Asier AIESTARAN
PILOTA

Zaharrak berri Zarautzen, muturren arteko partidan

Artolak eta Rezustak 4-22 hartu dituzte mendean Urrutikoetxea eta Irribarria Aritzbatalde pilotalekuan. Liderrek sendo jarraitzen duten bitartean, sailkapena ixten duen bikoteak sufritzen jarraitzen du.

Iñaki Artola eta Beñat Rezusta horren alai eta fresko jokatzen ikusteak pilotazaleengan sortzen duen pozaren adinakoa da Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria bezalako bi pilotari handi kantxan horrenbeste sufritzen ikusteak ematen duen mina. Beraiek sufritzen dute, eta begira dagoenak ere bai.

Caixabank Masterseko liderrek zazpigarren garaipena lortu zuten atzo Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan oraindik garaipenik gabe dagoen bikoteari 4-22 irabazi ostean. Urdinek ongi jokatu zuten, egia da eta onartu egin behar da, baina gorriek ez zieten inolako oztoporik ipini bidean eta neurketa oso tristea izan zen.

Oztopoak baino, opariak behin eta berriz. Iker Irribarriari galdutako 9 pilota apuntatu genizkion eta Urrutikoetxeari 3. Baina hori bezain kezkagarria da erakusten duten ezina eta elkarren arteko ulermen falta. Pare bat tanto horren erakusle, ia segidan etorri ziren 2-7koa lehenik eta 2-9koa ondoren: bi pilotariak elkarri begira, ulertu ezinik, komunikaziorik gabe.

Eta pena da, frontoira hurbildu zen jendeak pilota gosea erakutsi zuelako politak irten ziren tanto gutxi horietan –gorriek ez zuten tanto bakar bat ere egin, markagailuan batu zituzten laurak urdinek galduak izan ziren, Artolak hiru eta Rezustak bat. Enpresek zerbait pentsatu beharko lukete, ligaxka amaitzeko ia itzuli oso bat falta baita oraindik eta inork ez baitu nahi sufrimendu hau luzatzen jarraitzea.

Jo, eta amaitu

Artola eta Rezusta, bestalde, esne mamitan daude. Atzelaria joko puntu bikainarekin dago eta Zarautzen ere partida benetan ederra jokatu zuen, pilota ongi astinduz –3-12koan pilota errebotera argi sartzera zihoan Irribarria airez sartu ez balitz– eta defentsan ia pilotarik galdu gabe –bakarra apuntatu genion–.

Iñaki Artolak ongi baliatu zuen bere atzelariaren lana eta 7 tanto egin zituen aurrean. Alegiarrak txokoan egindako tanto eder batekin eman zion hasiera neurketari eta erremate ikusgarri batzuk utzi zituen laburpenerako: 2-10ekoa edo 2-11koa, esaterako. Eta hasi bezalaxe amaitu zuen: txapa gainean ongi moztutako pilota batekin lortu zuen 4-21ekoa eta horma-biko neurtu batekin 4-22koa.

Gaur berriz

Ez ziren gehiegi nekatu lau pilotariak, eta hala hobe beraientzat, gaur berriz jokatzen dutelako bi bikoteek. Urrutikoetxeak eta Irribarriak Lekunberrin dute norgehiagoka Bengoetxea VI.a eta Martijaren aurka, eta Artolak eta Rezustak Olaizola II.a eta Zabaletaren kontra jokatu behar dute Azkoitian. Masterseko hirugarren partida bat ere bada gaur, Lekeition, eta han neurtuko direnak, Elezkano II.a eta Mariezkurrena II.a, Altuna II.a eta Ander Imazen kontra.

Igandean osatuko da asteburuko menua beste norgehiagoka interesgarri batekin: Ezkurdia-Aranguren eta Jaka-Albisu nor baino nor Zarautzen.