GARA
DONOSTIA

Torrealdai «langile nekaezinari» azken agurra emateko aukera

Hileta bihar arratsaldean egingo duten arren, gaur familiari elkartasuna adierazteko aukera izango du nahi duenak Usurbilgo beilatokian, goizeko ordutegian. Atzo pertsona ugari pasatu ziren bertatik, herriko bizilagunak zein Euskal Herriko pertsona ezagunak. Sare sozialak ere erabili zituzten hamarka pertsonak Torrealdaik egindako lana goraipatzeko eta hari esker ona adierazteko. Aurrerago omenaldia egiteko asmoa agertu du Udalak.

Joan Mari Torrealdai soziologo, kazetari eta idazleari azken agurra emateko aukera izango du jendeak Usurbilen, euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen guztia eskertzeko eta bere familiari doluminak helarazteko. Hil-kapera Usurbilgo beilatokian kokatu dute, atzo egun osoz eta gaur goizez, 9.00etatik 13.00etara. Hileta bihar 18.00etan izango da, Usurbilgo Salbatore deunaren eliz parrokian.

Lur Etxeberria Gurrutxaga Usurbilgo alkateordearekin hitz egin genuen atzo beilatokitik atera berri, eta Udalaren izenean mintzatu zen. «Atzokoa oso egun tristea izan zen Usurbilentzat eta Euskal Herriarentzat, galera handia izan dugulako bai euskarak eta bai kulturak. Urte hau gogorra izaten ari da kultura eta euskararentzat; maiatzean Zumeta galdu genuen; atzo, Joan Mari Torrealdai».

Bere ustez, gaur egun euskara ez litzateke dagoen lekuan egongo Joan Marik egindako lan hori gabe. «Ia 60 urteko ibilbide nekaezina egin du. Berak esaten zuen bezala, ‘ezina, ekinez egina’; langile nekaezina izan da, azken egunera arte lanean ibili dena, buru-belarri. Intelektual bat zen. Pena handia hartu dugu denok, hutsune handia uzten duelako, baina era berean oso eskertuta gaude egin duen lan guztiagatik».

Usurbilen duela 4 urte UEU jardunaldiak martxan jarri zituen Udalak, Torrealdai «erreferente bat delako» herriarentzat eta eskerrak helarazi nahi zizkiotelako. Oraingoan ezin izango diote omenaldirik egin momentuz, baina aurrera begira zerbait prestatuko dutela uste du Etxeberriak.

Izan ere, Zumeta hil zenean agur txiki bat egin zuten herrian, indibidualki, eta pandemia egoera pasatzen denean omenaldi bat egingo zuela hitzeman zuen Udalak. Oraingoan ere uste dute Torrealdaik bere omenaldia merezi duela, eta horregatik aurrerago zerbait prestatuko dutela iragarri dute, nahiz eta oraindik ezin duten ezer zehaztu.

Alkateordeak azaldu zigunez, jende asko hurbildu zen atzo beilatokira; esaterako, bere lankide ohiak, Martxelo Otamendi “Berria” egunkariko zuzendaria barne, baita Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere. «Nik familia gertutik ezagutzen dut, harremana genuen. Beraiek nahiko lasai zeuden Joan Mari lasai joan delako, agurtzeko denbora izan duelako, nahi zuen bezala joan delako», adierazi zuen Etxeberriak.

Sareetan, oihartzuna

Sare sozialetan ere jendeak esker oneko hitzak besterik ez ditu hil berriarentzat.

«Beti arrazoia zuen adiskide miragarria» zen, Karmelo Landa politikariaren esanetan, Torrealdai. «Haren arrazoia berreskuratu behar dugu, irudiaz gain», adierazi zuen. Era berean, bere euskalgintzako jarduna azpimarratu zuen. «Euskararen geroa, batez ere, hizkuntza politika zuzen ala okerrak erabakiko duela esan zidan, eta hemen eta orain ez dagoela, agintarien aldetik, euskararen hedapena ziurtatzeko hizkuntza zuzenik», jarraitu zuen Twitterren zabaldu zuen harian.

AEK-k ere euskararen alde egindako lana txalotu nahi izan du, lekukoa eraman zuen Korrika baten argazki ederra partekatuz. Gorka Knörr musikariak, berriz, «lagun min» zuela adierazi zuen eta «euskalgintzako langile porrokatu eta nekaezin» gisa deskribatu zuen.&hTab;

Euskaltzaindiak «euskaltzale sutsu eta nekaezin» gisa gogoratu zuen, «liburugintzan eman zituen orduak eta egunak» eta «euskarak jasan dituen bidegabekeriak ikertzen eta salatzen eman zuen» denbora azpimarratu zuen. Besteak beste, Francoren zentsurari buruzko saiakera zorrotzak aipatu zuen.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren esanetan, «itzal handiko intelektuala izan da, eta 60 urtez bere lana, jakinduria eta ekiteko gaitasuna eman dizkio euskara eta euskal kulturari. Ekarpen erraldoia egin zuen, eta hutsune handia utzi du».

«Galera izugarria euskarak, euskal kulturak, kazetaritzak, herri honen askatasunaren aldeko borrokak. Joan Mari Torrealdai. Laguna. Adiorik ez», idatzi zuen Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek mezu hau argitaratu zuten Twitterren: «Euskal kulturgintzan eta euskalgintzan sentituz, pentsatuz eta ekinez sudurgorriontzat ere itsasargia eta laguna izan dena. Gure irri, kantu, amets eta abentura guztietan eramango zaitugu!».

«Bihotzez eskertzen dizugu, Joan Mari, euskarari gizartean dagokion lekua emateko egindako lan eskerga, ardura eta ausardia. Maitasunetik eta mirespen sakonetik, dolumina eta besarkada beroa familiari», adierazi du Puntueus Fundazioak.

«Euskara eta euskal kulturaren alde egin duen lan guztia eta pertsona bezala izan duen kategoria. Joan Mari Torrealdai, ezinbestekoa. Biba zu, Joan Mari. Ez zaitugu ahaztuko», zabaldu zuen Karmele Jaio idazleak.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere Torrealdairen eredua goraipatu zuen: «Esana zenuen, Joanmari, zeure eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur batek bil dezakeela: Ezina ekinez egina. Zure eredua bideargia euskaltzale guztiontzat, Eskerrik asko! adiorik ez!».

Jasan zuen espetxeratzea gogoratu zuen Jon Maia bertsolariak: «Espainiako justiziak eragin zizuna ezin baliogabetu. Zuk emandako guztiaren balioa, berriz, neurtezina da Joan Mari. Herri egin gaituzu».

Onintza Enbeita bertsolariak honakoa adierazi zuen: «Muxu bat gaur Urdaibaitik infinitora; euskaraz, herriarentzat, euskarari, herriari, zeuri, Juan Mari Torrealdai».

Kataluniatik, David Fernandez kazetari eta CUPeko diputatu ohiak ere bere dolumina helarazi zuen hitz hauekin: «Hitza geratuko zaigu, Joanmari. Bon viatge, lagun».