Asier AIESTARAN
Arrauna

Traineru sasoiko bigarren covid-19 kasua, orain Getarian

«Esperantza» traineruak ezingo du asteburuko bi estropadetan parte hartu, arraunlari baten positiboa baieztatu ostean.

Neurri eta protokolo zorrotzak martxan jarri arren, arraunak ere ez du lortu covid-19ari iskin egitea. Orain dela pare bat aste Donostia Arraun Lagunak izan bazen arraunlari baten positiboaren erruz emakumezkoen Euskotren Ligako hiru estropada galdu zituena, atzo Getariako arraunlari baten positiboa konfirmatu zuen KAE-1 Ligak, gizonezkoen bigarren mailak.

Antza denez, arraunlariaren lankide batek positibo eman ostean egin zioten testa kirolariari, eta honek ere emaitza bera eman zuen. Ondorioz, Getariako taldekide guztiek egin behar izan dituzte berriz ere PCR probak eta, emaitza edozein dela ere, hamar eguneko isolamendua gorde beharko dute. Horrek esan nahi du Getariak ezingo duela larunbatean etxeko estropadan parte hartu, ezta igandean Getxokoan ere.

Albistea astelehenean hasi zen zabaltzen eta KAE-1 Ligak atzo baieztatu zuen berria. «KAE-1 Ligatik ahalik eta azkarren osatzea opa diogu positibo eman duen arraunlariari, eta talde osoa besoak zabalik hartuko dugu abuztuaren 15-16ko asteburuan Santanderren. Aupa Getaria!», adierazi zuen Kantauriko Arraun Elkarteak.

Araudi desberdinak

Hala ere, kontuan izan behar da Euskotren Ligak eta KAE-1 Ligak araudi desberdinak dituztela traineru bat covid-19 positibo bategatik arraun egin gabe geratzen den kasuetarako. Euskotren Ligan Arraun Lagunaki bi puntu eman zizkioten arraun egin gabe geratu zen estropada bakoitzean, hau da, ordura arteko estropadetan lortutako batez besteko puntu kopurua.

KAE-1 Ligan, aldiz, sailkapen sistema guztia aldatuko da hemendik aurrera: traineru bakoitzak parte hartu duen estropadetan batez beste lortu dituen puntuak hartuko dira kontuan –urteren batean KAE-2 Ligan egin izan den bezala–. Une honetan Pedreña dago lehen postuan 47 punturekin, San Pedro da bigarren 42rekin eta Getaria hirugarren 36rekin. Sistema berria erabiliz, kantabriarrek 11,75 puntu dituzte; sanpedrotarrek 10,5 eta getariarrek 9.

Getariarrek puntuazio horixe izango dute lehiaketara itzuli arte, baina beste ontziena aldatzen joango da asteburuko emaitzen arabera. Hori bai, lau estropada edo gehiagotan parte hartu gabe geratuko balitz, taldea lehiaketatik kanpo geratu daiteke. Kolpea litzateke, urrun samar egon arren, getariarrek oraindik badituztelako igoera play-offa jokatzeko aukerak.

Edozein modutan, eta arraunaz askotan aipatzen diren topikoak apurtuz, azpimarratzekoa da lehen bi covid-19 kasuok oso modu naturalean eta aparteko liskarrik gabe kudeatu izana. Egia da oraingoz ez dela egon kutsatze masiborik, baina Espainiako futboleko Bigarren Mailan edota Ameriketako Estatu Batuetako zenbait kirol lehiaketetan ikusitakoarekin alderatuz arraunak arazoari modu eredugarrian heldu diola esan liteke.

Getariako kasuan, arraunlariek PCR proben emaitzen zain geratu beharko dute. Datorren astean beste test bana egingo zaie kirolariei eta, positiborik ez bada, berriz ere uretan entrenatzen hasteko moduan izango da Jon Larrañagak entrenatzen duen eskifaia, Santanderreko estropadei begira jada.

TKE Liga Hondarribian eta Ondarroan itzuliko da

Espainiako Traineru Txapelketa jokatzeko ohiko geldialdia egin ostean, TKE Ligari asteburuan berrekingo diote larunbatean Hondarribian eta igandean Ondarroan. Gizonezkoen Eusko Label Ligan Urdaibai da liderra 77 punturekin, Santurtzi (76), Donostiarra (74) eta Orioren (73) aurretik. Gora begira emozioa ziurtatuta dago, beraz, denboraldiaren bigarren erdian. Baina behean ere oraindik saltsa egon daiteke. Kaiku nahiko atzean geratu da, 21 punturekin, eta oso zaila du jaitsiera ekiditea, aurretik duen Zarautzek 28 dituelako. Zarauztarrek, aldiz, lau puntura dituzte Ares eta Ondarroa (32 puntu biek), eta saiatuko dira play-offa jokatzea behartzen duen azken-aurreko postu hori atzean uzten.

Emakumezkoen Euskotren Ligari dagokionez, badirudi Oriok errepikatuko duela aurten ere garaipena. Donostiarra indartsu agertu da azken estropadetan, baina sei puntuko aldea tarte handia da lau jardunaldiren faltan. Azken postutik ihes egiteko borroka, ordea, pil-pilean dago: Arraun Lagunakek 15 puntu ditu eta Hondarribiak 14.

Hain zuzen ere, atzo aurkeztu zituzten larunbatean, 17.40etik aurrera, Hondarribian jokoan ipiniko diren XII. Txingudiko Bandera eta Hondarribiko XXXIII. Bandera, hau da, Mapfre Sari Nagusiak.A.A.