GARA
DONOSTIA

Emakundek dioenez, covid-ak emakumeen lan karga areagotu du

Emakundek argitaratutako txosten batek ondorioztatu du pandemiak areagotu egin duela batez ere emakumeek etxean ordaindu gabe egiten dituzten lanen zama.

“Berdintasuna pandemia garaian. Covid-19aren eragina genero ikuspegitik” txostenak pandemiak emakumeengan eta gizonengan nola eta zergatik eragiten duen aztertzen du, ongizate emozionalean, familia-harremanetan, zaintzak bere gain hartzean eta abarrean dituen ondorioei dagokienez.

Ikerketak agerian uzten du zaintza arloan «birfamiliarizazio» prozesu bat gertatu dela; hau da, emakumeek gizonen baliabideekiko duten mendekotasuna areagotu dela, eta horrek eragin asimetrikoa izan du.

Eragin hori desberdina izan da lanaren esparruan ere; izan ere, sektore feminizatuek ohi baino modu gogorragoan egin behar izan dute lan, arrisku psikosozial handiagoei aurre eginez, eta, aldi berean, beren etxeetan ordaindu gabeko lanaren zama handitzen ikusi dute. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, «covid-19aren pandemiak eta haren inpaktuek emakumeei eta gizonei desberdin eragiten dietela onartzea funtsezkoa da erantzun eraginkorra bermatzeko, inor atzean ez uzteko».