Manu Urbieta, Maite Lizaso eta beste 65 sinatzaile*
Garai Berriak kandidaturaren babes taldea
KOLABORAZIOA

Aldaketa garaia

Hauteskundeak izango dira aurten Gipuzkoako Futbol Federazioan. Horrela dio, behintzat, araudiak. 32 urte daramatza presidente Juan Luis Larreak, eta herrialdeko futbolak beste jantzi bat behar du. Hainbat esparrutan aldaketak gauzatzeko garaia da.

Aginte eredu bertikala baino, horizontala da egokiagoa. Eragile guztien artean osatu eta antolatu behar da Gipuzkoako futbola. Goitik beherakoa baino, parez parekoa behar du izan harreman sareak, eta behekoak oinarrian direla, azpian izan beharrean. Azpikoa ez baita ikusten, gainekoen zama astuna gainetik kendu ezinda. Oinarrian jokalariek behar dute egon, haiena delako futbola, norbaitena izatekotan. Erdigunean egon behar dute lurraldeko futbolaren antolaketa berrian.

Jokalaririk gabe ez dago klubik, eta klubik gabe alferrik dira jokalariak. Ezin dira bakartuta utzi, ezin da haiengana gerturatu hauteskundeak tokatzen direnean bakarrik hainbat promesarekin. Laguntza behar izaten dute, era guztietakoa, eta ez soilik azpiegiturei dagokiena edo materialarena. Laguntzarik onena maitasuna sentiaraztea da, maitatuak direla sentitzea, ezinbesteko direla sentiaraztea, eta, zelai horretan, kluben parte-hartzeari indarra eta lekua eman behar zaie. Ez du mugarik zelai horrek, ez du neurririk.

Mugagabea da klubek egiten duten lana. Ez da futbolera bakarrik mugatzen. Emaitzen diktadurak zulatu egin du baloia futbolean, eta ez elitean bakarrik. Baita herrietako jardunean ere. Ezin da emaitzen atzean ezkutuan utzi hainbat eta hainbat lagunek musu-truk egiten duten lana herrietako futbola hil ez dadin. Gizarte lan handia egiten dute klubek, eta lehiaz harago begiratu beharra dago lan horri bultzada, babesa eta ikusgarritasuna emateko. Futbolaren beste aurpegia da hori, azaltzen ez dena, lehiak zanpatua duena, eta nahi bada futbolaren irudi ilunenari argia eman, kluben gizarteko lana hauspotu beharra dago.

Ezkutuan geratzen den horri argia ematea gardentasun ariketa osasungarria litzateke. Baita agintean 32 urte daraman agintariari ere ordezkoa aurkitzea. Baina ez izenak eta abizenak bakarrik aldatuz. Urrunagoa eta sakonagoa izan behar du eraldaketak, aipatu ditugun arloetan eta beste askotan. Futbola eta formazioa baloi beraren parte dira; ez daude bat alde batean eta bestea, bestean.

Entrenatzaileek hazten segitu behar dute, eta ez kopuruz bakarrik. Kalitatea behar du hezkuntzak, eta kalitate hori ikasketa ereduan eta egutegien malgutasunean gauza daiteke, adibidez. Zer esanik ez, hizkuntzaren esparruan. Euskara zelaitik kanpo dago hezkuntzan, eta lekua egin behar zaio soropilean. Epaileen kasuan ere, beste hainbeste. Aztertu, sakondu eta landu beharreko gaia da hori ere.

Gizarte eragile garrantzitsua da futbola, eta daukan oihartzun handiarekin, eraldatzaile ere bada. Emakumezkoen futbola gero eta indar handiagoa hartzen ari da, baina indar horren ahultasuna edo gizonezkoen aldean daukan txikitasuna ere hor dago oraindik. Bada lanik horretan ere, eta beste batzuek hartzen dituzten neurriak bere horretan ezartzea ez da nahikoa. Sakoneko azterketa behar du, babesa, eta jakina, emakumezkoek egon behar dute erdigunean, erabakiak hausnartzen, pentsatzen eta erabakitzen. Ezin dute gizonezkoek hartzen dituzten erabakien ikusle izan. Genero berdintasunean, futbola eragile handia izan daiteke, eta indar horren balioari hauspoa eman behar zaio.

Zer esanik ez, Euskal Selekzioari. Federazioak oinarri sendoa izan behar du lan horretan. Ez da nahikoa urtean behin lagunarteko partidak antolatzea eta argazkian ateratzea. Askoz sakonagoa da lana, eta gai horren inguruko erabakiguneetan ahotsa eta indarra eskuratu behar ditu Gipuzkoako federazioak ere. Agente aktiboa izatea tokatzen zaio horretan ere, lurraldean gai horri haizea ematea ere badagokio, sarea hedatuz gure futbola osatzen duten eragile guztien artean.

Bada lanik Gipuzkoako futbolean ere. Eta ezin du bakarrik izan txapelketak eta partidak antolatzea. Inertzia horretan ibili da federazioa urteetan, eta jakina ezinbesteko lana ere badela hori, baina partidak edukiz betetzea ere badagokio. Futbolari arropa berriak janztea. Barrura begiratu, azterketa sakona egin eta, ausardiaz, aldaketak proposatzea. Hasieran esan dugun bezala, eragile guztiekin elkarlanean, elkar hartuta, talde sendo baten gisa, eragile bat bestea baino gehiago izan gabe. Beste arduradun batzuekin, bestelako futbola posible dela frogatu beharko du Gipuzkoako futbolak.

* Sinatzaileak: Luis Martin Sukia, Andoni Azkargorta, Laura Gomez, Mikel Labaka, Gurutze Fernandez, Martin Begiristain, Igor San Miguel, Lierni Oyaga, Jose Javier Barkero, Patri Espinar, Iker Sarriegi, Iker Dorronsoro “Triki”, Maialen Zelaya, Jose Luis Ribera, Elisabet Enciso, German Zudaire, Marina Agüoes, Igor Arenaza, Estibaliz Bajo, Jose Manuel Luluaga, Igor Jauregi, Eguzkiñe Peña, Iosu Sarriegi, Eli Capa, Jon Altuna, Mikel Etxabe, Maria Goñi, Mikel Arregi, Fermin Yerobi, Araitz Etxabe, Aitor Huegun, Jon Irureta, Iñaki Eskisabel, Nerea Eizagirre, Beñat Larrañaga, Hodei Tena, Pablo Turrillas, Ander Avellaneda, Onintza Ayestaran, Xabier Artetxe, Aritz Lujanbio, Jon Muruamendiaraz, Lore Gurrea, Jon Irazustabarrena, Oihane Ucin, Ihintza Iturri, Josu Zubia, Mikel Azkoiti, Eneritz Garate, Iraide Eizagirre, Alain Eizmendi, Jone Bastida, Igor Quindos, Amaia Iturralde, Jagoba Beobide, Ainhoa Bereziartua, Joane Korta, Aitor Manterola, Ane Balentziaga, Mario Capelete, Malen Astigarraga, Juan Mari Serrano, Eneritz Landa, Txema Fraile eta Ane Borda.