Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Kaleratzeak iragarri ditu Lauak taldeak Aiherran eta Hazparnen

Aiherran (Nafarroa Beherea) eta Hazparnen (Lapurdi) lantokiak dituen Lauak enpresa aeronautikoak 138 langile kaleratzeko erabakia hartu duela iragarri du. Irailean jakinaraziko diete langileei lanpostua nork galduko duen eta nork atxikiko duen. Kaleratzeak urrian gauzatzeko asmoa dute Lauak taldeko arduradunek.

«Kaleratze kolektibo bat gauzatzeko prozedura» martxan jartzeko erabakia hartu duela jakinarazi zien Lauak enpresako Ekonomia Zuzendaritzak Aiherra eta Hazparneko lantegietako langileei joan den uztailaren 31n egindako bilkura baten ondoren. Emandako berriaren arabera, 138 dira prozedura horretan sartuko dituzten langileak.

Egun Aiherra eta Hazparnen 466 langile dituen Lauak taldeak, beraz, pertsonal murrizketa handia gauzatuko du. Aeronautikako piezak egiten dituen taldeak, gainera, beste hirurogei langile kaleratuko ditu Frantziako Gers departamenduan den Isle-Jourdan herriko lantegian, hau da, bertako plantillaren erdia.

Kaleratutako informazioaren arabera, Lauak taldeak martxan jarriko duen espediente horretan nor sartuko duen ez da irailera arte ezagutuko. Orduan esango diete langileei lanpostua nork galduko duen eta nork atxikiko duen. Pausu horren ostean, kaleratzeak gauzatuko dira eta enpresak hori urrian egiteko asmoa duela adierazi dute.

Urte hasieran piztutako Boeing konpainiaren eskandaluaren ondorioz lehenik, eta covid-19ak eragindako osasun krisi orokorragatik ondoren, oso kaltetua suertatu da industria aeronautikoa. Ondorioz, azken hilabeteetan geldi egon da Lauak taldea, besteak beste, galerak izan dituzten Airbus eta Boeing konpainientzat lan egiten baitu.

Hornitzailea

Urteko fakturazioaren %60 Airbus konpainiarentzat egiten dituen piezei esker eskuratzen du Lauak taldeak. Gainontzeko lanak, berriz, Boeing, Bombardier, Safran eta Lapurdin hainbat eraikuntza lantoki dituen Dassault hegazkin fabrikatzaile handiarentzat egiten dituzte.

Lapurdin 1975ean sortu zen Eskulanak enpresaren oinordekoa da Lauak taldea. Egun Estatu frantsesean, Kanadan, Portugalen eta Mexikon dituen lantegietan 1.800 langile ditu. Ekonomia ikerketen arabera, aurten ohiko diru sarrerak erdira murriztuko zaizkie Lauak bezalako konpainia aeronautikoei eta horrek, noski, eragina izango du Ipar Euskal Herrian, asko baitira sektore horretan lan egiten duten bertako herritarrak.

Lauak enpresak iragarritako kaleratzeak ez dira bakarrak izango aeronautikako sektorean Euskal Herrian. Izan ere, Miñaon egoitza nagusia duen aireko nabigazioko Aernnova enpresak lantaldea %20 murrizteko asmoa duela azaldu du; 950 langile ditu guztira, eta, horietatik, 650 Estatu espainolean. ITPk, berriz, %15eko murrizketa egingo du indarrean dituen espedienteak bukatzen direnean.