Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

«Marjinaliatik» poesia

Egileak bere buruarekin egiten duen bakarrizketa da poesia, bere «alter ego»-arekin. Sentipenak hitz bilakatzen ditu. Poemak ez ote dituzte amildegiek sustatzen? Baiezkoan dago Jose Angel Irigaray. Generora itzuli da 15 urteren buruan, «Isiltasunaz hunatago» lanarekin.

Nerabezaroko garai nahasietan, ekaitz handienak gure baitan gertatzen diren sasoi horretan, bada erraietan sortzen den harra. Ez du izena, baina bai izana. Nahiz eta oso zaila izan, oso, zehatz zer den adieraztea, bizi-bizi sentitzen da barrua zirikatzen. Amorerik eman gabe. Barruko sentipenak, mamuak eta amildegiak. Ausentziak eta hutsuneak. Eta pathos-a. Horri guztiari hitza ematen hastean, alegia, barrutik kanpora horri bide ematean, hasten da poesia. Bai behintzat Jose Angel Irigaray (Iruñea, 1942) idazlearen kasuan.

Baziren hamabost urte poesia argitaratzen ez zuela eta, berez, orain bospasei urte kaleratu behar zuen lanarekin itzuli da generora: “Isiltasunaz hunatago. Hitzendatzearen mentura” (Pamiela) «poesian barnako ibilbide bat da», esan dio lan berriaz GARAri. Denbora tarte horretan, aitortu duenez, «ikasteko, hobetzeko, kimatzeko eta eransteko» astia eman dio.

Bere hitzetan, poesia gehienetan nerabezaroan edo gaztaroan hasten da: «Aurkitzen da horren erdian sustatua bezala, eta hasten dira sentipenak hitz bilakatzen». Baina zerk bultzatzen du idaztera? Hori du kezka iturri egileak. «Niri behintzat zerk horrek, zerk behartzen zaituen sortzera, idaztera, artea egitera… galdera horrek betidanik kezkatu izan nau. Liburu honetan dagoen edukian ardatz da hitz bilakatze hori», esan du. Izenbururaino eraman du hausnarketa hori, joko bat eginez, «hitzendatzea» esan baitu «izendatzea»-ren ordez. Hitz bilakatu, hitz poetiko, pasarteak eta metaforak eraikiz.

Eta egileak «marjinalia» deritzon espazio intimo eta bakarti bat aipatzen du. Akaso, baten batek ezagutuko du. Ziur baietz. «Marjinalian zaudela konturatzen zara, eta, gainera, idazten duzun horrek are eta gehiago ezartzen zaitu marjinalian, eta baduzu sentsazioa, nahiz arrazionalizatua ez izan, marjinalian egotea ez ote datorren ausentzia batetik, edo zure baitan sentitzen duzun amildegitik. Susmatzen duzu horrela dela, eta ohartu gabe hasten zara idazten, hitz bilakatzen, nire kasuan behintzat, existentzial kutsuan. Artean zuzena da lotura pathos horrekin. Jakina da literatura generoen artean poesia bera dela zuzenkien lotuta dagoena gure munduarekin».

Hor dago, Irigarayren hitzetan, gakoa, edo gakoetako bat: artea, kantugintza, poesiagintza edo plastika, oso lotuta daudela beti norberaren ausentziekin, gabeziekin, amildegiekin… «Askotarikoa da baratzea eta denetatik dago, baina poesia beti dagoela lotuta pathos batekin esango nuke, tentsio eta drama horretatik sortzen dela. Ezaugarri hori duen poesia interesatzen zait behintzat».

Erraietako harrak segitzen du barrena zirikatzen, eta poetak segitzen du bakarrizketan, finean hori egiten baitu, bere buruarekin dialogo bat izan. «Zeure buruarekin hitz egiten duzu, gero zure alter egoarekin, eta halako batean konturatzen zara munduarekin ari zarela; zehatzago, zuk proiektatzen duzun munduarekin ari zarela. Eta gero etortzen zaizu bueltan egiten duzun hori, mundu hori, bumeran bat bezala. Poesiaren bilakaera bera edo neure buruaren bilakaera bilakatu da gai», azaldu du egileak.

Ez ditu zenbatu azken lan honetan jasotako poemak zenbat diren, baina 80 inguru direla dio. Hitzek, erritmoek eta esanahiek berebiziko pisua dute. «Poesia erabateko loturan dagoela horrekin guztiarekin». «Hizkuntzaren leialtasunean, poetari dagokio benetan hizkuntza lantzea eta hitz bakoitzaren semantika, esanahiak, erritmoak eta musikak zaintzea… egiten dituenetan saiatzea ahalik eta garapen handienean egitea».

Eta idaztea bada hitz egiteko modu bat; zergatik erreferentzia hori isiltasunari izenburutik bertatik? «Isiltasunak baduelako poesia ikaragarria».