D.L.
washington

AEBetako mendebaldeko kostaldean, sute «historikoen» izugarrizko txikizioa

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) mendebaldeko kostaldean piztuta dauden dozenaka suteek gutxienez 15 hildako eragin dituzte. Ehunka mila biztanle etxetik kanpo daude Kalifornia, Oregon eta Washingtongo estatuetan.

11 hildako zenbatu dituzte Kalifornian; 3, Washingtonen –urtebeteko haurra, 12 urteko mutikoa eta amona– eta beste bat, Oregonen.

Kaliforniako Suteen aurkako Departamentuak adierazi duenez, August Complex-en den suteak estatuak bere gertuko historian pairatu duen handiena da.

Sute hau, Mendocinoko baso babestuan aurrera doana, tximista batek eragin zuen joan den abuztuaren 17an. Ordutik hona 190.700 hektarea erre ditu eta pertsona bat hil du. Gaur arte, sutearen %24 baino ez dute itzali suhiltzaileek.

Urterik txarrena

Ez da sute honen zoritxarreko errekor bakarra. Izan ere, urte batean erre den azalerarik handiena galdu da aurten (900.000 hektarea). Gainera, oraindik irail erdian gaude eta kontuan izan behar da azken urteetan Kalifornian sute sasoirik txarrena urrian eta azaroan izaten dela. Okerrena iristeko dago, beraz.

Kaliforniaz aparte, mendebaldeko kostaldeko beste estatuak, Washington eta Oregon, sute andana pairatzen ari dira aurreko asteburuan izan zen bero izugarriaren (toki askotan 40 gradutik gora jaso dira) eta lehortearen eraginez.

Oregonen, Almeda Drive-n suteak ehunka mila pertsona aterarazi ditu etxetik (85.000 biztanle dituen Medford herriko biztanle guztiak) eta 600 etxe guztiz suntsitu ditu. Izugarrizko txikizioa, beraz.

Medfordetik 360 kilometro hegoalderantz, North Complex-en suteak 20.000 pertsona ebakuatzera behartu du. Eskualde honetan izan zen, 2018an, historiako suterik hilgarriena. 85 pertsona hil ziren orduan eta Paradise herria errauts azpian desagertu zen.

Haize ufadak suteak abiadan hedatzen ari dira eta suhiltzaileen koordinazioa eta lan baldintzak oso txarrak dira. Ez da espero, gainera, haize horiek epe laburrean ahultzea.

Irudi izugarriak

Herrialde osoan kea da nagusi zeruan eta egundoko irudiak utzi ditu San Frantziskoko Badian. Kea behe-lainoarekin nahastu zen eta zeruak laranja biziko kolorea hartu zuen, inoiz ikusi gabea.