GARA
USURBIL
JOAN MARI TORREALDAIREN HERIOTZA

Euskararen eta euskal kulturaren aldeko langile nekaezina zendu da

Joan Mari Torrealdai 77 urterekin hil da, gaixotasunaren kontra luze borrokatu ostean. Azken hamarkadotako euskal kulturaren eta euskalgintzaren erreferente nagusietakoa izan da.

Foruan jaio zen Joan Mari Torrealdai, 1942ko azaroan. Ekarpen oparoa egin dio azken hamarkadetan euskarari eta euskal kulturari. 2015ean hezur-muineko minbizia zuela iragarri zuen, eta orduz geroztik gaitzaren kontra borrokatu da. Gaur hil da, azken tratamenduak huts egin ostean.

Gaitzaren berri 2015eko apirilean iragarri zuen jendaurrean. Esanahiz beteriko iragarpena izan zen, torturari buruz Baionako Unibertsitateak antolatutako forum batean egin baitzuen. Izan ere, gaitza Guardia Zibilaren eskuetan jasandako tratuaren ondorio zela adierazi zuen Torrealdaik. 2003ko otsailean “Euskaldunon Egunkaria”-ren kontra egindako operazioan atxilotu zuten.

Atxiloketaren ondotik, Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxeratu egin zuen denbora batez, “Euskaldunon Egunkaria” ETA erakundearekin elkarlanean ari zela argudiatuta. Zazpi urte beranduago, 2010ean, kargu guztietatik absolbitu zuten, gainerako auzipetuekin batera.

Minbiziari «bizitzeko gogoarekin» aurre egingo ziola iragarri zuen, eta horretan aritu da azken urteotan ere. Ekarpena egiten segitu du. Esate baterako, 2018an Euskaltzaindiak Euskara Batuaren 50 urteak ospatzeko antolatu zuen biltzarrean Torrealdaik irakurri zuen “Euskara Batuaren Adierazpena”. Hamar puntutan euskara batuaren garrantzia, ibilbidea eta erronkak berretsi zituen agiriak.

«Jakin», Euskaltzaindia...

Lan handia egin zuen euskararen eta kulturaren arloan, eta lan hori egiteko dokumentazioari garrantzi berezia eman zion beti. Beste leku askotan bezalaxe, GARAko erredakziora ere azaltzen zen dokumentatzera.

Arantzazuko (Gipuzkoa) santutegiko frantziskotarretan ikasketak egin eta Okzitaniako Tolosan Teologian lizentziatu zen. Ondoren, ordena erlijiosotik bereizi zen. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziatu eta Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktoregoa lortu zuen Deustuko Unibertsitatean, zentsura frankistari buruz egindako lanagatik. Usurbilen bizi zen aspalditik.

“Jakin” aldizkariaren zuzendaria izan zen, 1967tik 2014ra. Zuzendaritza utzi zuenetik, Jakin Fundazioaren lehendakari izan da. “Jakin”-ek berak jasotzen du Torrealdaik euskalgintza eta kulturgintzaren esparruan izandako ibilbide luzea: “Anaitasuna” hamaboskariaren zuzendari, Elkar argitaletxearen sortzaile, Elkar Fundazioaren Patronatuko kide eta “Euskaldunon Egunkaria”-ko Administrazio Kontseiluko kide eta lehendakari, beste gauza askoren artean. Eta, beharbada, hain ezagun ez diren bi adibide jartzearren: Euskal Idazleen Elkarteko idazkari izan zen 1969-1977 aldian, eta Euskal Soziologoen Elkarteko idazkari 1979 eta 1980 urteetan.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainean, eta euskaltzain oso 2007ko azaroan. 2017an euskaltzain oso emeritu izendatu zuen. 2011n Jose Antonio Arana Martija zenaren lekua hartu zuen Azkue Liburutegiko arduradun gisa.

Lan mardula argitaratua

Auñamendi Entziklopediak Torrealdairen biografia nahiko osatua jasotzen du. Bertan argiki egiazta daitekeenez, saiakera eta kazetaritza arloetan lan asko egin zuen. “Iraultzaz” (Jakin, 1973) saiakeraren ondoren, oihartzun handia izan zuen lan bat argitaratu zuen, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologikoa: “Euskal Idazleak gaur- Historia social de la lengua y literatura vasca” (Jakin-Caja Laboral Popular, 1977).

1985ean “Euskal Telebista eta euskara” liburua argitaratu zuen Elkar-ekin. Informazio Zientzietako lizentziaturako tesina zen, fakultate horretan euskaraz aurkeztu zen lehena.

1993an “XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1990-1992)” kaleratu zuen. Bertan XX. mendean euskaraz argitaratutako liburuen berri ematen zen. Lehen liburuki hau beste batzuekin osatu zen hurrengo urteetan.

1997an euskarazko kulturaren egoerari buruzko beste ikerketa soziologiko mardul bat kaleratu zuen, literatura erdigunean jarrita: “Euskal kultura gaur” (Jakin-Euskadiko Kutxa-Elkarlanean).

1998an “El libro negro del euskera” (Ttarttalo) argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoak jasotzen dituena. Urte berean Martin Ugalde idazlearen biografia argitaratu zen: “Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena” (Elkarlanean). Data horietan “La censura de Franco y los escritores vascos del 98” (Ttarttalo) kaleratu zuen, eta Irun Hiria saiakera saria irabazi zuen Francok liburuei ezartzen zien zentsurari buruzko lanarekin: “La censura de Franco y el tema vasco” (Kutxa, 1999).

2000. urtean, euskarazko liburuei ezarritako zentsura frankistari buruzko ikerketa bat argitaratu zuen: “Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura, 1936-1983” (Susa).

Joan Mari Torrealdaik aspaldidanik zuen erregimen frankistaren zentsurarekiko interes bizia. Aipatu bezala, Soziologiako doktorego-tesia gai horri buruz egin zuen. Azterlanaren iturri nagusia Alcala de Henaresko Administrazio Zibileko Artxibo Nagusia izan zen.

2003ko gertaera gogorren ostean, hurrengo urtean, “Imanol Murua, Gipuzkoako alkate” biografia argitaratu zuen.

Sariak

Sari ugari jaso zituen bere bizitzan zehar Torrealdaik. Hona hemen Wikipedian jasotako zerrenda luzea: 1972, Gerediaga Elkartearen Kirikiño saria; 1977, Tontorra saria; 1997, Zilarrezko Euskadi saria, “Euskal kultura gaur” liburuari liburu-dendariek emana, Donostiako Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik; 1998, Zilarrezko Euskadi saria, “El libro negro del euskera” liburuari liburu dendariek emana, Donostian egindako Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik; 1998, Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Literatur saria; 1999, Foruko Udalak Joan Mari Torrealdai izena eman zion Kultur Etxeari; 2005, Euskal PEN Klubaren Idazluma; 2006, Durangoko Azokako Argizaiola saria; 2007, Ohorezko aipamena, XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarian; 2009, Dabilen Elea saria, EEE, EIE, EIEP, EIZIE eta Galtzagorri elkarteek emana; 2010, Lauaxeta saria, euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako lanagatik, Bizkaiko Foru Aldundiak emana; 2011, Dabilen Elea saria; 2015, Manuel Lekuona saria; 2015, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia Kilometroak festan; eta 2018an, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen Jakin Taldearekin (Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai).