GARA
LONDRES

Mundu mailako larrialdiaren erdian, aberatsak txertoak metatzen

Richard Hatchett CEPIko (Epidemiei aurre egiteko Prestakuntzarako Berrikuntzen Koalizioa) gerente nagusiak kezka adierazi du covid-19aren aurkako txertoen banaketaren aurrean. Haren lana da banaketa justu bat bermatzea mundu osoan, baina dagoeneko AEBek, Europak eta gainerako herrialde aberatsek bereganatu dituzte eskuragai dauden lehen dosiak.

Pandemia hasi eta zazpi hilabete igaro ondoren, txerto esperimentalen entsegu klinikoak oraindik bukatu gabe, zenbait herrialde garatuk (AEBak, Europar Batasuna, Britainia Handia, Kanada, Japonia) dagoeneko 3.100 milioi dosi inguru enkargatu dituzte, AFPren zenbaketaren arabera.

Lehena Donald Trump izan zen: gutxienez 800 milioi dosi bereganatzeko kontratuak sinatu zituen sei fabrikatzailerekin 330 milioi biztanlerentzat, urte bukaeratik aurrera entregatuko direnak.

«AEBak txerto gehiegi eskuratzeko arriskuan daude, haien inbertsioa jaso duten proiektu guztiek arrakasta badute», nabarmendu du Hatchettek, AFPk egindako elkarrizketan.

Hatchettek adierazi du uler dezakeela buruzagiek beren herritarrei lehentasunezko arreta ematea, baina Washingtoni munduko «lider» gisa jokatu eta bere dosiak beste herrialdeekin partekatzeko eskatu dio, eta hori ez dago momentuz Trumpen planen artean.

«Munduko liderrak konbentzitu behar ditugu: txertoaren dosien hasierako kopuruak mugatuak diren bitartean, mundu mailan partekatu behar dituzte. Ez litzateke gertatu behar herrialde gutxi batzuek 2021eko lehen seihilekoan eskuragai dauden txerto guztiak biltzea», esan du Hatchettek, eta 2009an gertatu zena saihesteko eskatu du, herrialde aberatsek H1N1 gripearen aurkako lehen txertoak erreserbatu baitzituzten.

Kezka bera dute zenbait erakundek. Horregatik, Covax izeneko dispositiboa sortu dute, 2021ean 2.000 milioi dosi erosi eta banaketa justu bat egiteko, Munduko Osasun Erakundearen, CEPIren eta Gavi Txertaketarako Aliantzaren ekimenez.

Hala ere, Covaxek AstraZeneca talde farmazeutikoaren 300 milioi dosi baino ez ditu lortu oraingoz. Talde horrek banan-banan sinatu ditu kontratuak AEB, Europa, Hego Korea, Txina, Brasil eta Latinoamerikako herrialdeekin.

Donazio publiko eta pribatuekin (Gates Fundazioarenak barne) finantzatzen den CEPIren eta laborategien arteko negoziazioak abian daude, baina ez da akordio berririk izan, ezta Modernarekin ere, horretan goiz inbertitu bazuen ere.