Joxe Mari CARRERE
Ipuin kontalaria

Katasorgina

Ez dut ezer berririk esango ETB1en errepikapenerako zaletasunaren gainean. Baina batzuetan eskergarria da errepikapenen batekin topo egitea. Mendaroko ohiturak, pasadizoak, bitxikeriak ikusten, hara non jakiten duzun Katasorgina pertsonaiarekin hasten dituztela festak. Pertsonaia herriko ipuin batetik hartu dute. Ipuina Barandiaranen bilduman agertzen da Mendaron jasoa. Ipuin nahiko zabaldua eta ezaguna, katu bihurtzen den emakumearena eta goruetan ari diren emakumeak gauero molestatzen dituena. Etxeko gizona jarriko da josten. Katua agertutakoan, honek harrituta esango dio gizonari: «Nola gizona eta gorutan», eta gizonak erantzun, «eta nola katua eta berbetan»; eta katuari makila bat botako dio. Hurrengo egunean etxe bateko emakumea besoa kolpatuta agertu zen. Hori ikusi eta berehala gogora etorri zitzaidan lehendik nekien istorio hori Mendaroko taberna batean gizon batek kontatu zidala ipuin saio baten ostean. Ez zuen Barandiaran aipatu, ordea, txikitatik entzundako ipuina zela zioen, ondoko lagunaren onespena jasoz. Emakumea bizi omen zen etxea non zegoen ere erakutsi zidaten, haren lekuan orain berri bat zegoelarik.

Katasorginaren panpina zuen emakumearen azalpenak entzutean, pantaila zeharkatu eta gogoa nuen etxe hori non zegoen erakusteko. Izan ere, ipuinak ez dira gezurrak, errealitate fantastiko baten adierazpena baizik. Mendaron festak horrela hastea horren seinale, nahiz eta bizi dugun egoerak aurten eragotzi. Honek ere errealitate fantastikoaren antza hartzen du.