Andoni ARABAOLAZA
SARIA

Urrezko PioletakCatherine Destivelle ohorezko tenpluanjarriko du

Eskalatzaile eta alpinista frantziarrak ibilbidearen saria jasoko du, heldu den irailean Polonian egingo den ekitaldian. Sari hori jasotzen lehen emakumea da.

Lehen lerroko alpinismoan argi dago gizonezkoen nagusitasuna ia erabatekoa dela. Nahiz eta garaiak aldatzen ari diren, aldeak ez dira gehiegi murriztu. Alabaina, sarien edo aitorpenen inguruko berriak aipatzen baditugu, bada azpimarra jarri behar diogun bat.

Frantziako Piolet d´Or edo Urrezko Pioleta sariari buruz ari gara. Egun bizi dugun osasun krisia erabat gaiztotzen ez bada, sari entzutetsu horiek heldu den irailean banatuko dira Poloniako Ladek izeneko mendi zinemaldiaren aurtengo ekitaldian.

Gogoratu behar dugu Urrezko Pioleta sariak bi atal dituela. Lehendabizikoan, iazko alpinismo-jarduera onena (edo onenak) saritzen da. Bigarrenean, berriz, alpinismo-ibilbidea. Jarduera alpino horiei dagokienez, antolatzaileek ohiko zerrenda argitaratu dute. Ohi den legez, makina bat jardun azaltzen dira, eta epaimahaiak horietatik bat edo batzuk aukeratu eta sarituko ditu. Itxaron egin beharko da hori edo horiek nortzuk izango diren jakiteko. Aitzitik, Urrezko Pioletaren antolatzaileek jakinarazi dute jada nork jasoko duen alpinismo-ibilbidearen aitorpena. Eta hori Catherine Destivelle izango da. Frantziarrak eskaladan eta alpinismoan historia egin du, eta, modu batera edo bestera, berriro historia egingo du ibilbidearen saria jasoko duen lehen emakumezkoa izango delako. Destivelleren aurretik hamaika gizonezko saritu dituzte: Walter Bonatti, Reinhold Messner, Doug Scott, Robert Pagarot, Kurt Diemberger, John Roskelley, Chris Bonington, Voytek Kurtyka, Jeff Lowe, Andrej Stremfelj eta Krysztof Wielicki.

Estilo pertsonala

Urrezko Pioleta sariaren antolatzaileek bidali diguten oharrean azpimarratzen dute Destivellek eskaladan zein alpinismoan goi mailako jarduerak egin dituela, eta gehitu ere horiei guztiei izaera berezia eman diela.

Bide batez, ohar horretan aitorpena jasoko duen protagonistaren ibilbidearen une eta jarduera garrantzitsuenak aipatzen ditu: «Destivelleren izenak indarra hartu zuen 1980ko hamarraldian; hain zuzen ere, kirol eskalada bazter guztietan oihartzun zabala izaten eta jardueren zailtasuna edo maila gora egiten ari zenean. Hedabideek frantziarraren eskaladak lehen orrietara eraman zituzten, baina, bestetik, ahantzi egin zuten oso gaztetatik ibilia zela alpinismoan».

Lehen urratsak Fontainebleau-n egin zituen. 12 urte zituen. Eta handik gutxira, nerabea zela, Mont Blanc-eko mendilerroan bide esanguratsu batzuk igo zituen. 80ko hamarraldia aurrera egiten ari zenean, Destivelle buru-belarri ikusi genuen eskalada lehietan. Makina bat hitzordu ofizial eta pribatu irabazi zituen. Arrokan, berriz, 8a mailara iritsi zen lehen emakumezkoa izan zen.

90ko hamarkadarekin batera, Destivelle alpinismora itzuli zen. Petit Dru-ren Bonatti zutoina bakarka eskalatu zuen. Ondoren, mendi horren mendebaldeko horman bide berri bat (11 egun) zabaldu zuen. Eta hiru urtean neguko trilogia sinatu zuen: Eiger-eko ipar horma (1992), Grandes Jorasses-eko Walker bidea(1993) eta Matterhorn-eko ipar paretan dagoen Bonatti marra (1994).

Destivellek argi utzi zuen gizonezkoen mailan jarduteko gai zela. Hurrengo urratsak Himalaian eta Karakorumen egin zituen: Trangoko Dorrean esloveniarren bidea, Shisha Pangmaren hego-mendebaldeko aurpegia... Eta goi mailako hainbat ekinaldi egin zituen: Annapurnaren hego paretan, Makaluren mendebaldeko zutoinean eta Latok I mendiaren ipar ertzean.

Honi buruzko guztia: SARIA