2020/07/29

Emakumeen Superkopa formatu berria Bilbao Arenan jokatuko da irailean
GARA
0729_kir_saskibaloia

Emakumeen Ligako Superkopa irailaren 12an eta 13an jokatuko da, Bilbao Arena pabiloian, eta Perfumerias Avenida, Spar Girona, Valentzia BC eta Lointek Gernika Bizkaia izango dira lehian. Denboraldiko lehenengo titulua egongo da jokoan, eta bi finalaurreko eta finala jokatuko dira Miribillako pabiloian.

Prebentzio protokoloak errespetatu eta osasun agintariek ekitaldiaren unean ezartzen dituzten arauak bete beharko ditu jendeak une oro, parte hartzaileen eta zaleen segurtasuna lehenetsiz. Ildo beretik, sarreren salmenta aurrerago iragarriko da.

Spar Girona talde katalanak aurreko denboraldian Gironan bertan lortutako titulua defendatuko du. Perfumerias Avenida Salamancako taldeak ditu Superkopako titulu gehien, zortzi hain zuzen, eta Valentzia BC eta Lointek Gernika Bizkaia taldeek lehen aldiz parte hartuko dute lehiaketa honetan.

Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaiako kapitainak uste du Bilborentzat eta oro har Bizkaiko saskibaloizale guztientzat «aukera paregabea» dela. «Etxean jokatzea alde handia da guretzat eta ilusio berezi bat izango dugu Bilbao Arenan lehiatzeko iazko bizipen gogoangarrien ondoren (5.562 ikusle bildu ziren)», adierazi du altsasuarrak. Gerardo Candina presidenteak, aldiz, uste du Superkopa hau «saskibaloiaz gozatzeko egunak» izango direla.