Maitane ALDANONDO
URRETXU

Gorazarre doinu eta hitzak euskal koblakari esanguratsuenari

Nahi bezala ez bada ere, Urretxuko herriak Joxe Mari Iparragirre omentzen jarraituko du datozen asteetan. Bardoaren irudia eta bizipenak ezagutarazteko jardueren artean, bere ekarpen nagusia izan ziren kantuek leku berezia dute.

Joxe Mari Iparragirre jaio zela bi mende bete ziren abuztuaren 12an eta urteurrena hamaika ekimenekin ospatu nahi zuten urretxuarrek. Iparragirre 2020 programa atondua zuten, baina koronabirusak jarduera asko bertan behera uztera edo atzeratzera behartu du. Hala ere, herrikide ezaguna gogoratzeko zenbait jarduerari eutsi diete.

Aurreikusitakoa baino sei hilabete geroago helduko da horietako bat, gaur bertan. Labeaga aretoko oholtza gainean “Iparragirre: Bihotzeko Jose Mari” ikuskizuna eskainiko dute. Iparragirreren bizitzako emakume esanguratsuen bidez, musikariaren bizipenak eta garaiko gertaera nagusietako batzuk errepasatuko dituzte. Ainara Ortega, Ane Gabarain eta Joli Paskualena aktoreek gorpuztuko dituzte ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alabak… Haiek bardoari idatzitako fikziozko gutunak izango dira kontakizunaren haria, bere kanta ezagunekin tartekatuta. Gutunak Aizpea Goenagak, Arantxa Iturbek eta Iñigo Legorburuk sortu dituzte.

Kontzertu eszenikoa Bilboko Loraldia kultur elkarteak, Tanttaka antzerki taldeak eta Demode Quartet musika laukoteak elkarlanean eratu dute, Urretxuko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta. Martxoaren 10ean antzeztu behar zuten Labeagan, biharamunean Bilboko Arriaga antzokian egindako estreinaldiaren aurretik; baina herrian atzemandako koronabirus kasuaren ondorioz, bertan behera utzi zuten. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da eta sarrerak aretoan bertan salgai egongo dira 5 euroan.

Bihar, aldiz, Gorka Hermosa akordeoi jotzaile urretxuarrak Iparragirreren melodia ezagunekin osatu duen “Urretxutik Mundura” obra estreinakoz joko du Donostiako Trinitate plazan. Emanaldian berarekin ariko dira Jon Maia bertsolaria, Jesus Prieto, Blanchard Strings eta Easo Abesbatza. Bigarren zatian, berriz, Gontzal Mendibilek omenduaren kanta ezagunak abestuko ditu.

Sorlekuko aztarnen bidea

XIX. mendeko historiako unerik esanguratsuenak bizi izan zituen Iparragirrek, hala nola, gerrak, erbestea eta migrazioa. Ospea, ordea, euskal kulturaren parte diren kantek eman zioten; horien artean, “Gernikako Arbola” da aipatuena, nahiz eta ez zuen berak sortu. Doinua Blas Altuna pianistak idatzi zuen, eta hitzak, Jose Miguel Arrieta Maskaruak. Edonola ere, Iparragirreri atxiki zaio. Horregatik, bigarren mendeurren honetan, Euskal Herriko ereserki izatea eskatu zuten hainbat euskal musikarik. Sorlekuan, berriz, kantaren partitura eta bere irudia margotu dituzte jaio zen kalean.

Datozen asteetan Iparragirrek Urretxurekin duen loturan sakontzeko beste jarduera batzuk gauzatuko dituzte. Gustagarriena, urriaren 4an eta 25ean egingo dituzten igande gastrokulturalak dira. Eguerdian, Alde Zaharreko Aldapa, Goiko Kale, Ezkurra eta Navarro tabernek XIX. mendean herriak zuen giroa berreskuratuko dute, garaiko argazki eta abestiekin. Bertaratzen direnek haren omenez egindako pintxoa dastatzeko aukera izango dute.

Egun horietan, gainera, bisita gidatu bana gauzatuko dute. Urriaren 4an bere izena eta estatua duen plazatik irtenda, musikariaren haurtzaroari lotutako guneetan barrena joango dira partaideak, haren bizitzaren berri duten bitartean. Urriaren 2a baino lehen eman behar da izena, 3 euro ordainduta. Urriaren 25ean, berriz, bisita nork bere kabuz egiteko aukera izango da. Horretarako udaleko webgunetik planoa eskuratu eta QRdun plakak dituzten herriko guneetara jo beharko dute.