Andoni ARABAOLAZA
MONT BLANC

«Divine Providence» ikonikoanbeste igoera libre bat egin dute

Javi Guzman eta Mikel Zabalza izan dira protagonistak. Iruindarrak Pilier d´Anglen dagoen marra hirugarren saiakeran igotzea lortu du.

“Divine Providence” bideak leku berezia du Mont Blanceko Pilier d´Anglen. Sona handia izateaz gain, marra ikoniko horrek aura berezia du. Haren ezaugarriak ikusita, ez dago zalantzarik: Alpeetako mendi garaieneko biderik zailena eta arriskutsuena da. 1.500 metroko ibilbidea du, eta 900 metroko horma tentean eskalada gogorra eskatzen du. Luze zailenak 7b+ zailtasuna du, eta halabeharrez 7a mailako tarte bat gainditu behar da. Gainera, kontuan hartu behar da zailtasun tekniko horiek 4.000 metrotik gora daudela.

Datu objektibo horiek guztiek alpinista sasoikoenetariko asko erakartzen dituzte. Euskal alpinistei dagokienez, Mikel Zabalzak amets hori aspalditik izan du. 2003. urtean, bakarka aurkeztu zen pilare enblematiko horren aurrean. Zoritxarrez, ezbehar baten ondorioz, betaurrekoak galdu eta erretiratzea erabaki zuen. Izan ere, itsu geratzeko arrisku handia zuen. Gerora, berriro itzuli zen, eta Angel anaiarekin batera soka gerrira lotu zuen. Orduan ere ez zuten batere zorterik izan; izan ere, urte lehorra izan zen eta paretaren goi aldetik arroka asko erortzen zen. Arrisku hori saihestu ahal izateko, jarduna bertan behera utzi zuten. Jaitsiera oso arriskutsu bati ekin zioten.

Iragan uztailaren amaieran, nafar alpinistak “Divine Providence” bideari hirugarren bisita egin zion. Eta hirugarrenean asmatu egin du. Javi Guzman sokakide izan zuen, eta azken jardun horretan, bederen, oparia izan du. Bai, eskalada osoa era askean biribildu zuen kordada horrek. Zailtasunean klasikoa bihurtu den proposamen horrek bisita “ugari” jaso ditu, baina luze guztiak librean igotzea oso talde gutxik erdietsi dute. Ohore hori dutenak hamar kordada baino gutxiago dira, tartean Guzmanek eta Zabalzak osatua.

“Divine Providence” neurri handiko proiektua denez, protagonistok hiru eguneko jarduna egin zuten. Ohi den legez, lehen gaua Fourche izeneko aterpean igaro zuten. Biharamunean, berriz, glaziar arriskutsua zeharkatu eta hormaren oinarrira heldu ziren. Lehen metroak zailak ez direnez, ensanblean eta botekin egin zituzten. Modu batera edo bestera esanda, alpinistok saltsan bete-betean sartuta zeuden. Nahiz eta eguraldiaren iragarpenek ez adierazi, elur malutak agertu ziren. Hori gutxi ez, eta ohartu ziren sokak akats bat zuela; ziur aski kranpoi batek eraginda. Esparatrapuarekin konpondu zuten.

Bidearen sarrerara azkar heltzeko, “Bonatti” marratik sartu ziren. Pareta tentetu zen unean, Guzmanek eta Zabalzak soka gerrira lotu zuten: «Ibilbidea nahiko nahasia zen, eta bazirudien une jakin batzuetan galduta geundela. Gainera, arroka nahiko puskatuta zegoen. Alabaina, 6b mailako luze batzuk eskalatu genituen. Ez zen batere samurra izan, besteak beste, bizkar zakuek hamabi kiloko pisua baitzuten. 400 metro horiek igo eta gero, benetako zailtasun teknikoak dituen murruaren oinarrira iritsi ginen. Bidearen zatirik ederrena han hasten da. Bederatzi luze: gogorrak baino gogorragoak. Lo egin behar genuen erlaitzean hidratatu eta atseden pixka bat hartu ondoren, lehen bi luzeak (6b eta 7a) eskalatu, soka finkoa jarri eta bibakera jaitsi ginen».

Benetako ordua

“Divine Providence” era askean igo nahi zutenez, logistikak garrantzi handia hartu zuen. Aurretik, beraz, bederatzi luze eta 300 metro zituzten. Eta gogorarazi behar dugu tartean 7b+ mailako luze bat. Bigarren eskalada egunean eguzkia lagun izan zuten. Gogotsu zeuden.

Lehentasuna librean igotzea zenez, kordadaren buruak arin behar zuen joan. Petate batean pisu gehien sartu zuten, eta 7,3 milimetroko soka batekin igotzen zuten. Eskalatzeko, berriz, 9 milimetroko soka (akatsa zuena) erabili zuten.

Goizeko bostetan lehen urratsak egin zituzten. 4.000 metroko kotan ziren, eta bidearen luze zailenak zituzten aurretik. Zabalzak aurreratu digu eskalada oso bertikala izateaz gain, asko eskatzen duela: «Lehen luze horien ardura Javik hartu zuen. Laugarrenak 7a+ zailtasuna du, eta bosgarrenak 7b+. Azken hori 35 metrokoa da, eroria duena, fisikoa eta zailtasunean iraunkorra. Zazpigarren mailako azken luzean (7a/+), berriz, ni jarri nintzen aurrean. Era askean igotzeko oso motibatua irten nintzen. Luze horrek duen sabaiari ekin nion. Hura gainditu ondoren, eskalada lasaitu egiten da. Eta hain justu puntu horretan izan nuen erorikoa. Antza denez, oin batek irrist egin zidan. Zortzi metroko erorikoa izan zen, baina ez nuen min hartu. Susto txiki bat izan zen».

Ezbehar horren ostean, beste bat izan zuten. Pisu handia zuen bizkar zakua igotzen ari zirela, piolet bat amildegitik erori zitzaien: «Burura etorri zitzaidan lehen esaldia honakoa izan zen: kaka zaharra! Jakin bagenekien oraindik Peutereyko ertza aurretik genuela. Zailtasun gogorrenak gainditu eta oraindik hormatzarraren gailurrera (4.250 m) heltzeko mistoko 250 metroko sekzioa genuen. Bero egin zuenez, elurraren baldintzak oso eskasak ziren. Hiru piolet eraman genituen: bi arin eta tekniko bat. Eta arin horietako bat galdu genuen. Egoera aztertu eta ertza baldintza egokietan eskalatu nahi genuenez, bigarren bibaka prestatzen hasi ginen. Apenas janaririk genuen, baina erabakia zuzena izan zen. Hirugarren eta azken eskalada eguna gogorra izan zen. Bederatziak baino lehen Mont Blanceko gailurrean ginen. Erabat lainotuta zegoen, eta haizearen indarra 70 kilometro ordukoa zen. Ordubete geroago, Gouter-eko aterpera iritsi ginen. Kafea hartu eta elkar besarkatu genuen».

Patrick Gabarrou eta Francois Marsigny frantziarrek “Divine Providence” bidea zabaldu zutenean (1984) 6c/A3 zailtasuna jarri zioten. Denis Burdet suitzarrak puntu gorria jarri eta 7c bezala aurkeztu zuen. Gaur egun, berriz, 7b+ zailtasun mailan geratu da. Protagonistok argi dute bide horretan bizi izan dutena eskarmentu arras ederra izan dela. Gogorra, baina erabat bete ditu. Zabalzak honakoa gehitu du: «Duela 17 urte hasi zen amets bat izan da “Divine Providence”. Erabat osatu ez zen zauri txiki bat itxi dut».