Asier ROBLES
BILBO
INSPIRARTE PROIEKTUA

Bizkaiko kaleak hartuko ditu euskal literaturak

Inspirarte proiektuak 60 euskal esaldi literariorekin beteko ditu Bizkaiko kaleak hurrengo hilabeteetan. Strom elkarteko gazteek sortutako egitasmoak, euskal literatura modu berritzailean sustatzea du xede. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan ekin diote proiektuari, Kirmen Uriberen «Ez eman hautatzeko» olerkiaren pasarte bat idatziz.

Euskal literatura ikustarazteko Inspirarte proiektua jarri dute aste honetan martxan Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren aurrean, hain zuzen ere Kirmen Uriberen “Ez eman hautatzeko. Hemen geratuko naiz. Olatu berde eta mendi urdinen artean” aipua idatziz. Bizkaiko 40 udalerritako kale eta leku esanguratsuak euskal literaturako pasartez beteko dituen proiektuaren lehen esaldi pintaketa izan da. Proiektuak euskal literaturaren «gozamena eta erabilpena» sustatzea du helburu ekimen «sortzaile eta berritzaile» baten bitartez, bide batez, «euskal idazleek sortutako literaturari indarra eta ikusgarritasuna emanez».

Inspirarte proiektuaren bultzatzaileak Elkar Fundazioarentzat Siadeco enpresak egindako azterketari erreparatu diote euskal literaturaren egoerari buruzko argazki bat izan eta dituen arazoak ikusarazteko. Izan ere, datuon arabera, gaur egun, euskaldunen %58k ohiko irakurletzat jotzen dute beren burua (gutxienez liburu bat irakurri dute azken hilabetean), baina multzo horretako %11k soilik irakurtzen dute maiz euskaraz. Gainera, Euskal Herriko gazteen kasuan (18 urtetik 29 urtera) %78k sarri irakurtzen dutela diote, baina, aldiz, soilik horietako %8k aukeratzen dituzte euskarazko liburuak.

Datuon aurrean, «metodo tradizionaletan oinarritutako ekimenak alde batera utzi eta gazteek kudeatutako iniziatiba desberdin eta berri bat» martxan jarri nahi izan dute Ane Sagredo, Amets Agirrebengoa, Mariana Fernandez de Nograro eta Nacho Almendarizek. Guztiak ere Mondragon Unibertsitateko LEINN Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko ikasleak eta Inspirarte proiektuaren sustatzaileak dira.

60 esaldi Bizkaian

LEINN graduko hamasei ikaslek osatutako Strom gazte elkartetik sortutako egitasmoa Bizkaiko udalerriak aipu literarioz betetzean datza. Horrela, «jendeak literatur atal txikiekin egingo du topo kalean eta gure kulturarenganako interesa handituko da», diote. Hurrengo hilabeteetan, 40 herritan 60 pasarte idazteko asmoa dute. Esaldiez gain, egilearen zein lanaren izena eta proiektuko webgunera eramango duen QR bat jarriko dute.

Lehen pintaketa Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egin zuten astelehenean, Kirmen Uriberen “Ez eman hautatzeko. Hemen geratuko naiz. Olatu berde eta mendi urdinen artean” aipuarekin. Berez, proiektua maiatzean hastea aurreikusita zuten, baina, koronabirusaren krisia tarteko, hilabete batzuk atzeratu behar izan dute, hala ere, dagoeneko esaldi batzuk zabaldu dituzte Instagram bidez.

«Literatura sustatzeaz gain, aipu eta lanon atzean dauden Euskal Herriko idazleei ikusgarritasuna eskaini nahi diegu, bai euskaraz bai gazteleraz idazten dutenei. Gaztelaniazko esaldiak, hori bai, euskarara itzulita jarriko ditugu. Gure proiektuak Euskal Herrian kultura sortzen duten pertsonei garrantzia eman nahi die, idazle, poeta, nobelagile zein kazetariei. Izan ere, egunerokoan gure kulturaren alde literarioak bizirik jarrai dezan laguntzen dute», azaldu zuten Sagredok eta Agirrebengoak.

Elkarlana eta arauak

Bederatzi hilabete inguru iraungo dute esaldiek margotuta, eta arau batzuk bete behar dituzte, hala nola, gehienez 80 karaktere izatea; drogen kontsumoaren, suizidioaren edota ekintza bortitzen apologia ez egitea; eta mezu arrazistarik, xenofoborik, matxistarik edota edozein kolektiboren (LGTB+, dibertsitate funtzionala, eta abar) aurkakorik ez zabaltzea.

Esaldiak pintatzeko erabiliko duten materialari dagokionez, udal bakoitzean indarren den araudiaren arabera hartuko dute erabakia. Hala ere, ekimenaren sustatzaileen aukera nagusia «kolore zuriko kanpoko margo ez-labaingarri tradizionala» erabiltzea da.

Esaldi literarioak hautatzeko orduan, hainbat elkarteren laguntza izan dute, hala nola, Euskal Idazleen Elkartea, Nafarroako Idazleen Elkartea eta Euskadiko Idazleen Elkartea. Elkarteetatik kanpo aritzen diren zenbait idazleren laguntza ere izan dute. Gainera, azaldu dutenez, Elkar Fundazioaren eta euskal Editoreen Elkartearen laguntza eta finantziazioa ere izan dute proiektua aurrera eramateko. Hasiera batean Bizkaian egingo da proiektua, baina ez dute baztertzen etorkizunean Euskal Herriko gainerako lurraldeetara zabaltzea.

Webgunea eta sare sozialak

Egitasmoaren zabalpenari garrantzi handia eman nahi izan diote. Proiektuak webgunea izango du. Bizkaiaren mapa bat jasoko du eta bertan adieraziko dira esaldi guztien lokalizazioak. Gainera, bilatzaile bat ezarriko dute, aipuak, idazleen izenak zein hitz gakoak bilatzeko aukera emango duena; esaldi konkretu bat non dagoen begiratu ahal izango da eta idazlearen zein lanaren inguruko deskribapen edo gogoetaren bat jaso.

Gainera, sare sozialak baliatu nahi dituzte egiten dituzten ekimenek oihartzun handiagoa izan dezaten. Hala, Instagram eta Facebooken zabalduko dute proiektuaren profila. Bertan, proiektuaren inguruko edukiak igoko dituzte.