2020/08/01

Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria
Askatasuna (III)
Estatubatuarrei ez zaie gustatzen zer egin behar duten esan diezaietela, nahiz eta izugarri gogoko duten munduko gainerako herrialdeei zer egin behar dutenagintzea

Armak hartuta, hainbat estatubatuar beren estatuetako kapitolioetara joan ziren, tokiko gobernuaren egoitza nagusira alegia, beren «askatasunaren» zapalkuntzagatik protesta egitera. Izan ere, kalera atera edo dendara joaten zaren bakoitzean maskara bat eraman behar izatea zinez gogorra da, aizue! Harrituta egongo dira Asia ekialdeko biztanleak: ohitura da han kutsaduraren eragina saihestearren edo norbera gaixo dagoenean gainerakoak ez kutsatzearren maskara eramatea, inork ezer esan gabe. Kontua zera da, estatubatuarrei ez zaiela gustatzen zer egin behar duten esan diezaietela (nahiz eta izugarri gogoko duten munduko gainerako herrialdeei zer egin behar duten agintzea, indarra erabilita, behar izanez gero). Hortik, maskararen erabilera sustatzeko komunikabideek indibidualtasunari heldu izana: maskara eraman zugatik eta zure familiagatik. Burujabetasun indibidualari begira jarrera erakargarria izan daiteke bakoitzak bereari eustea, baina kontuan izan dezagun muturreko indibidualtasunak sortu duen gizarte eredua: hezkuntzatik osasun sistemaraino, baliabide ekonomikoak dituzten horiek bakarrik lor dezakete bizimodu duin bat. Ez da harritzekoa, beraz, covid-19aren eragina gehien jasan duten talde etnikoen artean beltzak, latinoak eta indigenak izatea. Kapitolioetan protestan ari zirenen gehiengoa, berriz, zuria da. Batzuen askatasuna, besteen jazarpena. Erabakitzeko eskubidearen eta muturreko indibidualismoaren artean ondo bereizten jakin beharra dago. Europan ere ez dugu beti hala egiten.