Imanol CARRILLO
Golfa

Jon Rahm, Barrikatik mundura

PGA zirkuituko Memorial txapelketa irabazi eta munduko sailkapeneko lehen postura heldu da 25 urteko golf jokalari bizkaitarra.

«Bi senide galdu ditut berrogeialdiko hilabeteotan. Horietako bat nire amaren aldeko amona izan da, gurasoei haurra nintzela ni zaintzen lagundu zien emakumea. Hau ikusten bazaudete aita, ama, eskerrik asko, eskerrik asko guztiagatik, benetan, eskerrik asko». Hitz hunkigarri horiekin, azken eskertze hitzak euskaraz eginez, zuzendu zitzaien Jon Rahm gurasoei, ziur aski Barrikan telebistari begira hunkituta eta harro egongo ziren gurasoei. Ez da gutxiagorako, euren semea, PGA zirkuituko Memorial txapelketa irabazi eta munduko sailkapeneko lehen postura heldu baita. 25 urte besterik ez ditu Jon Rahmek.

Oihartzun handia izan duen albistearekin esnatu zen atzo golf eta kirol mundua, are gehiago Euskal Herrian. Ordu batzuk lehenago lortu zuen balentria Jon Rahmek –AEBekiko ordu aldea kontuan izan behar da–. Memorial txapelketako azken jardunaldiaren zain zeuden begi asko, Muirfield Villagen, Ohion, zer gertatuko zain. Euriak lehia geldiarazi ere egin zuen une batez, egoerari emozio gehiago eman nahian edo, baina bizkaitarrak ez zuen hutsik egin une garrantzitsuenean eta bere profesional ibilbideko 11. garaipena lortu zuen, AEBetako PGA zirkuituan lortzen duen laugarrena. Kontuan izan behar da, gainera, lau urte bakarrik daramatzala profesional mailan.

Kalitatez eta erritmoa markatuz hasi zuen ibilbidea, lehen itzuli bikainean lidergoa sendotuz. Halere, bigarren zatian arazoak izan zituen, 10. eta 14. zuloetan bogey bana eta 11. zuloan bogey bikoitz bat egin baitzituen. 16. zuloan birdie bikaina egin zuen, kontrola berreskuratuz –nahiz eta ondoren epaileek bertan behera utzi eta bogey bat eman zioten–. Azkenean, lidergoa sendotu eta parraren azpitik 9 kolpe lortuz, oso gaztetatik desiratutako ametsa lortu zuen Rahmek: munduko rankingeko lehen postua lortzea. Rory McIlroy irlandarrari “lapurtu” dio ohore hori.

Hastapenetatik gailurreraino

Hiru urte eta sei hilabete igaro dira soilik profesional bezala Rahmek irabazi zuen lehen txapelketatik. Profesionaletara igaro eta hamabigarren torneoan altxa zuen lehen garaikurra. San Diegoko Farmers Insurance Openean ipini zuen firma bizkaitarrak, baina ordurako golf munduak ondo ezagutzen zuen 1994ko azaroaren 10ean Barrikan jaiotako morroskoa.

Profesionaletarako pausoa ez zen egun batetik bestera etorri, noski. Golf jokalari afizionatu bezala, munduko sailkapeneko lehen postua eskuratu zuen eta 60 astez egon zen gorenean. Hori guztia, Arizonako Estatu Unibertsitatean Komunikazioa ikasi eta Athleticen ibilbidea jarraitzen zuen bitartean. Izan ere, Jon Rahm zuri-gorri sutsua da, bere Twitter kontuan azaltzen duen bezalaxe: «PGA Tour member. Taylor Made player eta betiko Athleticzale».

2016ko AEBetako Irekiaren ondoren –23. lekuan amaitu eta amateur onena izan zen– pasa zen profesionaletara. Ordutik, ibilbide izugarria egin du karisma handiko kirolariak. 2017an mundua txunditu zuen hiru txapelketa irabaziz: San Diegokoaz gain, Europako Zirkuituko DDF Irish Open eta Dubaiko DP World Tour Championship. 2018an bi garaipen lortu zituen: CareerBuilderChallenge eta Hero World Challenge. Gainera, Ryder Cup txapelketa ospetsua jokatzeko hautatu zuen Europako taldeak. Bertan, bere idolo Tiger Woodsen aurka aritu zen. Rahmek “Tigreari” irabazi eta amaieran kopa preziatua altxatzea lortu zuen Europak.

2019an beste lau txapelketa irabazi zituen: Zurich Classic of New Orleans PGA Tourrean, eta Dubai Duty Free Irish Open, Espainiako Irekia eta DP World Tour Championship European Tourrean. Race to Dubai trofeoa ere irabazi zuen. Memorial txapelketakoa du Rahmek aurtengo lehen garaipena, baina, pandemiaren aurretik, bigarren izan zen Farmers Insurance Openean eta hirugarren WGC Mexico Championshipean.

Elkarrizketetan eta bere webgunean bertan «golf munduko historiaren parte izan nahi dut» aldarrikatzen du ozen Rahmek. Aspaldi hasi zen historia idazten, eta, orain, 25 urte eskasekin, munduko golf jokalari onena izatera iritsi da. Ba al du mugarik Barrikan jaio, Arizonan trebatu eta golf mundua txundituta uzten ari den euskal kirolariak?

Honi buruzko guztia: Golfa