat elkarrekin eraikitzeko eta erabakitzeko aukera historikoa. Haren oinarriak behetik gora adostea eta eredu parte hartzaileago bati elkarrekin bide ematea gakoa izango da gizarte justuago bat posible egiteko. Eta horrek ezinbestean eskatzen du erabakitzeko eskubidea legeztatzea.

Berreraikuntzarako garaiak dira, erabakiak herritarron eskuetan jarriz, erakundeak irekiz, gobernatzeko eredu kolaboratiboagoak eraikiz, hemen erabakitzeko tresnak posible eginez eta herri perspektiba indartuz. Eragile sozial anitzekin elkarlanez abiatutako Hamaika Gara –hamaikagara.eus– egitasmoak asmo hori du, hemen eta herritarrok erabakitzea posible egitea. Izan ere, bizitza politikoaren eremu guztietan erabakitzen hasi behar dugu: Osasunaz, hezkuntzaz, hizkuntzaz, kulturaz, lanaz, etxebizitzaz, zaintzaz nahiz estatus politikoaz. Aldaketa garaiak dira; aukera baliatu eta elkarrekin gauzatu dezagun gure herriak behar duen berreraikuntza.