Gasteizko Txosnak 40. urteurrena ospatzeko prest, krisira egokituta

Gasteizko txosnen 40. urteurrenaren ospakizunak ez dira jaietan eta txosnagunean gauzatuko, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz. Baina ospatuko dute, noski. Eragile bakoitzaren esku egongo da urte osoan, 2021eko Gasteizko jaietara bitartean, ekimen eta sorpresa ezberdinak antolatzea, molde eta espazio desberdinetan. Iazko leloari jarraituz, txosnagunean agian ez, baina bestela ere «entxosnatuko» dira gasteiztarrak.

Gasteizko txosnak orain 40 urte sortu ziren, helburu garbiekin: batetik, jai herrikoi eta alternatiboak sortzea eta, bestetik, urteroko jaien aldarriak momentuko borroka sozialekin uztartzea, urtean zehar lanean aritzen diren eragileei toki eginez eta guztien artean espazio bateratu bat eraikiz.

Berrogei urteko ibilbide horretan, aldaketa ugari izan dituzte Gasteizko txosnek, batzuk kanpotik inposatu dizkietenak eta besteak eraldaketarako hartu dituzten erabakiak. 1980an hiriaren erdigunea hartu zuten eragile ezberdinek, Florida parkean kokatu zuten beraien jai eta aldarria, herritarrei Udalaren eskaintzaz aparteko ekitaldiak eskaintzeko. Hor urte batzuk egin ondotik, Katedraleko parkera mugitu ziren, baina 2000. urtean, Alfonso Alonso PPko Gasteizko alkateak erabaki zuen festa hura erdigunetik kanporatzea, eta harrezkero Unibertsitateko campusean kokatu dira txosnak.

«Helburua argia zen, Gasteizko jaietako muin horretatik kanporatzea eta Gasteizko jaietan normalean hutsik dagoen espazio batera bidaltzea. Lanaren ondorioz, lortu dugu espazio propio bat lortzea, eskaintza handikoa, jende asko, adin guztietakoak eta eragile asko biltzen dituena. Ez dut uste Alfonso Alonsok bere garaian jakin izan balu txosnaguneak kanpoan izango zuen indarra eta presentzia, erdigunetik bidaliko gintuztenik. Aprobetxatu dugu egoera hori gure espazio handi eta propio hori eraikitzeko», azaldu du Saul Jimenez txosnetako batzordeko kideak.

Alta, lekualdaketez gain, Gasteizko txosnetan urte hauetan guztietan lanean aritu direnek ahalegin berezia egin dute festa eredua irauli eta birpentsatzeko. Jimenezek aipatu du egungo jai eredua «heteropatriarkala eta kontsumo basatian oinarritutakoa» dela, eta beraiek horri buelta eman nahi izan diotela beti. Hala, mugimendu feministak txosnetan egindako lana nabarmendu du, hari esker emakumeentzako «espazio seguruagoa» delako Arabako hiriburuko txosnagunea.

Aurten, baina, Gasteizko Andre Mariaren jaietan ez da jairik eta txosnagunerik egongo, eta gasteiztarrek ezingo dute ospatu hiriko txosnen 40. urteurrena hasiera batetik planteatutako moldeetan. Jimenezek ohartarazi duenez, «txosnagunean ezin dira mantendu segurtasun neurriak».

Horrek ez du esan nahi urteurrena ospatuko ez dutenik; kontrakoa, hainbat ekimen egingo dituzte, eta jaien datetan izan beharrean, ikasturte osora zabalduko dute urteurrenaren festa. Txosnetan aritzen diren eragile guztiek ekitaldi eta sorpresa desberdinak antolatuko dituzte gaurdanik datorren urteko jaietara arte, espazio eta molde desberdinetan eta «pertsonalagoak».

«Gure ustez, txosnagunea ez irekitzeko erabakiarekin asmatu dugu eta bermatzen dugu eragileen presentzia egongo dela, jakinda Gasteizko jaietan eskaintza herrikoia egongo dela», adierazi du Saul Jimenezek.

Covid-19aren kolpea

Urteurren berezi hau antolatzeko bidea ez da erraza izan, Saul Jimenezek onartu duenez. Aurtengoan, gainera, bi proiektu garrantzitsu bultzatzekoa zen txosna batzordea. Urteurrenaren festa, batetik, eta jai-ereduaren inguruko barne hausnarketa sakon bat, bestetik. Bi prozesu horiek gogor kolpatu ditu covid-19ak sortutako krisiak, eta ekimen alternatiboak prestatzeko prozesua ere «zaila» izan dela kontatu du Jimenezek. Hala ere, albisteak albiste, lanean jarraitu dute, eta eskaintza bederen ez da faltako Gasteizko txosnen 40. urteurrena ospatzeko.

Iragan astean, txosna batzordeak agerraldia egin zuen hedabideen aurrean, berresteko kalean segituko dutela, eta modu kolektiboan saretutako elkarren zaintzatik abiatuta, jaiak aldarrikatu zituzten, guztien osasuna eta segurtasuna babestuko dituztenak. «Nola desagertuko da kalea? Eta nola desagertuko gara gu geu kalea izanik?».

Gasteizko Udalak jai herrikoiei oztopoak jarri dizkiela salatu du txosna batzordeak

Gasteizko txosna batzordea haserre agertu da Udalak hiriko jaiak bertan behera uzteko hartu zuen erabakiarekin. «Hasieratik, Gasteizko Udalak jaiak bertan behera uztea erabaki izanari gure desadostasuna agertu genion. Azalpena? Ulertzeko sinplea: gure hiriko jaiak existitzen badira eta egun ezagutzen ditugun modukoak baldin badira, atzetik lanean dauden eragile eta kolektibo guztiei esker da. Horregatik sentitzen gara parte, horregatik maite ditugu Gasteizko Jaiak. Horregatik esan dezakegu, harro gainera, gu geu ere bagarela Gasteizko Jaiak», agertu zuten iragan asteko ostiralean emandako prentsaurrekoan.

Gogorarazi zuten, gainera, Txagorritxun, Judimendin, Adurtzan eta Gasteizko beste auzo batzuetan erakutsi dutela posible dela jaiak ospatzea segurtasun neurriak betez, nahiz eta ez izan orain arte ezagututako festak, nahiz eta «gustukoenak» ez izan. Hala ere, «posible dira», diote, eta «Udalaren traben gainetik» jai eredu berriak gauzatu ahal izan zituzten.

Covid-19ak kulturan izandako eragina eta «instituzioek emandako erantzunik eza» salatu zuten agerraldian. «Krisi honen aurretik, kultur arloko protagonistak instituzioen partetik bakartuta bazeuden, orain zer esanik ez», agertu zuten.

Udalak jarrera «berekoia» izan duela ziurtatu du Saul Jimenezek. Txosnetan aritzen diren eragileei ez zaie koronabirusari eta jaiei lotutako erabakien berri eman, eta, salatu duenez, komunikabideen bitartez informatu behar izan dute.

«Informazio eskasa eman zitzaigun, eskatzen genituen laguntzak eta informazioak aitzakien bitartez atzeratzen ziren. Jai herrikoia antolatzeko aukera emango ligukeen denbora erre nahi zuten, eta etengabe oztopoak jarri dizkiote gure eskaintza herrikoiari», kritikatu du txosna batzordeko kideak.