Asier AIESTARAN
PILOTA

Olaizolak II.ak beste urte batez luzatu du kontratua

Goizuetarrak 2021eko abendura arte jarraituko du gutxienez pilotan jokatzen, 42 urte beteta ordurako. Erabakia une berezian jakinarazi du Baikok, Eskirozek jarraituko ez duelako kritikak jasotzen ari baita.

Aimar Olaizolak beste urte betez luzatu du Baikorekin duen kontratua. Orain artekoa urte amaieran bukatzen zela kontuan izanda, aurrelari goizuetarrak 2021eko amaierara arte jarraituko du Bilboko enpresan jokatzen. 42 urte beteta izango ditu ordurako, eta 23 baino gehiago egingo ditu profesionaletara heldu zenetik. «Une honetan Caixabank Mastersa jokatzen ari den eta urrian Binakako Txapelketaren finalerdiak jokatzeko zain dagoen Aimar Olaizolak, bere kirol ibilbide luze eta oparoari tituluak gehitzeko aukera izango du», nabarmendu zuen Baikok bere webgunean idatzitako oharrean.

Bilboko enpresak goizuetarraren ibilbidea errepasatzeko aprobetxatu zuen albistea: «Olaizola II.ak 1998ko apirilaren 12an egin zuen debuta Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan eta profesional bezala jokatu dituen 22 denboraldietan 14 txapela irabazi ditu hiru txapelketa ofizialetan: lau Buruz Burukoan, zazpi Lau eta Erdikoan, eta hiru gehiago Binakakoan».

Kontratua berritu osteko lehen neurketa larunbat arratsaldean jokatuko du Olaizolak, Azkoitiko Gurea pilotalekuan, Zabaletarekin Artola eta Rezusta liderren aurka.

Une tirabiratsuan

Hala ere, ezin da ukatu Olaizolaren kontratu berritzea une tirabiratsuan iritsi dela. Hain zuzen, Baikok Iosu Eskiroz atzelari gazteari atea itxi eta hurrengo egunean. Gauza jakina da, bertako agintariek halaxe azaldu dutelako, Bilboko enpresak «egokitzapenak» egiteko premia ikusten duela, eta azken egunotako mugimenduek enpresaren eta pilotarien arteko sokatira horren baitan ulertu behar dira nahitaez. Zenbat pilotari eduki enpresan eta zer preziotan, horra hor gatazka ulertzeko gakoa.

Hala ere, pilotazale asko azken erabakien aurka agertu da eta sare sozialetan kritikak ugaritu egin dira, formak egokiak ez direla izan sinetsita.