Ion Murgiondo, Josebe Blanco, Lur Pagoaga
Artzainak
KOLABORAZIOA

Artilearen afera

Azken urteotan artilea balioa zuen lehengaia izatetik hondakina izatera pasatu da; sandach-3 kategoriatakoa, hain zuzen ere. Kategoria horretan sartzen dira, artilearekin batera, adarrak, apatxak, odola... Betiere, gaixotasunik ez daukaten animalienak. Han eta hemen sortu dira artilea erabiltzeko proiektuak, baina gaur egun, ez dago irtenbiderik Gipuzkoan dagoen artilea modu duinean hartuko duena. Mendeetan artilearekin bizi izan gara, jan izan ezik, denetarik egin dugu –eraikinak babestu, lo egin, jantzi...–.

Baina baten batek erabaki zuen arriskutsua zela, eta orduan arazo bilakatu. Alde batetik, baliorik ez duen hondakin bilakatzen da. Bestetik, hondakinen sailkapenean, sandach-3 izateak behartzen du araudiak ezartzen dituen tratamenduetara bideratzea.

Lehen mankomunitateek hartzen zuten beren gain horren guztiaren kudeaketa, landa garapenerako bulegoekin batera, baina artilea hondakina zela eta, uko egin zioten artilearen bilketaren ardurari. Iaz, Foru Aldundiak 59.000 euro inguruko aurrekontua bideratu zuen artilea bildu, eta Artaxoako Ecofert S.L. enpresara eraman eta konpostatzeko. Aurten aurrekontua 17.000 eurora murriztu da.

Antza, 2020ko hasieran hasi ziren aurtengo artilearen gaia lantzen, eta aurreko asteotan hartu dira artzainoi zuzen-zuzenean eragiten diguten erabakiak. Dirudienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ENBA eta EHNE Gipuzkoa sindikatuek, Abelur eta Lurgintza gestio-etxeek eta artzain elkarteek adostu egin dute aurtengo artile-bilketa; eta horren antolaketaren ardura hartu dute euren gain Landaolak, Lurgintzak eta Abelurrek.

Artzainoi gutun bidez heldu zaigu erabakiaren berri, pasa den astean. Arestian aipatutako erakundeek, artzainokin kontatu gabe, erabaki dute bilketa eta garraioaren kostua, neurri handi batean, artzainon gainean geratuko dela. Horretarako, Foru Aldundiaren jarraibideak aintzat hartuta prestatu da aurrekontua, eta kalkulatu artaldearen tamainaren araberako prezioa; ez, ordea, eramandako artile kilo kopuruaren araberakoa. Gauzak horrela, 250 buruko artaldea duenak 133,10 euro ordaindu beharko ditu. Ordaintzeaz gain, dagokion gunera artilea eraman eta bertan hustu beharko du. Iaz baserrietara joaten zen kamioi bat artilea jasotzera, eta 26 euro ordaindu zituenak aurten 108,90 euro ordaindu beharko ditu.

Beste herrialdeetan, artilea mankomunitateetako garbiguneetan edota horretarako prestatutako pabiloietan jasotzen da, eta ez zaie ezer kobratzen artzainei. Beste lan batzuetan sortzen diren hondakinak –igeltsero lan txikiak, adibidez– garbiguneetan husten dira, inongo arazorik gabe eta profesional horrentzat aparteko kosturik gabe, ulertzen baita bere jarduera profesionala dela-eta ordaintzen dituen zergen barne geratzen dela hondakin horien kudeaketa.

Baserritarron kasuan ez da horrela gertatzen, gurea beti da aparteko arazo bat, eta askotan geratzen da gure bizkar gainean. Hori bai, gure «hobe beharrez» eta «laguntzeko asmotan» asko ibiltzen dira, baina gurekin kontatu gabe, gurekin hitz egin gabe. Eta bitxia da oso, prozesu horretan zeintzuk izan diren ikusita: nekazarion sindikatuak, artzain-elkarteak, baserritarrek osatutako gestio kooperatiba eta elkarteak. Ez da kontu erraza artilearen afera, eta batzuk benetan nahi eta ezin ibiliko dira. Baina zer gertatu da mahai horren bueltan horiek guztiek, gure interesak defenditzen dituztenek, artzainokin prozesu hori ez kontrastatzeko?

Hau sinatzen dugunok zera eskatzen dugu: artileari erabilpen duina ematea eta artzainon iritzia eta errealitatea kontuan izatea. Horretaz gain, eskatzen dugu beste lanbideetan gertatzen den bezala, mankomunitateek euren ardura hartzea eta artileak ez suposatzea beste gainkostu bat artzainontzat.

Atxikimenduak adierazteko, change.org webgunean sinatu ahal da: “Artile bilketa bidezkoa, artzainekin batera erabakita”.