Ibai AZPARREN
FORTIFIKAZIO FRANKISTAK BERRESKURATZEKO PROGRAMA

BUNKER FRANKISTAK, AHANZTURATIK ERRESKATATUAK

Pirinioetan jo eta su lanean aritu dira 23 gazte boluntario abuztuaren 1etik 15era, frankismoaren bunkerrak aurkitu eta berreskuratzea helburu. Berako Gartzin mendian gotorleku eta zaintza postu bat garbitu dute, Nafarroan eraikitako ehunka postuetako bat.

Gaur amaitu da 23 gazte boluntariok abuztuaren 1etik aurrera Nafarroako Pirinioetan frankismo garaiko bunkerrak aurkitu eta berreskuratzen egindako lana, “Muga gotortua” izeneko gazte boluntariotza ekimenaren baitan. Proiektua Nafarroako Memoriaren Institutuak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatu dute elkarlanean eta Beran garatu da, zehazki Gartzin edo Peña Rata mendiko bunkerrean aritu dira lanean gazteak. Okalarre eta Kataliñenea inguruetan ere egin dituzte indusketa lanak Trama arkeologia kabinetearen laguntzarekin, zehazki Langileen Batailoietan aritutako presoen barrakoiak zeuden inguruetan.

Gartzin mendiko bunkerra, Aitor Elexpuru Berako alkatearen arabera, «berezia» da, «parez pare zulatuta» dagoelako, zaintza lanak egiteko toki bat izan zelako eta mugaren ikuspegi ona eskaintzen duelako. Berako Udalak ere parte hartu du ekimenean, «memoria duten eskolen» programaren baitan. Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuaren zuzendariak azaldu bezala, ikasleei zuzendutako ekimenaren xedea herrialdean dauden «frankismoaren gotorlekuak» berreskuratu eta «memoria hori gazteei helaraztea» da.

Berako proiektua beste leku batzuetan garatutako antzeko ekimenen jarraipena da, Auritz edo Bidankoze kasu. 2018ko udan, adibidez, barrakoi bat berreraiki zuten Bidankozen. Aurten, Beran egin dute lan, 120 metro lineal inguruko bunkerra berreskuratzen. 1939an hasi ziren bunkerra eraikitzen, Francoren Armadak mugan milaka bunker eraikiarazi zituenean, horretarako baliabide kopuru izugarriak bideratuz herritarrek misera pairatzen zuten bitartean. XX. mendeko espainiar fortifikazio lanik handiena izan arren, ikerlari eta historialariek gutxik jorratu dute gaia. Juan Carlos Garcia Funes Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historian doktorea da auzia ikertu duenetako bat, eta uste du gizarteak ez duela kontuan hartu gotorlekuok ekonomian, jendartean eta, batez ere, Pirinioetako herrietan izan zuten eragina. 1939ko martxoan, gerra amaitu baino pixka bat lehenago, dokumentazio militar frankistak jada jasotzen du Pirinioetako mugako 338 kilometroetan zehar ehun «erresistentzia zentro» eraikitzeko egitasmoa. «Gerra amaitzean Armada desagertu egiten dela uste da. Bada, ez, bere botere guztia hedatzen jarraitzen du. Militarrek soilik gerran parte hartu zutela pentsatzeak ondoren diktadura osoan zehar izan zuten pisu izugarria ikusezin bihurtzen du», nabarmendu zuen.

Ildo horretan, Garcia Funesek gogoratu zuen gerra amaiera deklaratzen duen bandoa 1939ko apirilaren 1ekoa den arren, gerra egoerak 1948ra arte jarraitu zuela indarrean. «Datu huts bat baino askoz gehiago da. ‘Gerraostea’ bezala ezagutzen dugu egun garai hori, baina 1939tik Armadak eta militarismoak gizartean izandako papera aztertzen laguntzen digu datu esanguratsu horrek».

Bigarren Mundu Gerra amaitzean, aliatuak zein Frantzian erbesteratutako errepublikanoak Espainian sartuko ziren beldur zen Franco eta horregatik erabaki zuen Pirinioak erabat gotortzea. Gipuzkoatik hasi eta Kataluniako ekialderaino Pirinioetako defentsa antolatzeaz gain, frankistek protektoratu marokoarra eta Gibraltar gotortzeko egitasmoak ere izan zituzten, betiere, «Espainiako mugak babestu nahi izatearen logikaren barruan», Garcia Funesen hitzetan.

Francok milaka preso mobilizatu zituen lanok egitera –gerran zehar ere lan ugari eginak zituzten horietako askok–. Berako sektoreko obrak 14. eta 107. Langileen Batailoiek egin zituzten, 500 eta 721 preso zituztenak hurrenez hurren; horiez gain, noski, ingeniariak eta, nola ez, langileak zelatatzen zituzten militarrak ere bazeuden tartean. Lanok, geroago, soldaduska egitera deitutako gazteek jarraitu zituzten, eta horiek ere bizi eta lan baldintza gogorrak jasan zituzten.

erabilerarik gabeko obra

“Pirinioetako lerroaren” barnean, Nafarroako muga izan zen Armada frankistak gehien gotortu zuenetako bat. Larhun menditik hasi eta Huescara arte, ehunka bunker eraiki zituzten, mendi-mazelak, muinoak eta haranak okupatuz. Aldiz, 50eko hamarkadaren erdialdean Estatu espainiarra nazioarteko komunitatean onartua izan zenean, Pirinioak gotortzeko lanak bertan behera geratu ziren. Horrela, bunker asko ez ziren amaitu eta egindakoak bodega edo eskorta bezala erabili zituzten herritarrek. Beste batzuk sastraka artean ezkutatuta geratu ziren, Gartzin mendikoa kasu. Aurtengo abuztuan, 18 eta 25 urte arteko boluntarioek garbitu, berreskuratu eta dokumentatu duten arte.

EHUn Artearen Historia ikasten duen Adela Gardek historia eta arkeologia gustuko du eta horregatik eman zuen izena programan. Gotorleku frankisten inguruko informazio gehiegi ez dagoela uste du: «Hemengo jendeak soilik du gotorlekuon berri». Historia eta Ondarea ikasten ari den Igor Garzonek ere ez zituen ezagutzen kostalderaino doazen bunkerrok. Interesgarria iruditu zitzaiolako erabaki zuen izena ematea eta, lehen aldia izanik, esperientzia «oso dibertigarria eta ez oso gogorra» izan dela azaldu zuen. Halaber, uste du bunkerrok berreskuratzea garrantzitsua dela: «Ezin da ahaztu presoek derrigortuta egin zituztela lanok. Asko hitz egiten da Auschwitzen inguruan-eta, baina ez hemen gertatutakoez».

Garcia Funesek, ildo horretan, eskertzekoa dela uste du programa giza eskubideen ikuspegitik, eta ez belizismoaren ikuspegitik, bideratzea. Oraindik bunkerrak Armadaren jabetzakoak direla nabarmendu zuen, baina ez dira gotorlekuen kargu egiten. Hori horrela, Berako alkateak azalpen panel batzuk jarriko dituztela iragarri zuen, eta ondare arkeologiko izendatuko dituztela bai bunkerra bai barrakoiak. Berak badu Bunkerren Ibilbidea ere, orain irisgarritasun hobearekin egin daitekeena gainera. Nafarroako Gobernuko programan ere sartuko da.