GARA
IRUÑEA

Goranzko joerak jarraitzen du: hildako bat eta beste 292 kasu

Ostegunean pertsona bat hil zen Gasteizen, koronabirusak jota. Halaber, 292 kutsatu berri atzeman zituzten, aurreko egunean baino 27 gehiago: Bizkaian 162 kasu atzeman ziren; 49, Gipuzkoan; 48, Nafarroan, eta 29, Araban. Hamar pertsona ospitaleratu zituzten EAEn, eta bi pertsona daude ZIUn; Nafarroan 8 ospitaleratze berri izan ziren.

Ostegunean 63 urteko gizon bat hil zen Gasteizen. Txagorritxu ospitaleko ZIUn zegoen eta gauean hil zen. Gainera, Hego Euskal Herrian 292 kutsatze berri atzeman ziren, aurreko egunean baino 27 gehiago. Zifra horrek kasuen jario iraunkorrak bere horretan jarraitzen duela erakusten du, baita Bizkaiko egoerak txarrera egin duela ere, 162 kasu berri ditu eta.


Kasu horien guztien artean kezkagarrienak Bilbokoak dira, euskal hiriburu horrek 88 positibo atzeman baititu bigarren egunez jarraian. Atzo, gainera, Ertzaintzaren komisaria bat desinfektatu zuten, Zabalburukoa hain zuzen ere, ertzainen artean atzemandako kutsatzeen ondorioz, hamar egunetan «dozena erdi», Erne sindikatuak jakinarazi zuenez.


Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak azaldu zuen bulegoa itxita egon zela 9.00etatik 12.00etara desinfekzioa egiteko, eta 13.00etan berriz ireki zutela. Gogorarazi zuen, gainera, Ertzaintzaren ibilgailuak egunero desinfektatzen direla txanda bakoitzaren ondoren.


Hala ere, sindikatua kexu agertu zen Osakidetzak jarritako irizpideekin. Izan ere, PCR probetan positibo emandakoekin gutxienez hamabost minutuz egondako pertsonei soilik egiten diete proba.


Bestalde, 49 kasu berri antzeman ziren Gipuzkoan eta 29 Araban. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren beste lau pertsonak positibo eman zuten PCR proban. Lakuako Osasun Sailak plazaratutako azken datuen arabera, 4.930 proba egin ziren ostegunean, eta horietatik 244 positibo izan ziren.


Esaterako, Zizurkilgo etxebizitza bloke bateko 60 bizilagunei egindako PCR testen emaitzak negatiboak izan ziren, eta, beraz, «ohiko bizitza egiten» jarraitu ahal izango dute, Udalak aditzera eman zuenez.


Ohar batean azaldu du covid-19 kasu positiboak Aurrera plazako 1. zenbakian dagoen eraikineko bi pisuko bizilagunen artean detektatu zirela; kasu horiengatik egin zizkieten gainerako egoiliarrei probak, eta etxean itxialdian jarraituko dute oraingoz. Udalak herritar guztien jarrera eskertu zuen, eta, aldi berean, udal zerbitzuak kaltetuekin harremanetan egonen direla iragarri zuen.


Ez da halako kasu bategatik eraikin osoak bakartzen dituzten lehen aldia. Hernanin ere eraikin bateko bizilagunak isolatu dituzte aste honetan. Guztiek eman zuten negatibo eta, beraz, ez dute itxialdian jarraitu behar.

Ospitaleratzeek gora egin dute
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan 10 pertsona ospitaleratu zituzten ostegunean, eta zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU), berriz, bi lagun. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, beste zortzi ospitaleratzeren  berri eman zuen atzo eta guztira 44 pertsona daude ospitaleratuta, horietako bat ZIUn.


Kasuei dagokienez, Nafarroan ostegunean 48 koronabirus kasu positibo berri erregistratu ziren, erdiak Iruñean eta Iruñerrian eta 20 inguru Tuterako osasun eremuan. Ostegunean ez zen beste heriotzarik izan, eta, ondorioz, pandemia hasi zenetik, birusak 529 hildako eragin ditu herrialdean. PCR probei dagokienez, guztira 1.561 egin ziren osasun-sare publikoan.