GARA
DOHA

Su etena, talibanen eta Kabulen arteko eztabaiden erdigunean

Larunbatean hasitako negoziazioek jarraipena izan zuten atzo Dohan. Afganistango Gobernuak eta talibanek ibilbide luzea dute adostasun batera iritsi ahal izateko, asko baitira erronkak eta iritzi kontrajarriak. Atzo, Gobernuaren negoziatzaile buru eta lehen ministro ohi Abdula Abulak biolentzia nabarmen murriztea eskatu zuen eta su etenaren gaia agendaren erdigunean egongo dela esan zuen.

«Su etena afganistandar guztion aldarrikapen bat da eta ziur nago bi ordezkaritzak gaiaz mintzatuko direla», adierazi zuen Adiskidetze Nazionalerako Goi Batzordeko presidenteak. Haren hitzetan, hori lortzeko lehenengo urratsa «biolentzia maila» jaistea da. Horrek su eten humanitario bat ahalbidetuko lukeela gaineratu zuen. Azken pausoa behin betiko su eten bat izango litzateke.

«Oker handia izango litzateke pentsatzea biktima gehiago eraginda herritarren bake nahia handituko dela. Garaipena ez da gerraren bidez lortuko», esan zuen.

Otsailaren 29an, Ameriketako Estatu Batuek eta talibanek Dohan sinatu zuten akordioaz geroztik 1.200 afganistandar hil dituztela eta beste 15.000 zauritu egon direla deitoratu zuen.

Bi aldeen arteko desadostasunak ez dituztela egun batetik bestera gaindituko aitortu zuen. Talibanekin bat egin zuen puntu batean: negoziazio mahaian ez dute atzerritarrek egon behar. Hala ere, prozesuak aurrera jarraitu ahala, uneren batean atzerriko aholkulari baten beharra izan dezaketela gaineratu zuen. Momentuz, talibanek ez dute deus ere esan su eten baten inguruan. Larunbatean, negoziazioen hasieran, argi utzi zuten Afganistan estatu islamiko bat izatea nahi dutela.