Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Bost aizkolarik hartuko dute parte bihar Donostiako Urrezko Kopan

Bost aizkolari lehiatuko dira bihar Donostiako Urrezko Kopan (19.30). Txapelketa hori hasi zela 35 urte bete dira eta izen handia hartu du, hortik pasatu baitira tarte horretan garaian garaiko aizkolaririk onenak.

Koronabirusaren aurka neurri zorrotzak hartuta, parte hartuko duten aizkolariak hauek dira: Julen Alberdi Txikia V.a –berriki urrezko aizkolarien finalean garaile izan den azkoitiarra–, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Jon Rekondo eta Iker Vicente.

Lana ohikoa da, hamalauna pago enbor kanaerdiko. Faborito garbirik ez dago baina Iker Vicentek bere nagusitasuna agertu nahi izango du. Urte hau berezi samarra izaten ari den arren, Donostiako zitak ikusmin handia sortzen du zaleengan.

Harri jasotzea Mallabian

Mallabian ere, urteroko usadioari jarraiki, harri jasotzaile sorta ona izango da bihar (17.00). Bi harri erabiliko dituzte: 100 kiloko zilindroa eta pisu bereko bola. Bakoitzarekin bost minutuko txanda izango dute.

Bederatzi indartsu plazaratuko dira: Xabat Olaizola, Mikel Lopetegi Urra, Iraitz Arrruti, Jagoba Otaegi, Josetxu Urrutia, Inhar Urruzuno, Julio Jimenez, Gorka Etxeberria eta Xabier Peñagarikano.

Sokatira Getxon

Getxoko Fadura atletismo zelaian jokatuko da bihar (11.00) lur gaineko sokatira txapelketaren bigarren jardunaldia. Pisu bakoitzeko lehiaketa egun bakar batean egiten da eta bihar 640 kilotakoa jokatuko da. Lau talde neurtuko dira: Getxo, Goiherri, Akelarre eta Mutriku. Gaztedik ez zuen parte hartu 680 kilotan koronabirus positibo bat izan zutelako, eta gaur ere seguruenik ez da egongo.